Medikuen sindikatuak dio grebaren eragina "handiagoa" izan dela "ospitaleetan lehen arretan baino"
Osakidetzaren arabera, jarraipena % 17,6koa izan da goizeko txandan eta % 7,6koa arratsaldekoan. EAEko medikuek bat egin dute Medikuen Sindikatuak Estatu osorako egindako lau eguneko grebarekin eta "lanbidearen berezko ezaugarriak islatuko dituen Estatutu propioa" eskatzen dute.
Medikuen eta fakultatiboen manifestazioa, Bilbon. Argazkia: EITB
EAEko osasun publikoko medikuek eta fakultatiboek bat egin dute Sindikatu Medikoen Espainiako Konfederazioak (CESM) Estatu mailan deitutako lau eguneko grebarekin, Espainiako Osasun Ministerioak aurkeztu duen estatutu markoaren aurreproiektuaren kontra eta estatutu propio baten alde.
Datu zehatzik eman ez badu ere, Euskadiko Medikuen Sindikatuak adierazi du protestak eragin handiagoa izan duela ospitaleetan lehen mailako arretan baino. Osakidetzaren arabera, berriz, goizeko txandaren jarraipena % 17,5ekoa izan da, eta arratsaldeko txandarena % 7,67koa.
Euskadin Osakidetzako 9.000 mediku eta fakultatibo (farmazeutikoak, biologoak...) daude grebara deituta. Hala, abenduaren 12ra arte, ospitaleek eta anbulatorioetako langileek gutxieneko zerbitzuetan jardungo dute, eta larrialdietan eta atzeraezinak diren patologien kontsultetan artatuko dituzte pazienteak. SMEk kritikatu duenez, gutxieneko zerbitzuak jaiegun batean ematen direnak baino gehiago izan dira.
Nafarroko medikuek greba egun bakarra egitea erabaki dute, ostiralean.
Zenbaki dantza Estatuan
Estatuko jarraipenari dagokionez, argitaratutako datuen arteko aldeak agerikoak dira. CESMen arabera, % 85 eta % 90 arteko jarraipena izan du. Haien hitzetan, "jarraipen global oso handia" izan da, "kontuan hartuta autonomia erkidego gehienek ezarri dituzten abusuzko gutxieneko zerbitzuak".
Konfederazioaren arabera, Andaluzian grebara deitutakoen % 90ek egin dute bat, eta Kantabrian, % 70ek; Galizian eta Aragoin, berriz, jarraipena "masiboa" izan dela esan dute. Erkidegoetako gobernuek emandako datuak bestelakoak dira: % 35eko jarraipena Kantabrian, % 15ekoa Aragoin eta % 18koa Galizian.
Osakidetzako mediku eta fakultatiboek Bilbon egin dute eguneko mobilizazio nagusia, lanaldi motzagoak eskatzen zituzten kartelak zituztela. Medikuen Sindikatuko Mabel Arciniegak aldarrikatu du "24 orduko guardiak desagerrarazi" behar dituztela, eta kritikatu egin du "kategoria berean" sartu nahi izatea medikuak eta osasun arloko beste profesional batzuk. "Errespetu osoz, gure prestakuntza askoz luzeagoa da, konplexuagoa, eta dugun erantzukizuna desberdina da".
MUD eta elkargoen babesa
Irabazi asmorik gabeko Medicos Unidos por Nuestros Derechos (MUD) mugimendu asindikalak ere babestu du greba eta "pazienteak baldintza egokietan artatu ahal izateko" gelditu direla argitu dute manifestu batean. Salatzen dute, adibidez, astean 90 ordura arteko lanaldiak dituztela, erretirorako kontuan hartzen ez diren lanorduak dituztela, edo soldata desegokiak dituztela, besteak beste, aparteko ordua ordu arrunta baino gutxiago kobratzen delako.
Mugimenduak Osasun Ministerioaren aurreproiektua kritikatu du. "Sindikatu nagusien nahiak asetzeko" soilik balio duela uste du eta "ez medikuon lan-eskubideen murrizketa bidegabeetako bat bera ere aldatzeko".
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoek ere medikuen lan-baldintza kaskarrak salatu izan dituzte eta, beraz, grebari babesa eman diote.
Arabako Sendagileen Elkargoak profesional medikoen egoera prekarioa eta bidegabea salatu du eta agintariek "bokaziozko premisaren azpian ezkutatzeko joera" dutela dio. Organo horren arabera, estatutu propio batek bakarrik islatu ahal izango lituzke lanbidearen berezko ezaugarriak, eta erregulazio espezifiko bat defendatu.
Gipuzkoako Sendagileen Elkargoaren arabera, "osasun-arretaren kalitatean zuzenean eragiten duten lan-baldintza duinen alde borrokatzen duten profesional akituen oihu etsiari emandako erantzuna da hau".
Era berean, Bizkaiko Sendagileen Elkargoarentzat "ezinbestekoa da esparru bat sortzea, berariaz arautuko dituena hainbat alderdi, hala nola karrera profesionala, autonomia klinikoa, babes juridikoa, guardien antolaketa edo atsedenaldiak, etengabeko prestakuntzaren beharrak barne".
Ministerioak ez du testua erretiratzeko asmorik
Monica Garcia Osasun ministroak "errespetu osoa" agertu dio grebari Ministroen Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. "Badakigu profesionalek 20 urte baino gehiago daramatzatela nahigabetuta, 22 urtetan inork kaxoitik atera ez duen estatutu markoaren ondorioz", esan du. Hala ere, "eskumen autonomikoak inbaditzen dituzten edo Konstituzioaren aurkakoak diren neurriak" ezin direla sartu testu berrian azpimarratu du.
