Behargin bat hil da Zamudion, lan-istripuz
Langileak 61 urte zituen. Ezbeharra ostegun goizean gertatu da, Ugaldeguren industrialdean, eta biktima bertan hil da, osasun-zerbitzuek esku hartu duten arren. ELAk lan-istripua salaktzeko elkarretaratzea deitu du maiatzaren 5erako.
61 urteko langile bat hil da ostegun honetan Zamudion (Bizkaia), lan-istripuz, Ertzaintzak jakitera eman duenez.
Segurtasun Sailaren arabera, 09:00ak aldera jaso dute gertakariaren abisua. Dei batek Ugaldeguren industrialdean dagoen enpresa batean izandako lan-istripu baten berri ematen du.
Dirudienez, langilea kamioia deskargatu aurreko lanak egiten ari zen, garraiatzen ari zen zamak jo duenean. Orduan, lurrera erori eta azpian harrapatuta geratu da, ELA sindikatuak azaldu duenez.
Istripuaren berri izan ondoren, suhiltzaileak, osasun arloko langileak eta anbulantzia bat bertaratu dira. Osasun-langileek ezin izan dute haren bizia salbatu. Langilea tokian bertan hil da, ezbeharrean izandako lesioen ondorioz.
ELAk salatu duenez, istripuak agerian utzi du "garraio sektorean segurtasun eta prebentzio neurririk ez dagoela", batez ere zamalanetan, "protokolo segururik, baliabide egokirik eta prebentzio koordinaziorik ez egoteak arrisku larrien eraginpean jartzen baititu langileak".
Hori dela eta, sindikatuak elkarretaratzea deitu du maiatzaren 5erako Ugaldeguren industrialdean, Eurobots enpresaren aurrean.