UPN: 'EH Bilduk kontrolatuko du benetan Nafarroako Gobernua'
Uxue Barkos Nafarroko Foru Erkidegoko Gobernuaren presidentegaiak hasierako hitzaldia egin eta gero, alderdiek hitza hartu dute, ordezkaritza zabalagoa jaso dutenetik hasita, txikienetara.
Hala, Jose Javier Esparza UPNko bozeramailea izan da hitz egiten lehena. Esparzak aurreratu du 'ezetz' bozkatuko duela "Barkosen eta Araizen inbestiduran". Azalpen gehiago eman ditu horren harira: "Nafarroa presidente ofizial bat izango du, eta beste bat itzalean; benetan aginduko duena EH Bildu izango da".
Horrez gain, "Foruzaingoa eta Justizia EH Bilduren esku" utzi izana kritikatu dio Esparzak Barkosi, Maria Jose Beaumont kontseilariaren izendapenaren inguruan.
"Zer zentzu dauka etorkizuneko indarkeria gaitzetsiko duzuela esateak, iraganekoa gaitzesten ez baduzue?", galdegin du Esparzak.
Halaber, Esparzak aitortu egin du UPNren Gobernuak "akatsak" egin zituela, baina Nafarroako langabezia tasa "Estatuko txikiena" dela eta hezkuntza eta osasun sistemak "onenak" direla esan du.
Esparzaren esanetan, "UPN ez dago euskararen aurka", "betiere euskara ezagutzen ez dugunok eskubide eta oportunitate berdinak baditugu".
Geroa Bai
Ondoren, Koldo Martinez Urionabarrenetxeak (Geroa Bai) hitza hartu du, UPNren ondoren, Barkosen hitzaldiari erantzuteko. Martinezek Luther Kingen hitzekin hasi du hitzaldia, ingelesez: "I've a dream".
"Guk ere egin dugu historia -Luther Kingen antzera-, maiatzaren 24ean historia egin genuen, egoerari buelta eman diogu" Nafarroan, esan du Geroa Bairen bozeramaleak.
Martinezek "inposizioa eta samina" gogorarazi ditu; Gerra Zibilean fusilatuak aipatuz hasi da eta Zabalza, Gladys del Estal, ETAk mehatxatuak... izan ditu gogoan.
"Aldaketa bateratzailea nahi dugu, zabala, Nafarroan bukatuko den erregimenak gizartea bera baino eskuindarragoa izan da", gaineratu du.
'Elkargune berri bat eraikitzeko erronka dugu, inor baztertu gabe', erantsi du Martinez Urionabarrenetxeak.
EH Bildu
Martinezen ostean, Adolfo Araiz EH Bildu Nafarroa koalizioko bozeramaleak hitza hartu du. "Mintza gaitezen etorkizunaz, aldaketa baldin bada denon lanari esker izango da", esan du Araizek.
"Horren moduko akordioa lortzea ez da hauteskundeen emaitzen ondorengo beroaldi baten ondorio, baizik eta hausnarketaren fruitu izan da", azaldu du.
Honako hauek dira aldaketaren Gobernuaren ardatzak eta lehentasunak, Araizen arabera: "Aniztasuna; Eskubide sozialak; Justizia soziala; Ekologia eta jasangarritasuna; Gardentasuna eta ustelkeriaren kontrako jazarpena; Bakea, biktimak, gizarteratzea; Herritarren parte-hartzea eta demokratizazioa, eta Madriletik erregimena diseinatzean dutenen inposizio asmoei aurre egin".
Araiz, halaber, Esparzari zuzendu zaio: "Ez duzue autokritikarik egin azken urteotan, euskaldunak, Bildukoak, datozela esaten jarraitzen duzu, nik uste dut merituak egin nahi dituzula zuon barne eztabaidaren harian".
Ahal Dugu
"Aro berri batean gaude, azkenean, bagaude. Azken hamarkadetan UPNeta PSN egin dutena ikusi dugu. Eredu politiko hori amaitu da", horrela hasi du Laura Perez Ahal Dugu Nafarroako idazkari nagusiak.
"Langabeziaren, bazterketaren... aurrean politikaren eta demokrazia parte-hartzailearen gaineko interesa berpiztu da", Perezen arabera. "Ez gara banderetan babesten, gure aberria jendea delako".
Abiadura Handiko Trenari dagokionez, "Ahal Dugu Nafarroak argi baino, argiago dauka: atzerapena, txostenak egin eta hiritarrei galdetu", horiek dira Perezek defendatutako pausoak.
PSN
Maria Chivite PSNren parlamentariak azaldu duenez, "Nafarroaren alde" hartu dute abstenitzeko erabakia, baina "zorrotzak" izango dira gobernu berriarekin.
Hala, Chivitek baztertu egin du "onen eta txarren arteko fronteak edo blokeak sortzea", eta "gure erkidegoaren aniztasuna" aitortzearen alde egin du. Era berean, espero du "identitatea ez egotea Gobernu honen lehentasunen artean".
Inbestidura saioko agerraldian azaldu duenez, "garai berri bat ireki beharra dago Nafarroan", UPNren eredua "agortu baino gehiago" egin delako.
