Osakidetza
Gorde
Kendu nire zerrendatik

LEPeko ustezko irregulartasunen auzian pertsonatzea ukatu dio epaileak Osakidetzari

Eusko Jaurlaritzak helegitea jarri dio auzia ikertzen ari den Gasteizko epaitegiaren erabakiari. Hiru doktoreren eta lekukoen deklarazioak maiatzean izango dira.
Azterketak Osakidetzako LEPean.
Azterketak Osakidetzako LEPean. Artxiboko irudia: EFE.

Osakidetzaren Lan Eskaintza Publikoan ustez izandako irregulartasunak ikertzen ari den epaileak Gasteizko epaitegi batean irekita dagoen pertsonatzeko eskaera ukatu dio EAEko osasun zerbitzuari. Exekutiboak helegitea jarri du.

Nekane Murgak zuzentzen duen sailaren iturriek baieztatu dute albistea. LEP honetan ustez izan ziren filtrazioen ondorioz dimisioa eman zuen Jon Darponen ordez izendatu zuten Murga. Iturri beren arabera, helegitea jarri du Osakidetzak.

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen arabera, Osakidetzako zerbitzu juridikoak ez daude ados, "nekez" pentsatu daitekeelako prozesu honetan Osakidetzak duenaren baino interes handiagoa duen inor dagoenik. Erresoluzio horren kontrako helegiteari buruz zer ebazten denaren zain dago Eusko Jaurlaritza.

Sindikatu batzuek jarritako salaketen ostean ireki zen auzia. EAEko Fiskaltza Nagusiak ikerketa hasi zuen, 19 espezialitate medikotan irregulartasunik izan ziren jakiteko.

Ikerketaren ostean, sekretuak agerraraztearen zantzuak ikusi zituen fiskalak Anestesiologia, Angiologia eta Digestiboa espezialitateen arduradunen ekintzetan, eta hirurak inputatu gisa deklaratzera deitzea erabaki zuen. Gasteizko 2. instrukzio epaitegiko epaileak Fiskaltzaren salaketa onartu zuen martxoan, eta eginbideak hastea erabaki zuen.

Horrela, hiru doktoreak ikertu bezala deklaratzera deitu zituen, desleialtasuna agirien zaintzan eta sekretuak agerraraztea delituen ustezko egileak bezala. Beste hamar mediku lekuko gisa deklaratzera deitu zituen. Maiatzean izango dira deklarazioak.

Guztira, 72.500 pertsona aurkeztu ziren eskaintza publikora, 2018an. Salaketen ostean, Osakidetzak bost azterketa errepikatzea erabaki zuen, hiru espezialitate medikotan.

Darponez gain, beste bi dimisio ekarri ditu auziak: Juan Carlos Soto Giza Baliabideen zuzendariarena eta Maria Jesus Mugica Osakidetzako zuzendari nagusiarena. Gainera, Ricardo Ituarte Osakidetzako zuzendari ekonomikoa kargutik kendu zuten.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 18/03/2026.- El secretario general de CCOO Euskadi, Santi Martínez (i), y el responsable de política lingüística, Alfonso Ríos (d), intervienen este miércoles en la rueda de prensa en la que el sindicato ha expuesto su política lingüística y las consecuencias de su defensa. EFE/ Miguel Toña
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela

Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X