Itunpeko ikastetxeetako grebak % 65eko jarraipena izan du, sindikatuen arabera
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan gaur egiten ari diren greba % 65eko jarraipena izaten ari da, sindikatuek emandako datuen arabera. Gaur hasi eta urtarrilaren 25era bitartean zortzi eguneko greba deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek, lan hitzarmena berritzeko negoziazioek kale egin ostean.
ELA sindikatuaren esanetan, Eusko Jaurlaritza "greba desitxuratzen" saiatu den arren, gaurko deialdiak ere jarraipen zabala izan du, aurrekoen ildo beretik.
Dena dela, sindikatuak negoziatzeko prest daudela azpimarratu du ELAk. Hori dela eta, patronalei eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu dezala eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela.
Gaurkoa ikasturte honetako zazpigarren greba eguna izaten ari da. Aurretik, beste sei lanuzte egin zituzten irakasleek urrian eta azaroan. Greba deialdi horrek 215 ikastetxetako 120.000 ikasle eta 9.000 langilerengan izango du eragina, EAEko itunpeko sarearen % 70ean.
Gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetako langileak kalera atera dira gaur Bilbon, eta manifestazioa egin dute Jesusen Bihotza plazatik abiatuta. ELAren arabera, Bilbon antolatutako manifestazioan 5.000 langile baino gehiago elkartu dira 9.000 langile biltzen dituen kolektibo batean.
Patronalaren balorazioa
Kristau Eskolak, gizarte ekimeneko itunpeko ikastetxeetan nagusi den patronalak, nabarmen murriztu ditu jarraipen portzentajeak. Bere datuen arabera, langileriaren % 28 ez da gaur lanpostura joan, alegia, 8.196 beharginetatik 2.314.
Datuon arabera, grebak Bizkaian izan du jarraipen handiena (% 38), ondoren Araban (% 21) eta Gipuzkoan (% 19).
AICE-IZEA patronalak ez du oraingoz jarraipen daturik eman.
Bestalde, gurasoak, bereziki 2. Batxilergokoak, oso arduratuta daude seme-alabek galduko dituzten eskola-orduengatik. 8 greba egunen ostean, ikasleek 152 eskola-egunen % 10 galduko dute.
Gutxieneko zerbitzuak handitu ditu Jaurlaritzak
Grebaren bezperan, aurretik ezarritako zerbitzu minimoak nabarmen handitu zituen Eusko Jaurlaritzak. Orain arte bi pertsona ziren ikastetxe bakoitzeko: zuzendaritzako kide bat eta administrazioko kide bat, eskolako sarrera bermatzeko.
Alabaina, greba honetarako Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan irakasle bana izango dute, eta 100 ikasle baino gehiago matrikulatuta dituzten mailetan ere irakasle bat egon beharko da lanean. Halaber, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (DBH), Batxilergoan eta Lanbide Heziketako zentro bakoitzean ere irakasle bat izan beharko da.
Horrez gain, hezkuntza bereziko ikasgeletan normalean izaten diren langileen % 50 izan beharko dira lanean.
Sindikatuen ustez, Jaurlaritzak greba honetarako ezarri dituen gutxieneko zerbitzuak "gehiegizkoak" dira eta langileen "grebarako eskubidea urratu dezakete".
Jarrerak, muturtuta
Lan-hitzarmena 10 urtez berritu gabe izan ostean, erosteko ahalmena berreskuratzeko negoziazioetan aurrera egitea aldarrikatzen dute langileek; sindikatuen datuen arabera, 2009tik % 12 behera egin baitu langileon erosteko ahalmena. Halaber, DBHko irakasleen soldatak hobetzea eskatzen dute; ziklo bakoitzeko soldata igoera ezberdina eskatzen baitute. Halaber, behin-behineko langileen lan-baldintzak hobetzea nahi dute; esaterako, 0-3 urte arteko irakasleena, baita laguntza berezia ematen dutenena ere.
Patronalak proposamen "serioa" noiz egingo zain daude sindikatuak. Gaur manifestazioa egingo dute Bilbon, 11:30ean hasita.
Oso bestelakoa da patronalaren irakurketa. Kristau Eskolaren arduradunek nabarmendu dutenez, 2017ko azarotik lau proposamen egin dizkiete langileei, eta horiek "erantzun maximalistak" baino ez dizkiete eman.
AICE-IZEA patronalaren esanetan, soldata % 10,5 igotzearen aldarrikapena ezin dute "inondik inora onartu". Gogorazi dutenez, euren finantzazio iturri "bakarrak administrazioaren kontzertu eta dirulaguntzak eta familien ekarpenak dira".
Zure interesekoa izan daiteke
Angularen arrantza kanpainak bertan behera jarraitzea berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziearen egoera kritikoa egiaztatu ondoren.
Diesel litroa 2 eurotik gorakoa da jada Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.
Nafarroako Ekonomia eta Gizarte Kontseiluak Irango gerraren ondorioei aurre egiteko neurriak aztertuko ditu
Nafarroako Gobernuak aurreratu du Ministroen Kontseiluak ostiral honetan iragarriko dituen neurriak arretaz aztertuko dituela Nafarroan aplika daitezkeen egiaztatzeko.
"Indarberriturik eta helburua lortzetik gertuago" atera dira langile klasea eta indar sindikala, ELAren eta LABen ustez
Sindikatuen ustez, greba orokorra "klase elkartasun erakustaldia" izan da. LGS propioa lortzeko bideak zabalik daudela adierazi dute (bai patronalarekin, bai Espainiako Kongresuan) eta Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri, eskatu diote argitu dezala Legebiltzarrean eta Espainian dituen jarrera kontraesankorrak.
Atzoko greba orokorra "indar erakustaldia" izan zen, LAB eta ELA sindikatuen aburuz
Radio Euskadin eta Euskadi Irratian egindako elkarrizketetan LAB eta ELAko idazkari nagusiek adierazi dutenez, atzokoak "oso mobilizazio jendetsuak izan ziren, 135.000 pertsona ere batu zirela". "Indarberrituta atera gara", azpimarratu du Garbiñe Aranburu LABen koordinatzaile nagusiak.
Albiste izango dira: Greba orokorraren balantzea, Iranek Ali Larijaniren heriotza eta Ipar Euskal Herriko udal hauteskundeen bigarren itzulia
Orain-ek gaur landuko dituen albiste nagusien laburpena.
Ertzaintzak hiru pertsona atxilotu ditu greba orokorraren egunean
Desordena publikoak egitea leporatzen zaie. Gainera, bost pertsona ikertzen ari da eta 165 identifikatu ditu.
Egungo gutxieneko soldata kobratzen dutenek diote ez dela nahikoa duintasunez bizi ahal izateko
Zaintzan eta garbiketan; ostalaritzan eta turismoan; saltokietan, logistikan eta nekazaritzan… Arlo horietan ohikoa izaten da lanbidearteko gutxieneko soldata erreferentziatzat hartzea ordainsariak ezartzeko. Langileek salatzen dute jasotzen duten horrekin ezin dela bizi, eta ezinbesteko jotzen dute 1.500 eurora igotzea, duintasunez bizi ahal izateko.