PSOEk eta Sumarrek bi dekretu adostu dituzte, krisiari aurre egiteko neurriak eta etxebizitzaren ingurukoak jasotzeko
Irango gerraren ondorioak leuntzeko lege dekretua onartzeko Ministroen Kontseilua bi ordu pasako atzerapenarekin hasi da, Sumarreko kideek uko egin baitiote bileran sartzeari alokairuko kontratuen luzapena eta enpresen marjinak kontrolatzeko neurriak kanpoan uzten ziren bitartean. Azkenik, gobernukideak akordio batera iritsi dira.
Espainiako Gobernuko kideen artean tentsio handiko orduak izan dira ostiral goizekoak, baina PSOEk eta Sumarrek desadostasunak gainditu dituzte eta Ministroen Kontseiluaren bilera akordioa adostuta amaitu dute azkenean.
Irango gerrak sortu duen krisiari aurre egiteko neurrien inguruko dekretua jorratu behar zuen ezohiko Ministroen Kontseilua atzeratu egin da, Sumarreko kideek uko egin baitiote bilera gelan sartzeari, alokairuko kontratuen luzapena eta enpresen marjinak kontrolatzeko neurriak dekretutik kanpo uzten ziren bitartean.
Ministroen Kontseilua 09:30ean zen hastekoa, baina bi ordu pasako atzerapenarekin hasi da azkenean. Tarte horretan, aurrez aurre aritu dira negoziatzen Pedro Sanchez Espainiako gobernuko presidentea eta Yolanda Diaz Sumarreko buru eta bigarren presidenteordea. Antza, elkarrizketa horiei esker lortu dute azken orduetan tenkatutako negoziazioetan aurrera egitea.
Azkenik, Sumarreko iturrien arabera, bi dekretu onartu dituzte: bata, erregaien, gasaren eta elektrizitatearen gaineko beherapenak eta neurri fiskalak jasoko dituena, Sumarrek eskatuta enpresen marjinak mugatzeaz gainera, eta, bestea, alokairuko kontratuen luzapena barne hartuko duena (negoziazioetan beste oztopo nagusia zen).
Lehenengoan sartuko diren neurrien artean, erregaien gaineko zerga % 10era jaistea dago, bai eta elektrizitatearen gaineko zergak murriztea eta baita beste neurri batzuk ere, hala nola bonu sozial elektrikoa handitzea. Gainera, energia-iturrien hornidura etetea debekatzen du.
Bigarren dektretuak Sumarrek eskatzen zituen etxebizitzari buruzko ekimenak jasotzen ditu, besteak beste aurten iraungiko diren 600.000 errenta-kontratuak automatikoki luzatzeko. Hala ere, Sanchezek aurreratu duenez, gaur-gaurkoz ez dago dekretu hau baliozkotzeko gehiengorik Kongresuan.
Sanchez: "Ezohiko egoerek ezohiko erantzunak eskatzen dituzte"
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen hitzetan, Irango gerrak izango duen eragin ekonomikoa arintzeko planak 80 neurri jaso eta 5.000 milioi euro bideratuko ditu "herritarrak babesteko, eta enpresa txiki eta ertainei, lehen sektoreari eta, jakina, industriari laguntzeko".
"Ezohiko egoerek ezohiko erantzunak eskatzen dituzte, eta hori da Ekialde Hurbileko krisiari erantzuteko plan integral honek jasotzen duena", esan du Espainiako gobernuburuak komunikabideen aurrean, Ministro Kontseiluaren ostean egindako agerraldian.
Sanchezen arabera, Ekialde Hurbilean piztutako "legez kanpoko gerra" mundu mailako lurrikara ekonomiko baten lehen dardarak eragiten ari da, eta herritarrak dira lurrikara hori sumatzen lehenak, esaterako autoa hartzen duten bakoitzean, erregaien prezioen igoera jasaten hasiak baitira, horren hitzetan.
"Inork ez daki norantza doan egoera eta nola eboluzionatuko duen krisiak. Ez dakigu gatazka honek zenbat iraungo duen; egunak, hilabeteak edo urteak izango diren. Eraginen neurriaren arabera, ondorioei eutsi ahal izango zaie edo krisi larri bilaka litezke", adierazi du.
Sanchezek esan duenez, Lehiaren Merkatuen Batzorde Nazionalari gainbegiratze- eta zigortze-gaitasun berriak emango zaizkio, "krisi hau nahiz Estatuak emandako dirulaguntzak euren burua aberasteko aprobetxatzen dituen edozein enpresa jazarri eta gogor zigortzeko".
Helburua da laguntzak benetan erabilgarriak izatea, eta "zergadunen ahaleginetik ateratzen den plan honetako euro bakoitza beraiengana itzultzea osorik". "Onartuko ez duguna da inork gerra honen lepotik aberastu nahi izatea", azpimarratu du.
Sumar, pozik
Sumarrek esan du pozik daudela nahi zituzten hainbat neurri sartu dituztelako, batez ere enpresen marjinak kontrolatu eta alokairuak luzatzeko; izan ere, gaur goizean Kontseilua egin aurretik mahai gainean zegoena zergak jaisteko dekretu hutsa zen. "Orain oso bestelakoa da egoera", esan dute, pozik.
Monica Garcia Osasun ministroak esan du Ministroen Kontseiluan "alokairuen luzapena eta enpresen marjinen kontrola gehituz ezkutu soziala handitzeko" adostasuna lortu dutela.
"Gerra bidegabe eta immorala honen ondorioak arintzeko laguntzez gain, indarrean izango dira maizterrak babesteko neurriak eta espekulazioa blokeatzeko neurriak, prezioen marjinena kasu", gaineratu du.
EAJ "pozik" agertu da, baina EH Bilduren ustez, "ez da nahikoa"
EAJk eta EH Bilduk ohar bana zabaldu dute hartutako neurrien berri izan ondoren. EAJ "pozik" agertu da euren eskaerei erantzun dietelako; izan ere, "familiek eta autonomoek ez dituzte krisi honen ondorioak ordaindu beharko". "Gure ustez, Euskal Taldeak proposatutako 31 neurrien filosofiari jarraitzen dio sektore jakin batzuetan", gaineratu du EAJk.
Bestalde, EH Bilduk positibotzat jo du Sanchezen gobernuari eskatu eta helarazi zizkion herritarren babeserako hiru neurri garrantzitsu jaso izana dekretuan: bonu sozial elektriko eta termikoa zabaltzea, oinarrizko horniduren mozketak debekatzea eta industria elektrointentsiboei bideratutako laguntza mekanismoa berreskuratzea. Horren iritzian, baina, "ez da nahikoa".
PPk ez du bere babesa ziurtatu nahi, eta Podemosek esan du ez dela eraginkorra
PPk ez du argitu nahi izan krisiaren aurkako dekretuak Kongresuan bere babesa jasoko duen, baina, adierazi duenez, bere "proposamen guztiak" jasotzen badira bakarrik bozkatuko dute Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorioak arintzeko dekretuaren alde.
Irene Monterok, bere aldetik, kritikatu duenez, Espainiako Gobernuak onartu duen dekretuan jasotako "neurriak ez dira nahikoak, ezta eraginkorrak ere". Monteroren arabera, bere taldearen aldeko botoa ez dago ziurtatuta, eta dekretu horrek elikagaien eta energiaren prezioak mugatzen laguntzeko baino ez du balioko.
Zure interesekoa izan daiteke
Grande-Marlaskaren eta Roblesen kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren kargugabetzeak eskatu ditu, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.