Errenta kanpaina apirilaren 15ean hasiko da Bizkaian
Bizkaiko zergadunek ekainaren 30era arteko epea izango dute errenta aitorpena egiteko, eta hiru bide izango dituzte horretarako: aurrez aurre, telefonoz eta online. Gainera, aurten, 20.000 eurora igo da errenta aitorpena derrigor aurkezteko errenta-zenbatekoa.
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatua. Argazkia: Bizkaiko Foru Aldundia
2025eko errenta kanpaina apirilaren 15ean hasi eta ekainaren 30ean amaituko da Bizkaian, eta zergadunek hiru bide izango dituzte errenta aitorpena egiteko: aurrez aurre, telefonoz eta online.
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur goizean jakinarazi duenez, apirilaren 15ean hasiko da gutunak bidaltzen, eta, egun horretatik aurrera, zergadunek errenta aitorpenaren zirriborroak eskuragarri izango dituzte Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitza elektronikoan.
Bi hilabete eta erdiko tarte horretan, zergadunek hiru bide izango dituzte errenta-aitorpena egiteko: aurrez aurrekoa, telefono bidez (946 083 000) eta online (bizkaia.eus/eu/errenta-bizkaia webgunean zein Bizkaia Errenta aplikazioan).
Aurrez aurreko arreta Foru Ogasunaren bulegoetan eta Aldundiaren Gertu bulegoetan ematen da. Hamabi bulego daude, guztira, Balmasedan, Barakaldon, Basaurin, Bermeon, Bilbon, Gernika-Lumon, Getxon, Igorren, Markina-Xemeinen, Mungian, Durangon eta Portugaleten.
Aurreko kanpainan, higiezinen errentatzaileei tentsiopeko eremuetako alokairuen erreferentzia balioak zehazteko behar ziren datuak eskatu zitzaizkien, baina aurtengo kanpainan errentariei ere eskatuko zaie higiezina identifikatzeko, eta horrek aukera emango du Bizkaian alokatutako higiezinen erreferentzia balioei buruzko informazio gehiago izateko. Halaber, lehen aldiz, ez dute aitorpenik aurkeztu behar 20.000 eurotik beherako lan-etekin gordinak izan dituztenek.
Bestalde, ondarearen gaineko eta fortuna handien gaineko aldi baterako zergaren kanpaina maiatzaren 4an hasiko da.