EAJ "pozik" dago krisiaren aurkako neurriekin, baina "ez da nahikoa", EH Bilduren ustez
Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Koalizio abertzaleak positibotzat jo du Sanchezi helarazitako hiru proposamen jaso izana, baina neurriek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handituko dituztela kritikatu du. Bestalde, PPk ez du bere babesa ziurtatu, eta Podemosek esan du krisiaren aurkako plana ez dela eraginkorra.
Gasolindegi batean hartutako irudia. Artxiboko argazkia: Europa Press
EAJk eta EH Bilduk oharra zabaldu dute Espainiako Gobernuak Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorio ekonomikoak arintzeko asmoz hartutako neurrien inguruan. Ezohiko Ministroen Kontseiluak lehen neurri sorta bat onartu du ostiral honetan, bi dekretu adostuta: bata, krisiari aurre egiteko neurriei buruzkoa, eta bestea, etxebizitzari buruzkoa.
Testuinguru horretan, EAJ "pozik" agertu da euren eskaerei erantzun dietelako; izan ere, "familiek eta autonomoek ez dituzte krisi honen ondorioak ordaindu beharko". Jeltzaleek azpimarratu dutenez, “industria, Euskadiko ekonomiaren motorra eta milaka lanpostu sostengatzen dituena, ez da salbuespena, bereziki industria elektrointentsiboa”.
EAJk positibotzat jo ditu Gobernuak gaur onartutako neurriak, erregaien eta energiaren prezioak kontrolatzeko: "Gure ustez, Euskal Taldeak proposatutako 31 neurrien filosofiari jarraitzen dio, sektore jakin batzuetan, hala nola garraioan, industrian, abeltzaintzan eta arrantzan, zuzeneko laguntzekin eta ekimen fiskalekin jardutea bilatzen baitute".
Jeltzaleen arabera, neurri horiek "elektrizitatearen eta erregaien azken prezioa familientzat eta autonomoentzat eskuragarriagoa izaten lagunduko dute". Hala, Ekialde Hurbileko gatazkak herritarrengan duen eragina murriztea dute helburu.
Etxebizitzari buruzko neurriak jasotzen dituen bigarren dekretuari edo enpresen marjinen gaineko kontrolei dagokienez, behin betiko testua oraindik ez dutela jaso adierazi dute jeltzaleek, eta, baloratu ahal izateko, lehenik irakurri eta aztertu egin behar dutela.
EH Bilduk, bere aldetik, positibotzat jo du Sanchezen gobernuari eskatu eta helarazi zizkion herritarren babeserako hiru neurri garrantzitsu jaso izana dekretuan: bonu sozial elektriko eta termikoa zabaltzea, oinarrizko horniduren mozketak debekatzea eta industria elektrointentsiboei bideratutako laguntza mekanismoa berreskuratzea. Horren iritzian, baina, "ez da nahikoa".
"EH Bildu ez dator bat, prezioen eta mozkinen igoera espekulatiboa eragotziko duten neurririk hartu gabe, zergen murrizketa orokorra egitearekin, horrek energia eta petrolio enpresa handien irabaziak handitzea baino ez baitu eragingo, Ukrainako gerraren bueltan egiaztatu genuen bezala. Ez ditzagun errepikatu dagoeneko huts egin duten neurriak", nabarmendu du koalizio abertzaleak.
EH Bilduren ustez, "ezinbestekoa da, ziurgabetasun eta babesgabetasun egoera honetan, aberastasunaren bidezko banaketa bermatzea". Horregatik, lanean jarraitzeko prest agertu da, "gizartearen gehiengoa, euskal industria eta gerrak gogorren jo dituen sektoreak babestuko dituen ezkutu sozial eta ekonomikoa lortzeko".
"Beharrezkoa da babes sozialean eta etxebizitzaren arloan neurriak hartzea: hala nola alokairuen kontratuak eta hipoteka kuota aldakorrak luzatzea, prezioak eta enpresen irabaziak mugatzea espekulazioa saihesteko, industriari laguntzea, iturri berriztagarrietan oinarritutako trantsizio energetikoa bultzatzea, eta enpresa handiak krisi honi aurre egitera behartuko dituen bidezko fiskalitatea sustatzea, gerraren ondorioak berriro ere klase herrikoien gain gera ez daitezen", gaineratu du EH Bilduk.
PPk ez du bere babesa ziurtatu nahi
PPk ez du bere babesa ziurtatu nahi izan krisiaren aurkako dekretuari Kongresuan; izan ere, adierazi duenez, bere "proposamen guztiak" jasotzen badira bakarrik bozkatuko dute Ekialde Hurbileko gerrak eragindako ondorioak arintzeko dekretuaren alde.
