Sanchezek egin ez dituenak: 2027ko aurrekontuak onartu, Estatutua bete eta hainbat lege izapidetzen amaitu
Zenbait arau onartu gabe geratu dira, hala nola, gutxieneko soldataren igoera berria, indarkeria bikarioaren eta familien legeak. Datorren urterako aurrekontu proiektua egitekoen zerrendan zeukan Espainiako Gobernuak, baita EAEren esku geratu behar ziren hainbat transferentzia ere.
Arlo sozialeko dozena bat lege kolokan geratu dira. Argazkia: Canva
Pedro Sanchezek gobernuburuak hauteskundeen deialdia eginda, Espainiako Gorteak desegingo dituzte, eta hala, Kongresuan izapidetzen ari ziren edo koalizio gobernuak esku artean zituen hainbat lege egitasmo loka geratu dira. Aurrerapena tarteko, legealdia aurrekontuak izan barik geratuko da, lehen aldiz.
EAEri dagokionez, Gernikako Estatutua osorik betetzeko promesa ere bidean geratu da. Azken hilabeteotan, tenkatua zegoen Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko hartu-emana, egiteke dauden transferentziak direla eta. Bi gobernuak bitariko batzordearen baitan biltzekotan ziren uda ostean, baina hauteskunde deialdiak ezerezean utzi du hitzordua. Eskualdaketetan bi gai korapilotsu daude oraindik mahai gainean: Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eta Bilboko eta Pasaiako portuen auzia.
Aurrekonturik gabe
XV. legealdia Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu gabe bukatu da. Betebehar konstituzionala da urtero aurrekontu proiektua onartzea, baina arlo horretan ezinean ibili da Sanchezen gobernua: 2023ko kontuak luzatu eta luzatu ibili da, egoera ekonomiko ezberdinetara moldatzeko doikuntzak jasota.
Onartu bako lege eta dekretuak
Kongresuak atzera botatako etxebizitza dekretuak izan dira koalizio gobernuaren "akabera". Exekutiboak iragarri du bihar bi dekretuok berriro onartuko dituela (moldatuta bada ere), baina ez da ziurra Diputazio Iraunkorrean biak aurrera aterako direnik. Behe Ganberan ez bezala, organo honetan bestelako gehiengoak daude, eta Juntsen botoak ez dira beharrezkoak. Dena dela, EAJk bereari tinko eutsiko balio, bigarren dekretua, alokairu mugagabeena, ez litzateke onartuko.
Arlo honetan oposizioak aurkeztutako beste lege proposamen batzuk ere bidean geratuko dira. Adibidez, legez kanpoko pisu turistikoen publizitatea kontrolatzeko aurkeztutakoa (EH Bildurena), eta aldi baterako zein logelako alokairuak arautzekoa (Sumar, ERC, EH Bildu, Podemos eta BNG taldeek proposatutakoa).
Lan esparruan, ikuskizun dago lanbidearteko gutxieneko soldata eguneratzeko aukera dagoen, gobernuak errege dekretu bidez onar dezake eta. Dena dela, normalena da gobernu berriak erabakitzea 2027ko gutxieneko soldataren zenbatekoa. Bekadunaren Estatutua, aldiz, ez da arau bihurtuko, izapidetzen baitzegoen.
Gizarte arloko hainbat lege ugari burutu ezinda geratuko dira. Indarkeria bikarioaren legea da horietako bat. Aitek seme-alaben kontra erabilitako bortxa astungarri bihurtu nahi zuen arauak, eta zigortutako gizon matxistei guraso ahala kentzea. Giza salerosketaren kontrako legea ere bidean geratuko da, baita abortua blindatzeko Konstituzioaren erreforma ere.
Familien eta Gazteriaren legeak —16 urtetik gorakoei boto eskubidea ematen ziena— dira onartu barik utzitako beste bi. 16 urtez azpikoei sare sozialetan sartzea mugatu behar zuen lege proiektua ere kolokan geratu da.
Internet eta adimen artifizialarekin lotutako beste egitasmo bat ere etenda utzi du hauteskunde aurrerapenak. Ohorea, norberaren eta familiaren intimitatea babesteko lege organikoak adimen artifizialarekin egindako irudiak arautu behar zituen, baita deepfakes delakoak ere.
Espainia Europako araura moldatu behar zen atzerritartasunaren alorrean, baina hori ere egitekoen zerrenda geratu da.
Legeoz gain, Kongresuan abiatzekoak ziren hainbat ikerketa batzorde hutsean geratu dira: Valentziako goialdeko depresioaren kudeaketa ikertzekoa, Pegasus espiatzeko programarena, Kataluniako atentatu jihadistena eta 2025eko itzalaldiarena.
Transferentziak eskualdatzeke
Legealdia abiatu zenean Gernikako Estatutuak aitortutako eskumenak 2025 amaierarako transferitzeko konpromisoa hartu zuen, idatziz, Pedro Sanchez presidenteak. Emandako hitza bete ez, baina 2026a bost transferentzia sinatuta hasi zuen Espainiako Gobernuak. Martxoan, EAEko aireportuen aldebiko kudeaketa hitzeman zuten bi gobernuek. Azken eskualdatzeak ekainean egin zituzten.
Udan, baina, dezente ozpindu ziren Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren harremanak, eta Sanchezek eta Pradalesek uztailean egitekoa zuten aldebiko batzordea atzeratzea erabaki zuten. Uda ostean ez dute batzarrik egin. Dozena bat transferentzia daude gauzatu barik, tartean bi korapilo handi samar: Gizarte Segurantzaren kudeaketa ekonomikoa eta Bilboko eta Pasaiako portuen ardura.