Erregaiaren prezioek behera, astelehenari ekiteko, krisiaren aurkako neurriak igandean indarrean sartu ostean
Zerbitzugunearen arabera, erregaien prezioak litroko 15-20 zentimo jaitsi dira. Neurriak jada indarrean dauden arren, Diputatuen Kongresuak onartu beharko ditu; datorren ostegunean, martxoaren 26an, bozkatuko dituzte neurriak.
Gasolindegi bat.
Krisiaren aurkako neurriak indarrean sartu osteko lehen laneguna da gaur, eta asko lanera bidean ibilgailua erregaiz hornitzeko geldituko ziren, edo geldituko dira. Bada, horiek nabarituko zuten dagoeneko lehengo astetik koskatxo bat behera egin dutela prezioek, izan ere, gasolindegiaren arabera, 15 eta 20 zentimo artean jaitsi dira.
Espainiako Gobernuak ostiralean onartu zituen Irango gerraren ondorioak arintzeko neurriak, eta, larunbatean Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren, igandean sartu ziren indarrean.
Planak 5.000 milioi euro mobilizatuko dituen 80 neurri biltzen ditu. Bi dekretuk osatzen dute: erregaien, elektrizitatearen eta gasaren beherapen fiskalak eta sektore kaltetuenentzako neurri ekonomiko orokorrak (dirulaguntzak, berbarako) jasotzen dituen errege lege-dekretu bat, eta alokairuen prezioak bi urterako izoztea jasotzen duen beste bat, Sumarrek bultzatuta.