Espainiako Gobernuak astearte honetan onartuko du 10 eguneko baimena senide baten heriotzagatik
Araudiak, halaber, lanaldia murrizteko edo egokitzeko aukera emango die zainketa aringarrietan dagoen senide bati laguntzen dioten pertsonei, azken egunetan haren ondoan egoteko aukera izan dezaten.
Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak errege lege-dekretu bat onartuko du astearte honetan, ezkontidea, izatezko bikotekidea, gurasoak edo seme-alabak hiltzen direnean 10 laneguneko baimena aitortzeko. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak astelehen honetan iragarri du neurria.
X sare sozialean argitaratutako mezu batean, Sanchezek azaldu du araudiak lanaldia murrizteko edo egokitzeko aukera ere emango diela zainketa aringarrietan dagoen senide bati laguntzen dieten langileei, azken egunetan haren ondoan egoteko aukera izan dezaten.
Sanchezek eta Yolanda Díaz bigarren presidenteorde eta Lan eta Ekonomia Sozialeko ministroak sinatutako gutun batean, Espainiako Gobernuak azpimarratu du orain arte Espainiako legediak astelehen batean gertuko pertsona bat galtzen zuen langile bat ostegunean lanera itzultzera behartzen zuela, "mina bere horretan zuela, izapideak konpondu gabe eta lehengoa ez zen etxe batekin".
"Hori gaur amaitzen da", dio testuak. Horrez gainera, lanaldia murrizteko aukera emanda, Gobernuaren arabera, inork ez du aukeratu beharko bere lanaren eta senide baten azken uneetan hari "eskutik heltzearen" artean.
Gobernuaren ustez, neurri horri esker, Espainia Europako beste herrialde batzuetako babes-estandarretara hurbilduko da, eta denbora gehiago emango die galera bat bizi dutenei doluari aurre egiteko.
"Lege batek ez du galeraren mina konpontzen, baina gaur onartzen dugun arauarekin, sufritzen duenari denbora gehiago ematen diogu suspertu dadin", dio gutunak.