EH Bilduk Maroto kaleratzea eskatu du, Larrion alkate ez bada ere
Miren Larrion EH Bilduren Gasteizko alkategaiaren esanetan, Javier Maroto Alkatetzatik kentzeko helburua lortzeko prest daude edozein formula erabiltzeko, tartean, Larrion bera alkate ez izatea.
Igandeko udal eta foru hauteskundeen ostean Gasteizen zabaldutako egoera aztertzeko egindako lehen agerraldian, Larrionek esan du "Marotoren kontrako aldarria errealitate" dela eta, bere ustean, "erantzukizunez" jokatzeko, "Maroto kaleratu" behar dute Udaletik.
Helburu hori lortzeko, eta Arabako hiriburuko bigarren indarra izanik, oposizioko alderdi guztiekin bilera-sorta egingo du gaurtik aurrera, PP kendu eta hiriaren eredu aldaketaz hitz egiteko.
Larrionen hitzetan, "asko dira Gasteizek ezin duela PPrekin lau urte gehiago egon uste dutenak", eta, "hauteskundeak egin baino lehen eta ondoren, modu publikoan eta pribatuan, bada Maroto kentzearen alde egin duen indarrik".
Kazetarien galderei erantzunez, ez du aipatu nahi izan berak esandako asmoa modu pribatuan agertu duten alderdiak zein diren, eta politika alorrean, Nafarroan esaterako, aldaketa haizeak dabiltzala nabarmendu du.
Larrionen ustean, aldaketa hori hiriburu arabarrean ere egin daiteke, eta, hori dela eta, hori gauzatzeko edozein bide erabiliko luke; izan ere, EH Bildu ez den alderdi bat Alkatetzaren buru egotea oposizioarekin adosteko prest daude.
"Guk aldaketa gidatuko dugu (?) baina beste aukeratara zabalik gaude, konpromisoa argia da: PP kaleratzea", esan du.
Gainera, EAJren inguruan ere mintzatu da eta, esan duenaren arabera, Andoni Ortuzar EBBren presidenteak atea zabalik utzi du; horren adibide, gaur Radio Euskadik egindako elkarrizketan Marotori esandakoa.
Ortuzarrek "zuhurragoa eta baketsuagoa" izatea eskatu dio PPren hautagaiari, oposizioak bere kontra bat egitea eragin bailezake eta baliteke orain zaila dirudien batasuna lortzea, hain justu, jarrera hori izateagatik.
Larrionek, halere, onartu egin du posible dela PPk eta EAJk erasorik ez egiteko ituna adostea, Gasteizen eta Araban, bakoitzaren gobernagarritasuna ez oztopatzearren, Gasteizen PPrena eta Batzar Nagusietan, EAJrena, gutxiengoan baitaude. Edonola ere, nabarmendu du bakoitzak boto-kutxek esandakoa interpretatu beharko duela eta horren arabera jokatu.
"Guk esan genuen EH Bilduren botoa PP kaleratzeko erabiliko zela eta egingo dugu", erantsi du.
Zure interesekoa izan daiteke
PSN, Zurekin Nafarroa eta EH Bilduri deia egin die Geroa Baiko Koldo Martinezek, akordiora heltzeko
Nafarroan, hauteskunde orokorrek bete-betean baldintzatutako negoziazioei buruz ezer gutxi eman dute ezagutzera oraingoz alderdiek. Gobernuaren osaketan eta Iruñeako Alkatetzan, ikusteko dago nola jokatuko duten Nafarroako sozialistek.
Garrido: 'Argi dago parte-hartze txikiak kalte egin digula'
Pilar Garridok parte-hartze txikia deitoratu du, bere koalizioari zuzenean eragiten diola argudiatuta.
Andueza: 'Euskadi sozialistagoa da gaur, ezkerrera gehiago begiratzen du'
Eneko Anduezak positibotzat jo ditu PSE-EEk hauteskunde hauetan lortutako emaitzak, eta Euskadi sozialistagoa dela eta ezkerrera begiratzen duela esan du.
Iturgaiz: 'PPren menpe badago, ez da Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik izango Euskadin'
Carlos Iturgaizek positibotzat jo ditu PPk Euskadin eta Espainian lortutako emaitzak, eta ez dela Bilduko alkaterik edo ahaldun nagusirik egongo ziurtatu du.
Egibar: 'Argi dago zerbait ez dugula ondo egin'
Joseba Egibarrek EAJk Gipuzkoan lortutako emaitzen balorazioa egin du. Egibarrek adierazi du argi dagoela EAJk zerbait ez duela ondo egin.
EH Bildu alde nabarmenarekin garaile Gipuzkoako Batzar Nagusietan
Ezker abertzaleko koalizioak 22 eserleku bereganatu ditu Batzar Nagusietan (bost gehiago), EAJk 17 (hiru gutxiago), PSE-EEk zazpi (bi gutxiago), Elkarrekinek bi (bi gutxiago) eta PPk hiru (bi gehiago). Parte-hartzea % 59,92koa izan da, 2019an baino ia zazpi puntu gutxiago.
Otegi: 'Ziklo aldaketa baten lehen urratsa eman da'
EH Bildu nagusitu da udalerri askotan eta Gasteizen indar bozkatuena da 7 zinegotzirekin, duela lau urte baino bat gehiago
EAJk irabaziko luke Bilbon eta Donostian; EH Bilduk, Gasteizen; eta berdinketa teknikoa Iruñean
Nafarroako Parlamentuan, UPN izango litzateke bozkatuena, 12-13 eserlekurekin, baina PSN gertu egongo litzateke, 10-11rekin, eta Gobernuari eutsi ahalko lioke, egungo formula berarekin.
18:00etako parte-hartze datua: % 54,12 Nafarroan eta % 48,52 EAEn
Parte-hartzea % 1,19 igo da Nafarroan 2019ko hauteskundeekin alderatuta, eta % 4,84 jaitsi da EAEn.
Berezitasun ugariko hauteskundeak dira Udal hauteskundeak, Euskadiko bost udalerritan bereziki
Usansolon, Gernikan (Bizkaia), Irunen (Gipuzkoa) eta Arabako Errioxako Bastidan eta Guardian, adibidez, berezitasun ugariko hauteskundeak izango dira gaurkoak; jakin ezazu zergatik bideo honetan.