Pentsiodunek gutxieneko pentsioak LGSra arte osatzea eskatuko dute berriz ere datorren ostegunean Gasteizen
Mobilizazio horrekin, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari gogorarazi nahi diete "ezin dela denbora gehiagoz luzatu gutxieneko pentsioen osagarria LGSraino iristeko konpromisoa, are gehiago bizitzaren kostua nabarmen garestitzen ari denean", defendatu dute pentsiodunek.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (MPEH) manifestazioa egingo du datorren ostegunean Gasteizen, gutxieneko pentsioak Lanbide arteko Gutxieneko Soldataraino osatzeko eskatzeko.
Manifestazioa 11:00etan hasiko da Bilboko plazan eta Katedral Berriaren aurrean amaituko da, Legebiltzarraren egoitzaren aurretik igaro ondoren.
Gobernantza, Ekonomia eta Enplegu Batzordearekin eta Berdintasun Batzordearekin biltzeko eskari berriak erregistratu dituzte Legebiltzarrean, "orain arte ez dugulako aurretik egindako eskarien erantzunik jaso", salatu du Pentsiodunen Mugimenduak ohar batean, eta EAJko eta PSEko talde parlamentarioei eskutitzak ere banatu zizkietela gogorarazi dute.
Ekimen horiekin guztiekin, euren borroka bizirik mantendu nahi dute, Eusko Jaurlaritzari eta Legebiltzarrari gogorarazteko "ezin dela luzatu gutxieneko pentsioen osagarria LGSra arte igotzeko konpromisoa, are gehiago bizitzaren kostua asko garestitzen ari den honetan".
"EAJ-PSEren koalizio-gobernuak eta kontrolatzen duten Legebiltzarraren gehiengoak, erantzun sozial indartsu batekin topo egiten badute bakarrik egingo diote kasu eskaera horri", hausnartu du kolektiboak.
"Badakigu borrokan jarraitzeak bakarrik ematen dituela fruituak. Hori dela eta, hilaren 7an beste mobilizazio indartsu bat eramango dugu Gasteizko kaleetara", iragarri dute, eta jakinarazi dute 13 autobus iritsiko direla egun horretan Bizkaitik eta Gipuzkoatik manifestaziora joateko.