BSHko eta Villavesako langileak elkarrekin manifestatu dira enpleguaren alde
Ezkirozko lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatzeko manifestatu dira larunbat honetan, Iruñean.
Ezkirozko lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatzeko manifestazioa. Argazkia: EFE.
BSHko langileek manifestazioa egin dute larunbat honetan Iruñean, Ezkirozko lantegiaren bideragarritasuna aldarrikatzeko. Villavesako langileen babesa jaso dute oraingoan, horiek ere greban baitira.
Manifestazioa abiatu ostean, Villavesako dozenaka langilek bat egin dute aldarrikapenarekin, "Villavesas con BSH, elkartasuna" lelopean.
Juanjo Hermoso de Mendoza Ezkirozko BSHren enpresa-batzordeko presidenteak azpimarratu duenez, langileek "zutik" eta lanean jarraitzen dute itxiera iragarri zenetik 7 hilabete bete direnean, "Nafarroako gizarte eta lan arloko sarraskirik handiena" izan daitekeena "neutralizatzeko".
Gainera, sanferminak euren egoera ikusarazteko erabiliko dituztela jakinarazi du batzordeak. Txupinazoan ekintza bat egitea aurreikusi dute, baina ez dute horren berri eman, "ezustean" egin nahi dutelako.
"Azken arnasara arte, lanean jarraituko dugu presente garen esparru guztietan", adierazi du Hermoso de Mendozak.
Jendetza, Ezkirozko BSHren enpresa-batzordeak antolatutako manifestaldian. Argazkia: EFE.
Zure interesekoa izan daiteke