Espainiako Gobernuak elektrizitatearen, gasaren, gasolinaren eta gasolioaren BEZa % 10era jaitsi du
Ezohiko Ministroen Kontseiluak Ekialde Hurbileko gerraren ondorioak arintzeko lehen neurri sorta bat onartu du gaur. Neurri horiek 5.000 milioi euro mobilizatuko dituzte. Sanchezen arabera, "ez du eragotziko legez kanpoko gerra honen ondorioak Espainiara iristea, baina bai eramangarriagoak izatea".
Pertsona bat, sukaldean, gasa erabiliz kozinatzen. Artxiboko argazkia: Europa Press
Ezohiko Ministroen Kontseiluak Ekialde Hurbileko gerra gurean eragiten ari den ondorioak arintzeko lehen neurri sorta bat onartu du ostiral honetan.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bileraren ostean egindako agerraldian esan duenez, 80 neurriko plan bat bultzatuta, Gobernuak 5.000 milioi euro mobilizatuko ditu "herritarrak babesteko, enpresa txiki eta ertainei, lehen sektoreari eta, jakina, industriari laguntzeko".
"Bihar bertan" indarrean sartuko den plan horrek 20 milioi etxeri eta hiru milioi enpresari zuzenean ekarriko die onura, Sanchezen hitzetan. "Ez du eragotziko legez kanpoko gerra honen ondorioak Espainiara iristea, baina bai eramangarriagoak izatea", erantsi du.
Neurri nagusiak
Planak "fiskalitate energetikoaren murrizketa drastiko" baterako neurriak jasotzen ditu; izan ere, elektrizitatearekin zerikusia duten zergak % 60 jaitsiko dira orotara.
Zehazki, elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, Energia Elektrikoaren Ekoizpenaren Balioaren gaineko Zerga (EEEBZ), konpainiek ordaintzen dutena, % 7koa, eten egingo da, eta Elektrizitatearen gaineko Zerga Berezia (EZB), kontsumitzaileek ordaintzen dutena, % 5etik % 0,5era murriztuko da, Europar Batasunak ezarritako gutxienekora.
Planak % 80ko hobaria ematen die arrisku handiena duten industrientzako bidesari elektrikoei, 200 milioi euro aurrezteko aukera emanez, eta malgutasun handiagoa emango zaie enpresa eta autonomoentzako energia-hornidurako kontratuei.
Era berean, urtearen amaierara arte luzatuko dira bonu sozial elektrikoaren aparteko deskontu guztiak, "modu esanguratsuan" indartuko da bonu sozial termikoa eta luzatu egingo da etxe kaltebenerei funtsezko hornidurak eteteko debekua.
Era berean, gas naturalaren, pelletaren eta egurraren BEZa tasa orokorretik (% 21) murriztura (% 10) jaistea adostu dute, eta butanoaren eta propanoaren prezioa izoztea.
Halaber, gasolinaren, gasolioaren eta beste hidrokarburo batzuen BEZa % 21etik % 10era jaistea erabaki du Exekutiboak, eta hidrokarburoen gaineko zerga murriztea, Europar Batasunean baimendutako gutxienekora arte.
Sanchezen hitzetan, erabilitako erregaiaren arabera, litroko 30 zentimo merkatzea ekarriko du neurriak. "Bestela esanda, auto arrunt baten depositoa betetzeko orduan, 20 euro aurreztuko dira. Hori da gure herritarren poltsikoan izango duen eragina", azaldu du Espainiako gobernuburuak prentsaurrekoan.
Bestalde, garraiolari, nekazari, abeltzain eta arrantzaleei erregai litroko 20 zentimoko hobari zuzena emango zaie, eta laguntza baliokidea emango zaie ongarritarako, sektore horiek "krisi honi aurre egin ahal izateko" eta herritarren "erosketa saskiaren prezioei ahalik eta gehien eusteko".
Subiranotasun energetikoa
Zerga alorrean, Espainiako Gobernuaren planak ekonomiaren elektrifikazioa eta subiranotasun energetikoa bultzatzeko neurri estrukturalak jasotzen ditu, eguzki panelak, kargatzeko puntuak eta bero-ponpak instalatzeko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan (PFEZ) kenkariak eginez, besteak beste. Era berean, ibilgailu elektrikoak edo entxufagarriak erosteko, % 15eko kenkariak aurreikusten ditu.
Sozietateen gaineko Zergan (SZ), ekipo fosilak ordezkatzeko sistema berriztagarriak jartzen direnean, amortizatzeko askatasuna emango da. Halaber, udalei ahalmena ematen zaie energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituztenentzat Ondasun Higiezinen gaineko Zergaren (OHZ) % 50erainoko hobaria emateko, baita sistema horien obra eta instalazioetarako % 95erainoko hobaria emateko ere.