Bestetik, Javier Padilla Estatuko Osasun idazkariak TVEn egindako elkarrizketa batean adierazi duenez, testua erretiratzeak "osasun sistemaren beraren antolamendu juridikoa haustea" ekarriko luke. "Kontua ez da erretiratzea, baizik eta ulertaraztea medikuak erregulaziotik aparte ateratzeak hautsi egiten duela pazientearen arreta bere osotasunean kudeatu behar duen Osasun Sistema baten ideia", esan du. Hala ere ziurtatu du Ministerioak ez duela jarrera hertsia eta aurrera egiten jarraitu nahi duela.
Padillak azpimarratu du "galtzeko askoz gehiago" dagoela zerotik hasi eta "testua tiradera batean sartuz gero".
Bere ustez, estatutuak barne hartzen ditu Osasun Ministerioaren eskumenekin zerikusia duten aldarrikapen guztiak, hala nola atsedenaldiak bermatzea edo guardiei buruzkoak, baina zehaztu du badagoela autonomia erkidegoen eskumenekin lotuta dagoen zati garrantzitsu bat, hala nola ordainsariena, eta Esparru Estatutuan ezin direla horiek jaso, eskumenak inbaditzea litzatekeelako eta horrek "araua osorik atzera bota dezakeelako".
Espainian, negozioazio orokorra
Espainian orokorragoa ari da izaten negoziazioa, izan ere sindikatu nagusiek (SATSE-FSES, CCOO, UGT, CSIF eta CIG-Saude) Espainiako Osasun Sistemako langile guztien lan baldintzak hobetzea eskatu dute, sanitarioak eta ez sanitarioak. Hala ere, elkarteek kritikatu dute Osasun Ministerioa ez dela argia izaten ari langileei eragiten dieten gai askotan; besteak beste, erretiro aurreratuan, birsailkapen pertsonalean eta 35 orduko lanaldian.
Arrazoi horiek tarteko, urtarrilaren 27tik aurrera greba mugagabea egingo dute Estatu osoan.
Sindikatu orokor horietan ordezkaritza txikia dute medikuek, euren sindikatu propioetan antolatu direlako, eta, beraz, ikusteko dago medikuek urtarrilaren 27tik aurrerako greba hori babestuko duten. Baina, gaur-gaurkoz agerikoa dena da sindikatu orokor horiek ez dutela babestu gaurtik sendagileek deitu dituzten grebak.
Zure interesekoa izan daiteke
Albiste izango da: M17ko greba orokorra, Jaurlaritzaren neurriak krisi energetikoari aurre egiteko eta borondatezko kaleratzeak Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Piketeek Bilboko sarrera errepidea itxi dute, San Mamesen
"Gaur, greba orokorra" eta "Borroka da bide bakarra" oihukatuz, hainbat pertsonak Bilbotik irteteko errepidea itxi du, San Mamese, goizeko lehen orduan.
Gutxieneko soldata propioaren aldeko greba orokorra "jarraipen zabala" izaten ari dela jakinarazi dute sindikatu deitzaileek
ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek adierazi dutenez, jarduera ohiko astegun batekoa baino askoz baxuagoa da, eta trafikoaren dentsitatea nabarmen jaitsi da. Halaber, piketeek errepideak moztea eragin dute Trabakuan, Kanpanzarren, Itziarko igoeran eta N-1 errepidean.
Medikuek bigarren greba astea hasi dute, estatutu propioa eskatzeko
Horien ordezkarien arabera, otsailean lanuzteak izan zirenetik "ez da harreman formalik izan" greba batzordearen eta Espainiako Osasun Ministerioaren artean.
Hauek dira gaurko greba orokorrerako ezarritako gutxieneko zerbitzuak Hego Euskal Herrian
Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak funtsezko eremuetan, hala nola Osasunean, Hezkuntza eta Larrialdietan, bete beharreko gutxieneko zerbitzuak finkatu dituzte. Honako hauek bermatuko dira.
EAEko medikuek beren aldarrikapenei "egitateekin" erantzuteko eskatu dute
Medikuntzako ehunka profesionalek euren aldarrikapenei "egitateekin" erantzuteko eskatu dute astelehen honetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuetan egindako manifestazioetan, eta "kosta ahala kosta" helburuak lortuko dituztela ziur agertu dira.
Tubos Reunidosek lan-erregulazioko espedientean aurreikusitako 301 borondatezko kaleratzeak lortu ditu
Enpresak gaur, astelehena, 15:00ak arteko epea eman zuen beharginek borondatez lana uzteko. Azpimarratu du helburu hori beharrezko urratsa zela bideragarritasun-plana lortzeko.
Greba mugagabea hasi dute Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegian, jarraipen osoarekin
Langile talde batek piketea egin du lantegiaren atarian. Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta soilik zerbitzu minimoetako beharginak joan dira lanera.
Energia sektorerako eta mozkin handiko enpresentzako zergak proposatu ditu EH Bilduk
Nerea Kortajarena EH Bilduren Programa zuzendariak azaldu duenez, aberastasuna "banatzeko" neurri-sorta proposatu dio koalizioak Espainiako Gobernuari, "gerraren ondorioak familiek ordain ez ditzaten".
Errenta kanpaina apirilaren 15ean hasiko da Bizkaian
Bizkaiko zergadunek ekainaren 30era arteko epea izango dute errenta aitorpena egiteko, eta hiru bide izango dituzte horretarako: aurrez aurre, telefonoz eta online. Gainera, aurten, 20.000 eurora igo da errenta aitorpena derrigor aurkezteko errenta-zenbatekoa.