Hiru ordurainoko atzerapenak eta "anabasa maletekin" Loiun, hirugarren greba egunean
Iberiako lurreko laguntza zerbitzuko langileek deitutako hirugarren greba egunak "hiru ordurainoko atzerapenak eta maleten anabasa" eragin ditu igande honetan Bilboko aireportuan, lau eguneko lanuzteak deitu dituzten sindikatuek jakitera eman dutenez.
Aire-konpainia lanean ari da azken orduotan Bilboko, Bartzelonako eta Kanaria Handiko aireportuetan pilatu diren maleta guztiak bezeroei "ahalik eta azkarren" bidaltzeko. Halaber, greba ez dela "irtenbidea" azpimarratu du Iberiak.
Bilboko aireportuaren "kolapsoa" erabatekoa izan da igande honetan: ehunka bidaiarik ilara luzeak egin dituzte fakturatu nahian, lurreratu ondoren hegazkin askok ezin izan dute ekipajea deskargatu eta aireportuan maleta ugari pilatu dira.
CCOO eta UGT sindikatuek Iberiak egoera horri aurre egiteko duen "ezintasuna" eta "eraginkortasunik eza" salatu dute. Goiza aurreko bi greba egunen "ildo beretik abiatu da", baina aurreko egunetan baino hegaldi gehiago aurreikusita daudenez, arazo ugari sortu dira; izan ere, Gabonetako oporretatik itzultzeko joan-etorri handiko eguna da gaurkoa Loiun.
Hegaldi batzuek bi ordu eta erdi baino gehiagoko atzerapena izan dute 10:00etarako, bereziki helmuga Madril, Malaga edo Bartzelona zutenek.
Sindikatuen arabera, 17 hegaldiri eragin zien grebak atzo Loiun, eta, atzerapenen ondorioz, azken orduan hegaldi bat desbideratu behar izan zuten Bartzelonara.
Gaur hegaldi gehiago aurreikusita daudenez, jende gehiago pilatu da maletak fakturatu eta hegazkinera igo nahian. Hori dela eta, aurreko egunetan baino "arazo gehiago" jazo dira.
Greba deitu duten sindikatuen esanetan, bete beharreko gutxieneko zerbitzuak % 90ekoak izan arren, grebaren jarraipena "erabatekoa izaten ari da Loiun", eta "maletekin anabasa" atzeman daitekeela ziurtatu dute. "Inork ez daki maleta horien jabeek noiz jasoko dituzten ekipajeak, Iberiako zuzendaritzak horren inguruan esaten duena ez baita egia", adierazi dute. Hondarribian, ordea, eragina oso txikia izaten ari da.
Kanarietatik Bilbora zetorren hegaldi bateko bidaiariak, Bartzelonan
Gauean, Kanaria Handitik Bilborako bidean irten zen hegaldi bateko 180 bidaiarik Bartzelonan igaro dute gaua. Datozen orduotan autobusez egingo dute bidaia, eta, ondorioz, 24 ordu inguru beharko dituzte hasieran hiru ordu bakarrik iraun behar zuen bidaia egiteko.
"Atzo hiru orduko atzerapenarekin atera ginen Kanaria Handitik, ezin zirelako maletak hegazkinean sartu, eta bagenekien ezingo ginela Bilbora garaiz iritsi, aireportua 24:00etan ixten baita", azaldu du kaltetutako bidaiari batek.
Hori dela eta, Vueling konpainiako bidaiariak haserre agertu dira gaur goizean Bartzelonako El Prat aireportuan.
Lanuzte gehiago deitzea aztertuko dute sindikatuek
Laster greba egun gehiago deituko dituztela esan dute sindikatuek, betiere airelineak haien eskaerei erantzuten ez badie: "Iberiak ez badu inolako keinurik egiten, lanuzte gehiago deitzea aztertuko dugu".
Gainera, protesta beste zerbitzu batzuetara ere zabal liteke, hala nola hegazkinen mantentze-lanetara.
Iberiaren arabera, % 18,5ekoa da grebaren jarraipena
Iberiaren arabera, batez beste % 18,5ekoa da lurreko zerbitzuetako langileak aireportuetan egiten ari diren grebaren hirugarren egunaren jarraipena. Aire-konpainiaren arabera, "normaltasunez" hasi da eguna, % 88ko puntualtasunarekin 09:00ak arte.
