Beste espezie batzuekin nahas daitekeen perretxiko hilgarria atzeman dute Barañainen
Udalak Lepiota brunneoincarnata espezieko aleak aurkitu ditu Konstituzio parkean, eta kontu handiz ibiltzeko eskatu die herritarrei.
Galanperna arre-arrosak (Lepiota brunneoincarnata). Argazkia: Barañaingo Udala
Barañaingo Udalak (Nafarroa) ohartarazi duenez, Lepiota brunneoincarnata espezieko perretxiko hilgarriak agertu dira lakuaren ondoan dagoen Konstituzio parkean. Udalak kontu handiz ibiltzeko eskatu die herritarrei, espezie oso arriskutsua baita.
Oso toxikoa da, eta intoxikazioak eragin ditzake. Gainera, antzeko itxura duten beste batzuekin nahas daiteke. Horregatik, ondo identifikatu ez diren aleak ez biltzeko eta ez kontsumitzeko gomendatu du.
Alerta horren aurrean, inguru horretan perretxikorik ez biltzeko gomendatu du, eta parke edo berdeguneetan aurkitutako aleak ez kontsumitzeko, aditu batek identifikatu ezean.