Lanuzteak
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Lehen Arretan greba egingo dute ostiral honetan, Osakidetzaren "arazo larriak" salatzeko

Sindikatuek langileen eta herritarren "ezinegona eta nekea" salatuko dituzte. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ez da lanuzteak egiteko momentua. Sindikatuen eta Osasun Sailaren arteko negoziaketak etenda daude.
Protesta Lehen Arretan.
Protesta Lehen Arretan. Artxiboko irudia: EFE

Greba eguna dute bihar, ostirala, Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Arretan, sindikatu nagusiek deituta, langileei zein erabiltzaileei eragiten dieten Osakidetzaren "arazo larriak" salatzeko.

Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek bat egin dute deialdian. Langileen ordezkarien eta Osasun Sailaren arteko negoziaketak etenda daude. Izan ere, sindikatuek Mahai Sektorialera ez joatea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzaren negoziatzeko asmoak benetakoak ez direla iritzita.

Sindikatuek esan dutenez, "propaganda eta xantaia" erabiltzen ari da Osakidetza Mahai Sektorialaren deialdian, greba desaktibatzeko helburuarekin, eta bileraren gai zerrendan sartu du aspalditik adostuta duten baina Osakidetzak bete gabe jarraitzen duen garapen profesionalaren auzia.

Grebarekin bat etorri ez den Euskadiko Medikuen Sindikatuak ere Mahai Sektorialera ez joatea erabaki du, Osakidetzak negoziatzeko asmorik ez duelako.

Langileen eta herritarren "egonezina eta nekea" salatu dute sindikatuek, eta kritikatu dute Osasun Sailak ez duela "urrats bakar bat ere eman" osasun sistema publikoa "hondatzea" dakarten neurriak bertan behera uzteko.

Osakidetzako langileen artean belaunaldien arteko erreleboa ziurtatzeko "planifikazio falta" salatu dute, eta ohartarazi dute prekarietatearen eta lan-kargaren ondorioz, langileak Lehen Arreta uzten eta beste espezialitateetara, osasun pribatura edo atzerrira joaten ari direla.

Sindikatuen arabera, beharrezkoa da 5.000 lanpostu berriko eskaintza publikoa deitzea, eta horien artean, 1.000 Lehen Arretakoak izatea, lan-karga onargarria izan dadin, lan-baldintzak duinak izan daitezen eta osasun-arreta kalitatezkoa izan dadin.

Euren ustetan, "murrizketekin, inbertsio faltarekin eta pribatizazioarekin jarraitzeko aitzakia ezin hobea" bihurtu da pandemia Osakidetzarentzat.

Iñigo Urkullu lehendakariak zein Gotzone Sagardui Osasun sailburuak aitortu dute zailtasunak egon badaudela, baina osasun sistema publikoak "maila eman" duela pandemian, eta ez dela greba egiteko unea.

Eusko Jaurlaritzaren arabera, Espainiako Estatuko osasun gastu handiena duen erkidegoa da EAE, urtean pertsonako 1.984 eurokoa. Halaber, aurrekontuaren bi heren langileriari bideratzen zaiola eta Osasun Sailaren aurrekontua nabarmen hazi dela azpimarratu du (2019ko 3.800 milioi euro izatetik, aurten 4.300 milioi izatera iritsi da).

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk bat egin dute sindikatuek deitutako bi grebekin. Horrez gain, larunbatean manifestazioak daude deituta EAEko hiru hiriburuetan.

Gutxieneko zerbitzuak, larunbat baten gisan

Lan eta Enplegu Sailak greba egunetarako gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu. Lanuzteek ez diete arakatze, erauzketa eta txertaketa zerbitzuei eragingo, ezta Etengabeko Arretako Guneei eta garbiketari ere  (% 100koa da gutxieneko zerbitzua).  Osasun zentroetan larunbatetako beharginak izango dira, eta arreta telefonikoa % 50ekoa izango da.

Zure interesekoa izan daiteke

BILBAO, 01/04/2026.- El delegado de ESK en Tubos Reunidos, Gorka Abascal, muestra el escrito que han entregado en las oficinas de la acería en Bilbao, en el que el Comité de Empresa reclama a la dirección la retirada del ERE que afecta a 285 trabajadores. EFE/Jon Ander Santamaria
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak "inplikazioa" eskatuko dio Jaurlaritzari, asteazkenean egingo duten bileran

Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X