Greba mugagabea hasi dute Tubos Reunidosek Amurrion duen lantegian, jarraipen osoarekin
Langile talde batek piketea egin du lantegiaren atarian. Sindikatuen arabera, grebaren jarraipena erabatekoa izaten ari da, eta soilik zerbitzu minimoetako beharginak joan dira lanera.
Tubos Reunidoseko langileen piketeak astelehen honetan, Amurrioko lantegiaren sarreran. Argazkia: EFE
Amurrioko Tubos Reunidoseko langileek greba mugagabea abiatu dute, lan-erregulazioko espedientea eta enpresak planteatutako gainerako neurriak gaitzesteko. Sindikatuetako iturrien arabera, ia langile guztiek egin dute bat grebarekin.
Greba mugagabea gaueko txandan hasi dute, ostiralean zuzendaritzarekin egindako bileran akordiorik gabe amaitu eta lan-erregulazioko espedientearen kontsulta-aldia bukatuta.
Greba erabateko jarraipena izaten ari da, zerbitzu minimoetako beharginak soilik sartu dira lan egitera, sindikatuen arabera.
Langile talde batek piketea egin du lantegiaren sarreran, eta goizean goiz A-625 errepidea itxi dute bi noranzkoetan, ia ordubetez.
Lan-erregulazioko espedienteak 274 pertsonari eragiten die Amurrioko lantegian, eta 27ri, Trapagarangoan.
Amurrioko Tubos Reunidoseko langileen batzordeko ELA, LAB eta ESK sindikatuen ordezkariek (CCOO eta UGT sindikatuek ez zuten bat egin) greba mugagabea deitzeko proposamena asanbladara eraman zuten aurreko asteazkenean, eta langileek babestu egin zuten.
Beharginek atzera bota nahi dute enpresaren erabakia, eta eragotzi egin nahi dute altzairutegia ixtea. Bideragarritasun plan bat martxan jarri eta "norabide bat" finkatuko duen akordio sozial bat landu beharko litzateke euren iritziz, inor "nahitaez kaleratu" gabe. Gainera, sindikatuek ez dute baztertu auzia judizializatzea.
Hitzartutako kaleratzeak
Bestalde, Tximi Lopez Euskadiko UGTren arduradunak Radio Vitorian jakinarazi duenez, Amurrio eta Trapagarango 270-280 langile egon litezke zuzendaritzak eskainitako baldintzetan kaleratzeak onartzeko prest. Erregulazio espedientearen kontsulta epea ostiralean bukatu zen, baina enpresak gaurko 15:00ak arte eman zien beharginei hitzartutako kaleratze horietan izena emateko.
Orain konpainiari dagokio hurrengo pausoak zehaztea, kaleratze horiek onartzen dituen ala ez argitzea eta bestelako baldintzak ezartzea.
Enpresak dio lana erregulatzeko espedientea aplikatzea beste biderik ez dagoela, eta "egoera honen aurrean" dauden agertoki guztiak aztertu behar dituela.
Zuzendaritzak azpimarratu duenez, akordiorik ez lortzeak asko zaildu du Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearekiko (SEPI) eta bestelako finantza erakundeekiko duten zorra berregituratzea eta finantzaketa bilatzea.