Presidente ohia, inputatua

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zer da Plus Ultra auzia eta zer lotura du, ustez, Zapaterorekin?

Ustezko ustelkeria auzia 2021ean Plus Ultra konpainiari emandako 53 milioi euroko erreskate publikoarekin lotuta dago. Auzitegi Nazionala ikertzen ari da ea Zapaterok bitartekari lana egin ote zuen erreskatea lortzeko, ordain ekonomikoen truke.

MADRID, 19/05/2026.- Agentes de la Policía Nacional introducen material incautado en un vehículo de la UCO durante el registro a la oficina del expresidente del Gobierno José Luis Rodríguez Zapatero este martes en Madrid. El juzgado central de instrucción número 4 de la Audiencia Nacional ha citado el próximo 2 de junio como imputado al expresidente del Gobierno, el leonés José Luis Rodríguez Zapatero por organización criminal, tráfico de influencias y falsedad en la causa que investiga supuestos cobros de comisiones ilegales en el rescate de la compañía aérea Plus Ultra. EFE/ Rodrigo Jiménez

Espainiako Poliziako agenteak, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidente ohiaren bulegoa miatzen. Argazkia: EFE

Demokrazia ezarri zenetik lehen aldiz, Espainiako Gobernuko presidente ohi bat inputatu dute ustelkeria auzi batean: Jose Luis Rodriguez Zapatero. Auzitegi Nazionaleko Jose Luis Calama epaileak ikerketapean jarri du, ustezko delitu hauek egotzita: erakunde kriminaleko kide izatea, eragin-trafikoa eta dokumentuak faltsutzea. Arrazoia? Plus Ultra auziarekin, ustez, duen lotura.

Erreskatea

Bolo-bolo dabilen auzi honek 2021ean Plus Ultra Lineas Aereas aire konpainiari emandako 53 milioi euroko erreskate publikoarekin du zerikusia. Laguntza hori SEPI Espainiako holding publikoak eman zuen, pandemiaren garaian enpresa estrategikoentzako laguntzak kudeatzeko sortutako funtsaren bidez.

Ikerketaren arabera, baliteke diru hori Venezuelako ustelkeriatik zetorren kapitala zuritzeko erabili izana. Halaber, aztertzen ari dira ea Zapaterok bere eragina baliatu ote zuen erreskatea errazteko, ordain ekonomikoak edo bestelako mesedeak lortzeko gero.

Erreskateak hasieratik piztu zituen zalantzak, konpainiak presentzia txikia baitzuen Espainiako merkatuan eta covid-19aren aurretik ere arazo ekonomikoak baitzituen. Julio Martinez Sola enpresaburuak sortu zuen Plus Ultra 2011n, eta lau hegazkin alokatu baino ez zituen laguntza jaso zuenean.

PPk eta Voxek gogor kritikatu zuten erreskatea; Espainiako Gobernuak, berriz, defendatu egin zuen, argudiatuta konpainia garrantzitsua zela Espainiaren eta Latinoamerikaren arteko loturak mantentzeko, batez ere Barajasko aireportutik.

Ikerketa

Madrilgo epaitegi batek ikertu zuen hasieran auzia, eta 2023an ondorioztatu zuen ez zela frogatu diru publikoa modu irregularrean edo iruzurrez erabili zela. Geroago, ordea, Fiskaltza Antikorrupzioaren eta Delinkuentzia Ekonomikoaren eta Fiskalaren Unitatearen (UDEF) ikerketek auzia berriz irekitzea ekarri zuten.

Ikertzaileek nazioarteko loturak aztertzen hasi ziren, dirua zuritzearekin eta erreskatearen zati baten erabilera okerrarekin lotuta zegoelakoan. Horren ondorioz, Auzitegi Nazionalak bere gain hartu zuen auzia, Espainiatik kanpoko adarrak zituen sare baten zantzuak zeudela iritzita.

Auzitegi Nazionalak eragin-trafikoa, erakunde kriminala eta dokumentu faltsutzea ikertzen ditu, aire konpainiari lotutako aholkularitza eta ordainketekin lotuta.

Zapateroren rola

Zapaterok ukatu egin du Plus Ultraren erreskatean bitartekari lana egin izana, eta dio ez duela aire konpainiaren jabea ezagutzen: "Ez dut harremanik izan Julio Martinez Solarekin, Plus Ultraren presidentearekin; ezta bilerarik egin ere".

Jose Luis Abalos Garraio ministro ohiak, ordea, adierazi du Zapatero harekin eta haren aholkulari Koldo Garciarekin bildu zela erreskatea bizkortzeko. Zapaterok ukatu egin du hori ere.

