BAIren datuak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

6.700 langabe gutxiago EAEn, 2015eko bigarren hiruhilekoan

Langabezia-tasa % 15,98koa da Euskadin, BAIren datuen arabera. Nafarroan, 9.600 lagun gutxiago daude lanik gabe; tasa % 12,55ekoa da. Estatuan, 295.600 langabe gutxiago daude.
Argazkia: EiTB.
Argazkia: EiTB.

6.700 langabe gutxiago daude EAEn, 2015eko bigarren hiruhilekoan, ostegun honetan jakitera eman duten Biztanleria Aktiboaren Inkestaren datuen arabera. Hortaz, langabezia-tasa % 15,98koa da Euskadin, urtarriletik martxorako datuekin alderatuta % 0,45 baxuagoa. Nafarroan, 9.600 lagun gutxiago daude lanik gabe, eta tasa % 12,55ekoa da.

Estatuari dagokionez, 295.600 langabe gutxiago daude; langabezia-tasa % 22,37koa da, 1,45 puntu baxuagoa, eta 2011ko datuetara bueltatu da. 411.800 lanpostu sortu dituzte, 2005etik jasotako kopururik handiena.

Estatu mailan, Nafarroak du langabezia-tasarik baxuena, eta Euskadi zerrenda horretako bigarren tokian dago kokatuta. Foru Erkidegoan, langabezia % 20 jaitsi da, 2015eko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, eta EAEn murrizketa % 3,94koa izan da.

Langileen kopuruak behera egin du EAEn: 5.700 gutxiago daude (% 0,66 gutxiago). Euskadi da lanpostu gehien suntsitu dituen autonomia-erkidegoa.

Kide guztiak langabezian dituzten etxeen kopuruan, beherakada

Kide guztiak langabezian dituzten etxebizitzak ere gutxiago dira; izan ere, 2015eko bigarren hiruhilekoan 136.000 etxe daude egoera horretan, aurrekoan baino % 7,6 gutxiago (guztira, 1.657.500 etxe dira). Azken urtean, 176.400 etxe atera dira egoera horretatik (% 9,6).

16-24 urte bitarteko gazteen artean, 14.900 langabe gutxiago daude, 2015eko lehen hiruhilekoaren aldean. Guztira, adin horretako 767.200 gazte daude langabezian.

Zure interesekoa izan daiteke

Tamara Yagüe (Confebask): "Industria atzeraldira hurbil daiteke une jakin batzuetan; funtsezkoak izango dira datozen hilabeteak"
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara

Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X