Confebask ez da joango ELAk eta LABek gutxieneko soldata propioa negoziatzeko biharko deitutako bilerara
Patronalak argudiatu du EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi zuela afera hori negoziatzea "legez kanpokoa" zela. Batzarra bihar, M17ko greba orokorra egin zenetik astebetera, egin asmo zuten bi sindikatu abertzaleek. Hain justu, Confebasken ezezkoa "probokaziotzat" jo dute biek ala biek, eta Jaurlaritzari "ekidistantziak bilatzeari" uzteko eskatu diote. Azken horrek elkarrizketarako deia egin die bi aldeei.
Tamara Yagüe, Confebasken presidentea, EITBn egindako elkarrizketa batean.
Confebaskek uko egin dio, beste behin, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko soldata propioa ezartzeko negoziazioari.
ELAk eta LABek auzia aztertzeko bilera deitu zuten biharko, Lan Harremanen Kontseiluan, baina EAEko patronalak ohar bidez jakinarazi du ez dela bilerara joango. Hain justu, astea beteko da asteartean Hego Euskal Herrian gutxieneko soldata propioa aldarrikatzeko greba orokorra egin zela, eta lanuzteak izandako "arrakasta" baliatu nahi izan dute sindikatuok hitzordua egiteko.
Confebaskek, baina, lehengo lepotik du burua. Oharrean azaldu duenez, "harrigarria" egin zaio bi sindikatuek beste deialdi bat egin izana, eta erantsi du auzia mahai gainean izan dutela "hainbat aldiz" —hiru aldiz bildu ziren iaz—. EAEko patronalak beti argudiatu izan du Espainiako Estatuari dagokiola gutxieneko soldata sindikatuekin negoziatzea, eta, beraz, hark halakorik egitea "juridikoki ezinezkoa" dela.
Are, gogorarazi du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman ziola, eta hura negoziatzea "legez kanpokoa" litzatekeela.
Gainera, adierazi du ELAk eta LABek epaia errekurritu dutela Auzitegi Gorenean, eta kasazio helegite hori ebazteko zain dagoela. Confebasken esanetan, "egoera horrek eskatzen du negoziaziorik ez egotea".
ELAren eta LABen erantzuna
Ezezkoaren ondotik, ia berehala heldu da bi sindikatuen erantzuna. Ohar bateratu batean, bi sindikatuek salatu dute patronalak bere "izaera autoritarioa eta probokatzailea" agerian utzi duela, eta "entzungor" egin diola martxoaren 17an milaka langilek aldarrikatutakoari. "Confebaskek argi erakutsi du, beste behin, langileak esplotatzea beste negozio eredurik ez duela ezagutzen" kritikatu dute.
ELAren eta LABen ustez, patronalaren ezezkoak "zuzenean interpelatu" ditu Eusko Jaurlaritza osatzen duten bi alderdiak, EAJ eta PSE-EE. "Munduan zehar, patronalak gutxieneko soldata negoziatzeari uko egiten dionean instituzioek lege-ekimenekin erantzuten dute. Confebasken ezezkoaren ondoren legezko eskumena aldarrikatzeko momentua iritsi zaie EAJ eta PSE-EEri. Hori da, hain zuzen, milaka eta milaka langilek martxoaren 17an eskatutakoa", argudiatu dute. Sindikatuek nabarmendu dutenez, Jaurlaritzak Confebaski "aurre egin" behar dio, "eragile sozialen arteko ekidistantziak bilatzeari" utzita.
Azkenik, sindikatuon arabera, "greba orokorraren ondoren sindikatuek interlokuziorako beste fase bat ireki dute. Interlokuzio eta negoziazio fase horrek akordiorik gabe bukatuko balu, berriro ere mobilizazioekin hasteko garaia iritsiko litzateke. Gutxieneko soldataren aldarria geratzeko etorri da, eta, lortu bitartean, ekimen sindikalak ez dira geldituko".
Elkarrizketan "ahal beste saiatzeko" eskatu die Jaurlaritzak patronalari eta sindikatuei
Erreskadan etorri da Jaurlaritzaren erreakzioa ere. Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak elkarrizketarako deia egin du, eta horretan "ahal beste saiatzeko" eskatu die bi aldeei.
Torresen ustez, Confebaskek eta sindikatuek bide horretan jarraitu behar dute, "bereizten dituzten alde legitimoetatik" abiatuta, euskal lan merkatuak gaur egun dituen erronkei aurre egiteko eta, horrela, enpresa lehiakorrak lortzeko, lan baldintza onak dituzten enpleguak sortuko dituztenak.
