INDARKERIA MATXISTA

Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lau gizon atxilotu dituzte Bizkaian, 14 urteko neska bati lau sexu-eraso egiteagatik

Ertzaintzak beste hiru gizon ikertu ditu biktimari substantzia estupefazienteak ematea egotzita.

Ertzaintzak 19 eta 54 urte bitarteko lau gizon atxilotu ditu Bizkaian, 14 urteko neska batek jasandako lau sexu-eraso desberdinetan parte hartu izana egotzita.

Horrez gain, beste hiru gizon ikertzen ari dira gazteari substantzia estupefazienteak eman omen zizkiotelako, Segurtasun Sailak larunbat honetan jakinarazi duenez.

Ikerketa ekainaren 16an hasi zen, adingabea Ibaizabaleko ertzain-etxera joan zenean. Bi egun lehenago, ekainaren 14ko goizaldean, Basauriko lonja batean sexu-erasoa jasan zuela salatu zuen.

39 urteko gizon batek egin omen zuen lehen sexu-erasoa eta, gainera, gertatutakoa telefono mugikorrarekin grabatu omen zuen. Ertzaintzak egun berean atxilotu zuen Basaurin. Atxilotuak aurrekari polizialak zituen, eta aurretik beste bi aldiz atxilotu zuen Ertzaintzak.

Lehen jarduketa horretan lortutako informazioaren arabera, beste hiru pertsonak ere adingabeari sexu-erasoa egin ahal izan zioten, beste gertakari batzuetan. Horren ondorioz, Ertzaintzaren Ikerketa Kriminaleko Atal Nagusiko (SECIC) Adingabeen Aurkako Delituen Taldeak hartu zuen ikerketaren ardura.

Beste hiru atxiloketa

Ikerketari esker, ondoren beste hiru gizon aurkitu zituzten, adingabearekin sare sozialen bidez harremanetan jarri eta sexu-edukiko elkarrizketak izan zituztenak. Ertzaintzaren arabera, hirurek harreman sexualak izan omen zituzten gaztearekin, 16 urtetik beherakoa zela jakinda.

Lehenengoa uztailaren 16an atxilotu zuten Bilbon, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita. Atxilotuak ez zuen aurrekaririk, eta egun berean utzi zuten epailearen esku.

Bigarrena uztailaren 23an atxilotu zuten Erandion, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita. Gizon horrek droga-trafikoarekin lotutako aurrekari polizialak zituen.

Azken atxiloketa abuztuaren 5ean izan zen, Barakaldon. Atxilotua adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita atxilotu zuten; ez zuen aurrekaririk, eta egun berean utzi zuten epailearen esku.

Horrela, ikerketak lau gizon lau sexu-eraso desberdinetan inplikatuta daudela argitzeko aukera eman du; gertakari guztietan adingabe bera izan da biktima.

Hiru gizon, drogak emateagatik ikertuta

Bestalde, ikerketan bildutako informazioaren azterketak beste hiru gizonen ustezko inplikazioa agerian utzi zuen. 17, 21 eta 28 urte dituzte.

Hiruak osasun publikoaren aurkako ustezko delitu batengatik ikertzen ari dira, Ertzaintzaren arabera, adingabeari substantzia estupefazienteak eman zizkiotelakoan.

Ikerketak zabalik jarraitzen du, lau gertakarien nondik norakoak argitzeko eta ikertutako pertsona guztien inplikazio-maila zehazteko.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X