Hala, Miguel Tellado PPko idazkari nagusiak baieztatu duenez, Talde Popularrak ez du etxebizitza neurriei buruzko "ezkerreko" lege dekretua babestuko, eta "sakon" aztertuko du krisiari aurre egiteko neurriak biltzen dituenarekin zer egin.
"PPk Espainiako Gobernuari bermatu ziezaiokeen aldeko boto modu bakarra dekretu bat zen, Talde Popularrak duela bi aste erregistratutako legez besteko proposamenean jasotako neurri guzti-guztiak jasotzen zituena, beste proposamenik jaso gabe", gaineratu du PPk.
Krisiaren aurkako plana ez dela eraginkorra salatu du Podemosek
Irene Monterok kritikatu du Espainiako Gobernuak onartutako dekretuan jasotako "neurriak ez direla nahikoak ezta eraginkorrak ere". Monterok ohartarazi duenez, bere taldearen aldeko bozka Kongresuan ez dago ziurtatuta, eta soilik baliagarria da elikagaien eta energiaren prezioak mugatzen laguntzeko.
"Uste dut neurriak ez direla nahikoak ezta eraginkorrak ere, PPk proposatzen dituen neurriak dira. Argi eta garbi esaten dut: Podemosen aldeko bozka kontuan hartu nahi badute, Espainiako Gobernuak alokairu-merkatuan esku hartu behar du eta elikagai, energia eta premia biziko produktuen prezioak mugatu", azpimarratu du Monterok.
Zure interesekoa izan daiteke
Grande-Marlaskaren eta Roblesen kargugabetzea eskatu du Telladok: "Ceutan gertatu den guztiaren erantzuleak dira"
Miguel Tellado Alderdi Popularreko idazkari nagusiak, Gasteiztik, Fernando Grande-Marlaska Espainiako Gobernuko Barne ministroaren eta Margarita Robles Defentsa ministroaren kargugabetzeak eskatu ditu, Ceutako migrazio krisiaren aurrean ez dutelako "ezer egin".
Gizon bat atxilotu dute, Bilbon Cake Minuesaren kontrako derrigortze eta gorroto delituak egitea egotzita
Okdiario hedabideko kazetaria Mundialeko finalaren egunean Bilbon egiten ari ziren euskal selekzioaren aldeko manifestazio batean zegoen.
Ceutan sartu ziren 72.000 pertsonetatik 70.000 Marokora itzuli direla ziurtatu du Marlaskak
Migrazio-krisi honetan hiri autonomora iritsi diren adingabeei premiazko arreta emateko, Espainiako Gobernuak 25 milioi euroko partida gehigarri bat bideratuko du Ceutara.
Zapaterok errekurritu egin du haren kontuak eta haren gertukoenak ikertzeko epaileak emandako agindua
Espainiako Gobernuko presidente ohiaren defentsak ohartarazi duenez, banku-kontuak ikertzeko baimen "orokor" batek "ikerketa prospektibo" bati bide eman diezaioke.
Espainiako inteligentzia zerbitzuek ez zuten Ceutako krisiaz ohartarazi, Gobernuaren arabera
Elma Sainz bozeramaileak adierazi du CNIk ez zuela horren gaineko txostenik egin.
Etxebarriak defendatu du Gasteizko Udala izan zela diskoteketako atezainen legea indartzeko eskatzen aurrena
Kerman Villate gaztearen gurasoek egindako adierazpenen ondoren, Maider Etxeberria Gasteizko alkateak ez du barne ikerketaren inguruan ezer esan. Soilik esan du Udalak "berehala" erantzun zuela, Eusko Jaurlaritzari diskoteketako segurtasun-langileen gaineko araudia indartzeko eskatuz, eta heriotza ez zela "inoiz gertatu behar izan" gaineratu du.
Hondartzetan mobilizazioa egin dute atzera ere Sarek eta Etxeratek, ETAko preso guztiak etxera itzultzea aldarrikatzeko
Ehunka pertsona bildu dira Bizkaiko eta Gipuzkoako 11 hareatzetan, oraindik ere erregimen itxian dauden presoei espetxe politika arrunta aplikatzea eskatzeko.
"Muga zabalik", "Haraga Ceuta": horrela hauspotu zuten sare sozialek Ceutako sarrera masiboa
Sare sozialek berebiziko garrantzia izan zuten milaka gazte Ceutan sartzera animatzeko orduan.
Ceutan, desagertutako senideen bila ari dira familia ugari, eta gorpuak identifikatzeko toki bat ireki dute
Oraingoz, 72 hildako zenbatu dituzte, baina urpekariek gorpu gehiago aurkitu dituzte.
Ceutako muga normaltasuna berreskuratzen ari da pixkanaka, baina hildakoak 67 dira jada
Migratzaile batzuek esan dute berriro saiatuko direla, eta "Poliziaren estrategia" kritikatu dute, saltokiei ixteko eskatu dietelako. 50.000 etorkin inguru itzuli dira Marokora.