Eskualdatzeke dauden transferentziak: zeintzuk dira eta zertan dira negoziazioak?
Ostiral honetan gauzatu diren bost eskualdaketez harago, Autonomia Estatutuak aitortutako beste 15 transferentzia falta ditu EAEk. Eskumenen nahas-mahasean ez galtzeko, honatx egin gabekoen zerrenda gaurkotua.
46 urte badira Gernikako Autonomia Estatutua onartu zela, baina, gaur-gaurkoz, osorik bete gabe dago araua. 1979 urrun hartan jasotako eskumen zerrenda luzean, eta ostiral honetan eskualdatu diren bost eskumenak alde batera utzita, oraindik 15 dira Eusko Jaurlaritzaren esku geratzeko zain daudenak 1979ko konpromisoak betetzeko.
Honako hauek dira eskualdatzeke dauden transferentziak, arloka sailkatuta:
Gizarte Segurantza
Zalantzarik gabe, eskumen delikatu eta konplexuenetako bat, konplexuena ez bada. Horren ondorioz, eskualdatzea zatika egitea adostu zuten bi gobernuek. Lehen pausoa ostiral honetan eman da, ordaindutakoaren araberakoak ez diren prestazioak eta eskola aseguruak eskualdatuta.
1) Mutua laguntzaileak
Eusko Jaurlaritzak bere gain hartuko luke mutualitate laguntzaileen (laneko mutualitateak) zuzendaritza eta tutoretza. Transferentzia hori eskualdatzeko Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrerarena litzateke oinarri, antzeko molde eta finantzazio eredua jarraitu nahiko bailuke Jaurlaritzak.
2) Laneko eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritza
Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren eskumena handitzea da kontua —berez, 2011n transferitu zen—, baina ez daude jasota ordutik eskualdatu diren prestazioen kontrola.
3) Gizarte Segurantzako kotizazio bidezko prestazioak eta Itsasoko Gizarte Institutua
Ordaindutakoaren araberako prestazio gehienak transferitzea falta da, hau da, erretirokoak, ezintasun iraunkorrarengatik jasotakoa, umezurtz-pentsioa eta alargun-pentsioak Horiek denak Espainiako Gobernuaren esku daude oraindik.
Gainera, Gernikako Estatutuak Itsasoko Gizarte Institutua Jaurlaritzaren esku geratzea aurreikusten du. Erakunde horri dagokio arrantzaleen araubide bereziko prestazioak kudeatzea, baita itsasoko eta arrantzako sektoreari eragiten dioten beste gai batzuk ere.
4) Soldatak Bermatzeko Funtsa
Estatutuaren arabera, Soldatak Bermatzeko Funtsa (FOGASA, gaztelerazko sigletan) kudeatzea Euskadiri dagokio. Erakunde hori arduratzen da langileei ordaintzeke dauden soldatak eta kalte-ordainak pagatzeaz, enpresa bat kaudimengabe edo hartzekodunen konkurtsoan badago.
5) Gizarte Segurantzaren araubide ekonomikoaren kudeaketa
Eskumen honen korapilo handienetakoa da, askatzen zailena. Horren lekuko, urteotan gehien katramilatu den negoziazioa izan da. Estatutuak berak jasotzen duenez, esku aldaketa 'kutxa bakarra' hautsi gabe eta elkartasun printzipioa errespetatuta egin behar da. Transferituz gero, Jaurlaritzak bere gain hartuko du enpresak inskribatu eta zehatzeko ahalmena, baina baita langileen afiliazioa, kotizazioaren kudeaketa eta kuoten kontrola eta geroratzea.
Azpiegiturak
6) Portuak
Jaurlaritzak iazko apirilean hartu zuen bere gain itsasertzaren kudeaketa eta antolamenduaren eskumena. Horren arabera, Bilboko eta Pasaiako portuak kenduta, gainerakoak EAEren menpe daude. Izan ere, Bizkaiko eta Gipuzkoako bi portu handiak interes orokorrekoak dira, sailkapenaren arabera, eta Espainiako Estatuak kudeatzen ditu.
Hala ere, biak Gasteizko gobernuaren menpe beharko luketela defendatu du beti Eusko Jaurlaritzak. Pasaiako portuaren kasuan, dekretu bidez moldaketa egitea proposatu du, ondasunak, eskubideak, langileak eta baliabideak eskualdatuta. Bilboko portuari dagokionez, kudeaketa ereduan sakontzeko proposamena egin du Pradalesen exekutiboak.
