Apirilean, 3.368 langabe gutxiago zenbatu dituzte EAEn, eta 833 gutxiago, Nafarroan
Urtearteko datuak alderatuta, langabeziak behera egin du bai EAEn (-3.006) eta baita Nafarroan ere (-588).
Langabeziak behera egin du Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) eta Nafarroan, apirilean.
Langabezia tasa % 3,14 jaitsi da (3.368 langabe gutxiago) EAEn martxoarekin alderatuta, eta guztira 103.805 daude langabe gisa erregistratuta Lanbiden, gaur goizean Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak zabaldutako datuen arabera.
2025eko apirileko datuen aldean, 3.006 langabe gutxiago (% 2,81 gutxiago) daude EAEn.
Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bulegoetan 833 pertsona gutxiago zeuden izena emanda apirilean (833 langabe gutxiago), eta, guztira, 28.903 dira lanik gabe daudenak, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioaren arabera.
Bestalde, 588 langabe gutxiago (% 1,99 gutxiago) daude Nafarroan, 2025eko apirileko datuen aldean.
Espainiako Estatuan, % 2,59 egin du behera langabeziak, aurreko hilabetean baino 62.668 pertsona gutxiago baitaude lanik gabe. Halaber, azken urtebetean langabezia % 6,20 jaitsi da, iazko apirilean baino 155.674 langabe gutxiago baitaude Espainiako enplegu bulegoetan izena emanda.