Hala ere, presidente ohi sozialistak harreman profesional eta pertsonala zuen Julio Martinez Martinezekin, ikerketaren barruan atxilotu zuten enpresariarekin. Martinez Martinezek —izen eta lehen abizen bera du Plus Ultraren presidentearekin— kontratu bat sinatu omen zuen Plus Ultrarekin, aire konpainia erreskatatzearen truke % 1eko komisioa jasotzeko.

Kontratua Martinez Martinez enpresariaren Analisis Relevante aholkularitza enpresaren bidez sinatu omen zen. Geopolitikako txostenak egiten ei zituen enpresak, baina oposizioaren arabera "langilerik eta jarduerarik gabeko tresna-sozietate bat" zen, eta bezero bakarra eduki zuen: Plus Ultra.

Iturri horien arabera, 53 milioiko erreskatea eman ondoren, Zapaterok 660.000 euro jaso omen zituen enpresa horretatik: 500.000 euro berak; eta gainerakoa, haren alabek. Presidente ohiak, berriz, esan du urtean 70.000 euro gordin inguru kobratu zituela Analisis Relevanterentzat egindako lanagatik.

Ikerketaren beste gakoetako bat txostenen edukia da, balio geopolitiko urriko dokumentuak direla uste baitute ikertzaileek. Zapaterok, ordea, azaldu du bere ekarpen asko ahozkoak izan zirela: "Aholkulari askok ez dute inoiz txostenik egiten; haien lana zabalagoa da: ikuspegiak ematea, mintegiak egitea...".

Halaber, azaldu du haren alaben Whathefav marketin enpresak diruaren parte bat jasotzea adostuta zegoela: "Aholkulari izatea onartu nuenean, proposatu nuen nire alaben enpresak marketin lanak egitea". Enpresa horrek 198.000 euro jaso omen zituen Julio Martinez Martinezen eskutik.

Calamaren erabakiak

Calama epaileak miatzeko agindua eman du Zapaterok Madrilgo Ferraz kalean duen bulegoan —PSOEren egoitzatik gertu—, baita beste hiru merkataritza sozietatetan ere; horietako bat presidente ohiaren alaben marketin enpresa da.

53 milioi euro horien ustezko erabilera irregularra ikertzen ari den epaileak ekainaren 2rako deitu du Zapatero inputatu gisa deklaratzera.

Iazko abenduan, ikerketa beraren barruan, Plus Ultrako presidente Julio Martinez, Roberto Roselli CEOa eta Julio Martinez Martinez enpresaria atxilotu zituzten Madrilgo Instrukzioko 15. Epaitegiaren aginduz. Gero, auzia Auzitegi Nazionalaren esku geratu zen.

Orain, Auzitegi Nazionaleko epaileak uste du Espainiako Gobernuko presidente ohi José Luis Rodríguez Zapatero “eragin-trafikorako egitura egonkor eta hierarkizatu” baten ustezko buru dela; haren helburua, epailearen arabera, “etekin ekonomikoak lortzea da, bitartekaritzaren eta erakunde publikoetan hirugarrenen alde —batez ere Plus Ultra konpainiaren alde— eragina baliatzearen bidez”.

Ustezko erakunde kriminala

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzaren salaketa baten ondorioz abiatu zen ikerketa. Horren arabera, Frantzian, Suitzan eta Espainian ezarritako erakunde kriminal bat egon liteke auziaren atzean.

Auzitegi Nazionalaren autoaren arabera, "atzerritarrek, espainiar nazionalizatutako herritarrek eta gutxienez abokatu espainiar batek" osatuko zuten sare hori, eta hiru herrialdeetan dirua zuritzeko jarduerak egingo zituzten.

Fiskaltzaren esanetan, diru irregularra Venezuelako funtzionario publikoek egindako ustezko diru bidegabekerietatik etorriko litzateke. Zehazki, CLAP programetako funts publikoetatik —oinarrizko elikagaiak banatzeko programa subsidiatuak— eta Venezuelako Bankuaren urre salmentetatik.

Salaketan aipatzen dira, halaber, 30 milioi euro inguruko urre salmentak Arabiar Emirerri Batuetako enpresa bati, Panamako kontuetara egindako transferentziak eta luxuzko erlojuen salerosketa dirua zuritzeko mekanismo gisa.

PSOEren erantzuna

PSOEk Zapateroren "errugabetasun presuntzioa" defendatu du, eta auzia "eskuinaren eta ultraeskuinaren muntaiatzat" jo du. Sozialisten arabera, sektore horiek ez diote barkatu Zapaterori gobernuan egon zen garaian bultzatutako aurrerapen sozialak.

"Egin dezakeenak egin dezala", adierazi dute sozialistek ohar batean, Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohiaren hitzak gogora ekarrita.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X