7) Aireportuak
Pasaiako eta Bilboko portuetan gertatzen den bezala, Forondako (Gasteiz), Bilboko eta Hondarribiko aireportuak interes orokorrekoak dira, eta, beraz, Estatuaren menpekoak.
Urteotan tirabira askoren iturri izan da transferentzia hori, eta, horrenbestez, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak negoziatzen jarraitzen dute. Lakuak egindako azken proposamenean, interes orokorreko klasifikazioari eustea planteatu da, baina kudeaketa EAEren esku utzita.
8) Turismo-paradoreak
Eusko Jaurlaritzak 2011tik ditu turismoaren inguruko eskumenak, baina Hondarribiko (Gipuzkoa) eta Argomanizko (Araba) paradoreak Paradores de Turismo Espainiako enpresa publikoaren menpekoak dira, eta Turespaña konpainia da emakidaduna.
Eskualdatzea bi fasetan egitea proposatu du Jaurlaritzak: lehenengoan, emakidari eutsiko litzaioke; bigarren fasean, euskal administrazioak bi paradoreetako langileak subrogatzea planteatzen da.
Segurtasun publikoa
9) Trafikoa eta ibilgailuen zirkulazioa
40 urte badira Eusko Jaurlaritzak Trafikoko eskuduntza bereganatu zuela, baina arlo horretan eskumenak zabaltzea da asmoa. Besteak beste, zirkulazio-baimenak ematea eta ibilgailuen matrikulazioa edo gidarien edo aztertzaileen azterketak antolatzea eskatu du EAEko gobernuak.
10) Udal Hauteskundeen Araubidea
Eusko Legebiltzarreko hauteskundeak eta foru-hauteskundeak Euskadiren eskumenekoak dira, baina Espainiako Estatuak elementu komunak arautzen ditu, hala nola errolda, hauteskunde-batzordeak edo hauteskunde-arloko errekurtsoak.
Eusko Jaurlaritzak udal hauteskundeen antolaketa osoa Euskadira transferitzea proposatu dio Espainiakoari, baina betiere foru gobernuen esku utzita, Estatutuak hala jasotzen baitu.
Ogasuna, Finantzak eta enpresa
11) Kreditu ofiziala eta kreditu eta bankuen antolamendua
Estatutuak finantza alorrean autogobernua aitortuta dio EAEri, baina Eusko Jaurlaritzak uste du Finantzen Euskal Institutuari zeregin aktiboagoa eman ahalko litzaiokeela. Kreditu publikoa kudeatzeko tresnak eskura nahi lituzke, euskal enpresentzako finantzaketa- eta berme-programak bideratu ahal izateko.
Gernikako Estatutuak bankuak antolatzeko eta gainbegiratzeko eskumenak ere jasotzen ditu, baina oraindik ez dira garatu.
12) Aseguru pribatuak
Aseguru-sektore pribatua kudeatu eta gainbegiratzeko eskuduntza jasota, Euskadin jarduten duten aseguru-etxeak arautzeko eta kontrolatzeko modua izango luke Jaurlaritzak, horretarako erakunde propio bat sortuta.
13) Nekazaritzako aseguruak
Euskadik eskumen esklusiboa du nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta garapen ekonomikoaren arloetan. Hala ere, nekazaritza-aseguruen kudeaketa Nekazaritzako Aseguruen Estatuko Erakundean (ENESA) zentralizatuta dago.
Eusko Jaurlaritzak legea aldatzea babestu du, EAEk ENESA erakundearen funtzioak bere gain har ditzan, baina Estatuko nekazaritzako aseguruen sistema aldatu gabe.
14) Herri Lanetako Ikasketa eta Esperimentazio Zentroak (CEDEX)
Kasu honetan, ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloko funtzioen eskumena zabaldu nahiko luke Jaurlaritzak (2009an eskualdatu zuten). Jaurlaritzaren azken proposamenaren arabera, EAEk Estatuarekin duen lankidetza indartuko luke, baina koordinazio orokorra, langileen kudeaketa eta azpiegiturak Estatuaren eskumenpean mantenduta.
