Espainiako Gobernua etxebizitza dekretuak asteartean onartzekotan dago
Parlamentua deseginda, Diputazio Iraunkorrean onartu nahi ditu, gehiengoa baitu dekretu orokorra ateratzeko. Hala ere, ezingo luke alokairu kontratuak berritzearen gainekoa onetsi, EAJren kontrako botoa dela eta.
Espainiako Gobernuak etxebizitzari buruzko lege-dekretuak onartuko ditu berriro Ministroen Kontseiluak astearte honetan egingo duen bileran.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskundeak azaroaren 29ra aurreratu ostean, Gobernuko iturriek adierazi dute dekretuak onartzeko asmoa dutela.
Onartzen badira, Parlamentuak hilabeteko epean onartu beharko dtu, eta desegingo denez, Diputazio Iraunkorrak izango du horretarako ahalmena.
Organo horrek Kongresuko osoko bilkuraren ordezkoaren rola betetzen du, funtzio jakin eta berezi batzuk ez daitezen arretarik gabe geratu ganbera desegin denean edo haren agintaldia amaitu denean.
Kongresuko osoko bilkuran ez bezala, Gobernuak gehiengo nahikoa izango luke Diputazio Iraunkorrean aurreko astean bertan behera geratu ziren bi dekretuetako bat gutxienez onartzeko, Juntsen botoa ez litzatekeelako beharrezkoa izango.
68 diputatuk osatzen dute Diputazio Iraunkorra, gehi Francina Armengol Kongresuaren presidenteak: 27, PPk; 24, PSOEk (Armengolekin 25 dira); 6, Voxek; 6, Sumarrek, eta bana, ERCk, EAJk, Juntsek, Bilduk eta Mistoak (Podemos).
Banaketa horrekin, taldeen botoak mantenduko balira, etxebizitzaren arloko neurri gehienak jasotzen zituen dekretua aurrera atera ahal izango litzateke.
Orduan babesa eman zuten alderdien botoak 35 izango lirateke, eta 34, PP, Vox eta Juntsenak.
Bigarren dekretuaren kasuan, hau da, alokairuak automatikoki berrtzea aurreikusten duenarenean, EAJk berriro kontra bozkatu balu, ez litzateke aurrera aterako.