"Galdutako legegintzaldi honen" ostean, "pertsonen bizitza hobetzea helburu duten erabakiak hartzea" eskatu du, nahiz eta "zalantza handiak" agertu Gobernu berriaren inguruan, "kide batzuen adierazpenetan" ikusten ari den "mendeku jarreragatik".
Nafarroako PP
Ana Beltran PPren Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du ez diola Barkosi babesik emango "Nafarren gehiengo zabalak ez duelako ezkerreko erradikalek eta euskal nazionalistek gidatutako gobernurik nahi", nahiz eta aitortu "zilegitasuna" duela hauteskunde legea aldatzen ez den bitartean.
Beltranek aurreko hauteskundeetako emaitzak izan du hizpide. Hala, "aukera politiko erradikalak herenak soilik" babestu zituela esan du, eta "gauza bera" gertatu zela "nazionalistekin". Gainera, kanpainan "itunak eta horien ondorioak ezkutatu" zituztela salatu du.
Era berean, "kalean atzematen den zatiketa sozialaz" ohartarazi du, eta "gobernu hori nahi ez duen "nafarren gehiengoak kezka handia" duela.
Ezkerra
Azkenik, Jose Miguel Nuin Ezkerraren bozeramaileak hitz egin du, eta Nafarroako Gobernu berria eta adostutako programa ez direla "frentistak" azpimarratu du.
Lau alderdiko Gobernua ez omen dago "ez Nafarroa espainolizatzeko ez euskalduntzeko", adierazi du Nuinek.
Azpimarratu duenez, programaz ez dago "baztertzen duen ezer adostuta"; horregatik, UPNri galdetu dio ea non dauden "inposizioa eta mendekua".
Gainera, programan ez dela euskararen legea aldatzeko konpromisorik agertzen gogorarazi du, Ezkerrak uste baitu egungo legediarekin "ibilbidea egin daitekeela" oraindik, "inposaketarik gabe, askatasunetik eta borondatetik".
Zure interesekoa izan daiteke
EAJk irabazi du Bilbon eta Donostian, EH Bilduk Gasteizen eta UPNk Iruñean
Alderdi jeltzaleak babesa galdu du erakundeetan, eta koalizio abertzaleak hazkunde handia izan du lurralde guztietan.
Joseba Asiron, EH Bildu: ''Gehiago gara, eta prest gaude eskuinari atea ixteko''
Joseba Asiron eta Laura Aznal ospatzen ari dira Iruñean eta Nafarroan lortutako emaitza onak. Lehenengoak, gainera, ziurtatu du Udalean gehiengo aurrerakoia izango dela, eta gehiengo hori EH Bilduk zuzenduko duela.
Botoa ematera joateko deia egin diete hautagai guztiek herritarrei
Ideologia ezberdinak alde batera utzita, hautagai guztiek bat egin dute gaur haien eskaeran, abstentzioaren beldur. Hala, gaurko hitzordua oso garrantzitsua dela nabarmendu dute guztiek.
Nafarroako Gobernua eskuinaren edo ezkerraren esku uztea erabaki beharko dute herritarrek
PSNren Gobernua aldatzeko irrikitan daudenei dei egin die UPNren hautagaiak. Chitivek eskuinaren alternatiba izaten jarraitu nahi du eta EH Bilduk eta Geroa Baik aldaketa gidatu.
Kanpaina itxiera sutsua egin dute Nafarroako hautagai nagusiek
Elkarrizketa eta bizikidetza jorratzeko, Gobernu aurrerakoi trinko eta sendoa izateko, lau urte gehiago beharrezko direla, azpimarratu du Maria Chivite PSNko presidentegaiak.
Alderdiek bozkatzera joateko deia egin dute hauteskunde kanpainaren amaieran
EAJk eta Elkarrekin Podemosek Bilbon eman diote amaiera kanpainari; EH Bilduk, Donostian; eta PSE-EEk eta PPk, Gasteizen.
Azken txanpa indar politikoentzat, M28ko hauteskundeei begira
Biharko hausnarketa egunaren bezperan, abstentzioa mobilizatzeko eta ezbaian daudenak konbentzitzeko azken ahalegina egingo dute gaur hautagaiek.
Igandean aro berri bat zabaldu daitekeela Nafarroan adierazi dute hautagai guztiek
Foru Erkidegoari dagokionez, Iruñean ikusi ditugu Nafarroako presidente-gaiak eta Iruñeko alkate-gaiak. Bozkatzera joateko deia egin dute denek.
Nafarroako Gobernuan egon diren alderdiek euren lorpenetan jarri dituzte indarrak
Azken txanpan sartu da kanpaina eta Gobernuan egon diren alderdiek euren lorpenetan jarri dituzte indarrak. Oposizioak, ordea, egin gabeak eta gaizki egindakoak salatu ditu.
Atsedenik ez hauteskunde-kanpainan, ezta igandean ere
EAEko eta Nafarroako hautagaiak jo eta ke dabiltza hauteskunde-kanpainaren erdian, badakitelako asko dagoela jokoan, eta boza bakoitzagatik borroka egin behar dutela. Gauzak horrela, gaur, igandea izanda ere, ekitaldiz josita dator eguna.