"Orain arte hegazkinen sartu ezin izan diren maleta guztiak horien helmugetara bidaltzeko lanean ari da konpainia", azaldu dute Iberiako iturriek. Hala, bidalketa hori beste hegazkin batzuetan edo errepidez garraiatuz egitea aztertzen ari dira, bidaiariei ekipajea ahalik eta lasterren helarazteko.
Konpainiak 539 hegaldi ditu aurreikusita gaurko, Gabonetako oporren osteko itzulera egun nagusia mugimendu handiko eguna baita aireportuetan.
Zure interesekoa izan daiteke
Tubos Reunidoseko langileek elkarretaratzea egin dute Bilboko San Mameseko zabalgunean
Athletic-Betis partidaren atarian lan erregulazioa eta altzairutegia ixtearen kontrako jarrera azaldu dute. Gainera borondatezko bajei atxikimendua emateko prozesua kritikatu dute eta zalantzak dituzte 301 langileek izena eman ote duten.
LABek "ez du derrigorrezko kaleratzerik onartuko" Tubos Reunidosen
Garbiñe Aranburu LABeko idazkari nagusiak adierazi du ez dutela enpresaren "xantaia" onartzen, eta erantsi du ez dutela onetsiko 300 langile kaleratu behar izatea enpresaren bideragarritasunaz negoziatzen hasteko.
Indarrean dira Irango gerrak sortutako krisiaren aurka Espainiako Gobernuak hartutako neurriak
Elektrizitatea eta erregaiak merkeagoak dira, besteak beste, BEZa % 21etik % 10era jaitsi delako.
Aldizkari ofizialak argitaratu ditu jada Espainiako Gobernuaren krisiaren aurkako neurriak, eta bihar jarriko dira indarrean
Elektrizitatearen BEZa % 21etik % 10era jaitsiko da, gasolinaren, gasolioaren eta beste hidrokarburo batzuena bezalaxe.
Tubos Reunidoseko langileek trafiko arazoak eragin dituzte Bilbon, Sabino Arana etorbidea moztuta
Tubos Reunidoseko langileek Sabino Arana etorbidea moztu dute. Argazkia: EITB Media
EBZk inflazioaren gorakada eta hazkundearen moteltzea aurreikusi ditu, Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz
Abenduko proiekzioekin alderatuta, aurten bereziki inflazioak gora egingo duela ohartarazi du Europako Banku Zentralak (EBZ), Ekialde Hurbileko gerraren ondorioz energiaren prezioak nabarmen igo direlako.
Angularik ezin dela arrantzatu berretsi du EAEko Justizia Auzitegi Gorenak
Iazko azaroan, 2025-2026rako aurreikusitako angularen kanpaina bertan behera geratu zen EAEn, Eusko Jaurlaritzaren txostenek espeziea egoera kritikoan zegoela egiaztatu baitzuen.
Diesel litroa 2 eurotik gora dago Hego Euskal Herriko gasolindegi askotan
Gasolioaren prezioa % 30,78 igo da martxoan, Irango gerrak eragindako ezegonkortasunaren ondorioz, eta maximo berria ezarri du, litroko 1,916 eurora iritsi baita EAEn, batez beste, 2022ko uztailetik izan duen preziorik garestiena.
Euskadiko CCOOk gaitzetsi du ELAk "seinalamendu kanpaina" darabilela haren kontra, eta adierazi du euskararen aldeko jarrera "integratzailea" duela
Comisiones Obrerasek salatu du sindikatuaren aurkako manifestazio kanpaina bat darabiltzatela beste sindikatuek, euskararekiko eta hizkuntza eskakizunekiko duen jarrera dela eta. Santi Martinez idazkari nagusiak, gainera, Korrikan parte hartzeko "betoa" jarri izana gaitzetsi du, eta sindikatu abertzaleak haien kontra "erakunde ultra batek egingo lukeen moduan" jokatzen ari direla uste du.
Aste Santuan greba egingo dute Bilboko aireportuko Grounforceko lurreko asistentziako langileek
Lanuzteak martxoaren 27an hasiko dira eta apirilaren 1ean (asteazkena), apirilaren 3an (Ostiral Santua) eta 6an (Pazko Astelehena) izango lukete eragina. KPIaren diferentzialari eta erosahalmenari eustea aldarrikatzen dute langileek. Handling enpresa horrek zerbitzua ematen duen Estatuko aireportu guztietan izango dira greba-deialdiak.