Tubos Reunidoseko enpresa batzordeak "inplikazioa" eskatuko dio Jaurlaritzari, asteazkenean egingo duten bileran
Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin.
Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta Tubos Reunidoseko enpresa batzordeko kidea. Artxiboko argazkia: EFE
Tubos Reunidoseko langileek enpresaren egoera bideratzeko "inplikazioa" eskatuko diote Eusko Jaurlaritzari, Elena Lopez Barredo Lan sailburuordearekin asteazken honetan egingo duten bileran. Dena den, langileen ordezkariek argi utzi dute exijentzia mailari eutsiko diotela.
Gorka Abascal ESK sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko kideak adierazi duenez, bilerara jarrera positibo eta arduratsuarekin joango dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko negoziazioak nola doazen ezagutzeko asmoz. Enpresak bere zorraren erdia baino gehiago Espainiako Gobernuarekin dauka, zehazki, SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatearekin, eta, hortaz, zeresan handia dauka enpresaren bideragarritasunean.
Abascalen esanetan, etziko bileran argi utziko dute ez dutela onartuko trukerako txanpon izatea. Salatu duenez, orain arte enpresari barkatu egin zaio urteetan pilatutako zorra, erantzukizuna langileen bizkar jarriz.
Orain arte instituzioen aldetik ez dutela laguntza handirik salatu du Abascalek, eta aurreratu du "oso kritikoak" izango direla erakundeen jokaerarekin.
SEPI Industria Partaidetzarako Espainiako Sozietatea enpresaren kapitalean sartzea edo akziodun bihurtzea aukera bat izan daitekeela uste du Abascalek, baldin eta zorra kobratzeko aukerarik ikusten ez badu.