Jaurlaritzak ohartarazi duenez, "akatsa" da elkarrizketa sozialik ez egitea eta lan gatazkak judizializatzea. “Negoziazio kolektiboko arazoak, horien artean Euskadiko egoera soziolaboralarekin bat datozen soldatak lortzea, ez dira epaitegietara eraman behar, ezta aurreikusi ezin daitezkeen ondorioak dituzten lege erreformetara ere, elkarrizketa sozialaren mahaira baizik”, nabarmendu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal erakundeek bazka erosketa bateratua egingo dute abeltzaintza ustiategi txikienei laguntzeko
Abuztuan egingo dute erosketa, lehorteak gogorren jo dituen ustiategien benetako beharrak zehazteko inkesta egin ondoren. Dirulaguntza zuzenak, berriz, urte amaieran aztertuko dituzte.
Ikuskizunetako teknikarien grebaren deitzaileak pozik agertu dira lanuzteak izan duen jarraipenarekin
Teknikariok, ESK, LAB, UGT, CCOO, ELA eta CNT Euskal Autonomia Erkidegoko ikuskizunen lehen hitzarmena negoziatzen ari dira, eta patronalari eskatu diote elkarrizketei berriro ekiteko, urtebete baitaramate blokeatuta. Aldi baterako kontratuak, lanaldi oso luzeak, legez ezarritako atsedenaldiak ez errespetatzea, jaiegunetan zein gaueko ordutegian plusik ez jasotzea eta lana eta bizitza pertsonala uztartzeko zailtasunak dituztela salatzen dute.
Langabeziak gora egin du uztailean Euskadin eta Nafarroan: 1.378 eta 534 langabe gehiago dago, hurrenez hurren
Euskadin uztailean 105.590 enplegu-eskatzaile egon dira, ekainean baino 1.378 gehiago. Nafarroan, berriz, 534 langabe gehiago izan dira, 28.843. Eusko Jaurlaritzaren arabera, datu hori hainbat langile lan-merkatuan sartzearekin lotuta dago.
Bizkaiko Golkoa eta Frantzia lotuko dituen goi tentsioko linearako kablea jartzen hasi dira, Lemoiz parean
Bizkaiko Golkoaren eta Frantziaren arteko interkonexio elektrikoa gertuago dago. Goi tentsioko linea honek Gatika eta Bordeletik gertu dagoen Cubnezais batuko ditu eta 276 kilometroko tartea egingo du ur azpian. Ekosistemari kalterik egingo ez zaiola ziurtatzeko, Aztik gainbegiratuko ditu lanak.
Ikuskizunetako teknikariek "enpatia" eskatu diete artistei hiriburuetako jaietan deitutako greban
EAEko lehen lan-hitzarmena negoziatzen ari diren sindikatuek lanuzteak deitu dituzte abuztuaren 5, 14 eta 26rako, lan-hobekuntzak eskatzeko eta patronalari negoziazioei berriro ekiteko eskatzeko.
Euriborrak % 2,855ean itxi du uztaila, mailarik altuena 2024ko irailetik
Ekainarekin alderatuta, tasa oinarrizko 6 puntu igo da.
Euroguneko inflazioa % 2,9an kokatu da uztailean, hamarren bat igota
Eurostatek argitaratu berri duen urte arteko tasa % 3,8koa da Espainian, ekainekoa baino bi hamarren handiagoa, eta % 2,4koa Frantzian, joan den hilean baino lau hamarren handiagoa. Energiaren esparruan igo da gehien inflazioa.
Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek greba ziklo bati ekin diote, lan-baldintzak hobetzeko asmoz
Lehenengo lanuztea ostegunean hasi zen, 22:00etan, eta igandean amaituko da. Mobilizazioen artean, gaur elkarretaratzea egin dute AP-8 autobidearen Oiartzungo gasolindegian.
Gasolina eta gasolioa 6 zentimo baino gehiago garestitu dira litroko, Hidrokarburoen Zerga Bereziaren igoeraren ondorioz
Batez beste, gasolina depositua betetzeak duela urtebete baino 8,5 euro gehiago balio du, eta gasolio deposituak ia 16 euro gehiago, abuztuko irteera-operazio betean.
38 urteko langile bat oso larri zauritu da Alesbeseko kontserba-enpresa batean izandako istripuan
Foru Gobernuak zabaldutako oharraren arabera, langileari ur irakina erori zaio gainera, eta erredurak ditu gorputzaren % 80an.