TALGO
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Talgoko hiru kontseilarik dimisioa eman dute, konpainiaren balizko salmenta-operazioan interes talka ekiditeko

Tren fabrikatzailearen akzioak erosteko hainbat enpresak mahai gainean jarritako eskaintzen arteko lehia betean iritsi dira dimisioak.
Talgoren trenak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Talgoren trenak, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE

Talgo konpainiako Administrazio Kontseiluko hiru kontseilarik dimisioa eman dute, konpainiaren balizko salmenta-operazioan interes talka ekiditeko. Dimisioak berehalakoak eta atzeraezinak dira. Tren fabrikatzaileak gaur eman die horien berri Baloreen Merkatuaren Batzordeari.

Javier Bañon, Javier Fernando Olascoaga eta Pedro Manuel del Corro Garcia-Lomas kontseilariek aurkeztu dute dimisioa. Pegasok jakitera eman duenez, interes talka ekidin nahi dute. Izan ere, besteak beste, Pegasok Talgon dituen akzioen salerosketa negoziatu beharko du Administrazio Kontseiluak, eta kontseilariok bertan egoteak gatazka eragin dezake.

Egoera horren aurrean, Talgok azaldu du zuzendaritza taldea berregituratzeko "beharrezko neurriak" hartuko dituela, "konpainiaren kudeaketaren jarraikortasuna bermatzeko".

Tren fabrikatzailearen akzioak erosteko hainbat enpresak mahai gainean jarritako eskaintzen arteko lehia betean iritsi dira dimisioak. Atzo bertan baieztatu zen Poloniako Garapenerako Funtsak (PFR siglak, ingelesez) Talgo bereganatzeko eskaintza egingo duela. Eskaintza onartzekotan, akzioen % 100 erosteko eskaintza publikoa egingo luke.

Joan den astean, berriz, Jose Antonio Jainaga Sidenorren presidenteak hobetu egin zuen Talgoren % 29,9 erosteko eskaintza, BBK-k, Vital Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak operazioarekin bat egin eta gero. Hain zuzen ere, Jainagak akzio bakoitzeko 4,15 euroko eskaintza aurkeztu zuen, 0,65 zentimoko aldagarria gehituta.

Magyar Vagon Hungariako taldeak ere azaldu zuen interesa Talgo tren konpainiaren akzio guztiak erosteko. Eskaintza publikoa aurkeztu zuen iaz, ofizialki, Espainiako Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalaren aurrean, baina Espainiako Gobernuak betoa jarri zion.

Orain, hainbat iturriren arabera, Indiako Jupiter Wagons fabrikatzailearen eskaintza espero da hurrengo egunotarako.

Gaur egun, Talgoren akziodun nagusia Pegaso da —Trilantic funtsak, Abello familiak eta Oriol taldeko kide batzuek (Talgoren sortzaileak) osatzen duten sozietatea—, eta kapitalaren % 40,2 dute. Britainiako Trilantic funtsak bere akzioak (% 29,8) saltzeko asmoa azaldu zuenean hasi zen eskaintza-oldea.

Zure interesekoa izan daiteke

BARAKALDO  (BIKZAIA), 07/02/2026.- Aspirantes de la OPE de la 35ª promoción de la Ertzaintza, antes de entrar a la primera prueba, este sábado en el BEC de Barakaldo (Bizkaia). EFE/Javier Zorrilla
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ertzaintzaren lan eskaintzarako lehen probak atzerapenarekin abiatu dira, espero baino jende gehiago aurkeztu baita

Aurreikusitakoa baino ordu eta laurden geroago hasi dira azterketak, leku eta proba gehiago prestatu behar izan dituztelako; izan ere, hautagaien % 70 aurkeztu ohi da, eta % 85etik gora bertaratu dira gaurkoan. Segurtasun Sailak ohar bidez azaldu duenez, sindikatuei eman diete jada gertatutakoaren berri. Legebiltzarrean agerraldia eskatu du Sailak azalpenak emateko.

El coordinador general de Podemos Euskadi, Richar Vaquero, con cargos y representantes de su partido.
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Elkarrekin Podemosek zuzenketak aurkeztuko dizkio turismo-zergari "progresiboa eta udalerrien errealitatera egokitua" izan dadin

Miren Echeveste Elkarrekin Podemosen Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaileak esan duenez, bere taldeak "jarrera ireki, arduratsu eta eraikitzailearekin" egingo dio aurre zerga honen negoziazioari, "aurreproiektua indartzeko eta herri eta hirietako bizitzarekin bateragarria den turismo eredu jasangarriago baterantz aurrera egiteko".

Gehiago ikusi
Publizitatea
X