Albiste da
San Fermin 2025 |
LAN-GATAZKA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Villavesen grebak aurrera jarraitzen du, Mankomunitatearen bitartekaritzarekin ere aurrerapausorik izan ez delako

Langileek manifestazioa egin dute arratsaldean, Labriteko Aldapatik abiatu eta Nafarroako Parlamenturaino, eta ehunka herritarren babesa jaso dute.

18:00 - 20:00

Iruñeko hiri garraioaz arduratzen den TCC enpresako langile batzordeak atzo iragarri zuenez, grebari eutsiko dio atzo enpresaren zuzendaritzarekin eta Iruñerriko Mankomunitatearen bitartekaritzarekin 12 ordu negoziatzen eman arren “benetako aurrerapausorik” ez delako izan. Hala, langileek eta haiei babesa emateko bertaratu diren ehunka laguneka manifestazioa egin dute larunbat arratsaldean, Labriteko Aldapatik abiatu eta Nafarroako Parlamenturaino.

Sindikatuko ordezkarien arabera, enpresaren proposamenak “errespetu falta” izan dira, eta TCCk “baldintza ziztrinak” eskaini ditu negoziazioan.

Salatu dutenez, enpresak 23:00etara atzeratu nahi du gaueko plusaren hasiera, Langileen Estatutuak 22:00etatik aurrera zenbatu behar dela jaso arren. 22:00etatik 23:00etara plusa bikoiztu eta 1,06 eurora iristen bada ere, 23:00etatik 06:00etara 0,17 eurokoa da proposatutako igoera, % 5ekoa, eta hori “iraina” da langileen ordezkarien aburuz.

Gaixotasun arrunt larriak dituzten langileen bajen kasuan, enpresak lehenengo egunetik soldataren % 85 ordaintzea proposatzen du, baina “haiek aukeratutako gaixotasun jakin batzuetan, ezohikoenak direnetan”. Horrek “babesik gabe” uzten ditu langileak, langile batzordearen ustez.

“12 orduz negoziatzen aritu ostean, ez dago benetako ezer langileentzat. Kea bakarrik”, salatu dute langileek. “Zenbait egunez greba eta mobilizazioak egin eta gero, ogi apur batzuek eskainita geldiarazi nahi gaituzte. Baina eskatzen duguna ez da gehiegizkoa: justua, legezkoa eta beharrezkoa da”, erantsi dute.

Horregatik, grebak aurrera jarraituko duela iragarri, eta kalean presioa egiten jarraitzeko deia egin dute: “Indartsuago eta batuago jarraituko dugu. Presiorik gabe ez dago negoziaziorik, eta duintasunik gabe ez dago etorkizunik”.

Ekonomiari buruzko albiste gehiago

Gehiago kargatu