15) Industria alorreko enpresa txiki eta ertainen sustatzea eta finantzatzea
Industria, energia eta meatze-zerbitzuak EAEren eskumenekoak dira 80ko hamarkadaz geroztik, baina oraindik ez da garatu enpresa mota horiei laguntzeko mekanismoak.
Zure interesekoa izan daiteke
Josu Zabala Erasun gogoratu dute Hondarribian, haren heriotzaren 50. urteurrenean
Josu Zabala Erasun 1976an hil zen Guardia Zibilaren tiroen ondorioz, Eduardo Moreno Bergaretxe 'Pertur' ETAko kidearen bahiketaren aurka egindako manifestazio batean.
Ertzain baten aurkako pintaketa bat agertu da Gasteizko bere etxe ondoan
Segurtasun Sailak poliziak seinalatzeak eta mehatxuak gaitzetsi ditu, "iraganeko garaiak gogora ekartzen dituztelako eta eraso egiten dietelako, ez bakarrik aipatutako agenteari eta Ertzaintzari, baita demokraziaren eta bizikidetzaren oinarriei ere". ESAN eta SIPE sindikatuek ere gaitzetsi dute gertatutakoa.
Agirrek "erreparazio publikoa" eskatu du Irurak Bat jauregitxoaren harira, "aurrera egitea" nahikoa ez dela iritzita
Alkatearen arabera, hilabeteotan auzi juridikotik harago joan da eztabaida, salaketa oso larriak egin baitira kaltetu diren pertsonen eta EAJren aurka; horregatik, argi esan du ez dela nahikoa gertatutakoa atzean uztea.
Lehendakariak ziurtatu du ez dagoela inolako kriminalitate antolaturik gaur egun Euskadin
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egindako elkarrizketan, Imanol Pradales lehendakariak adierazi du azken urteotako hilketak, batez ere, drogek, mendekotasunek edo genero-indarkeriak eragindako harreman pertsonalen narriadurarekin lotuta daudela. Gaur egun Euskadin ez dagoela inolako delinkuentzia antolaturik nabarmendu du.
Isuskitza mendiko gurutze frankista bota du Ernaik
Errekete frankisten omenez Isuskitza mendian (Araba) 1940an jarritako gurutzea bota du Ernaik, baita bideoz grabatu eta sareratu ere. Gazte antolakundearen arabera, “faxismoak ez du lekurik gure herrian”, eta hilaren 13an Donostian egingo duten manifestazioan parte hartzeko deia egin du.
Nora Abetek (PSE-EE) Bilboko alkatetzarako hautagaitza aurkeztu du
Bilboko Udaleko egungo alkateorde eta PSE-EEren bozeramaileak azaldu duenez, bere hautagaitza "hurbiltasunetik, entzute-ahalmenetik eta erabakiak hartzeko gaitasunetik" sortu da.
Gipuzkoako Foru Aldundia datorren astean hasiko da aurrekontuak eta neurri fiskalak negoziatzen
Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak iragarri du oposizioko taldeekin elkarrizketa sorta bat hasteko asmoa duela, lurraldeko aurrekontuen eta zenbait neurri fiskalen inguruan negoziatzen hasteko.
Lehendakariak ekonomiari, autogobernuari eta etxebizitzari buruzko akordioak planteatuko ditu alderdi eta gizarte-eragileekin egingo duen bilera-sortan
Topaketak irailaren 8tik 15era egingo dira, elkarrizketa indartzeko eta aliantzak sustatzeko helburuarekin. Nazioarteko ziurgabetasunak eta 2027ko hauteskunde-zikloak markatutako testuinguruan burutuko dira.
Imanol Pradales: "Irailaren 8an hasiko gara alderdi politiko, sindikatu eta patronalarekin biltzen"
Imanol Pradales elkarrizketatu dute Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan. Lehendakariak bertan jakinarazi duenez, erronda politikoa irailaren 8an hasiko du, asteartean, eta bilera horietan jorratuko diren gaiak iragarri ditu.
Pradalesen ustez, Sanchezen gobernua "nokeatuta" dago, eta Ceutako krisiari erantzuna eman ezean legealdia amaitu beharko luke
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioari eskainitako elkarrizketan, alderdi politiko eta eragile sozioekonomikoekin bilera-sorta irailaren 8an hasiko duela iragarri du lehendakariak.