SpaceX burtsan kotizatzen hasiko da gaur, inoizko burtsa-irteerarik handienean
Elon Musken enpresa aeroespazialak ostiral honetan egingo du debuta Nasdaq indizean, SPCX etiketarekin eta titulu bakoitzeko 135 dolarreko prezioarekin. 555,6 milioi akzioko eskaintza publikoarekin 75.000 milioi dolar erakarriko ditu, eta inoizko merkaturatze handiena izango da.
Elon Musk. Artxiboko argazkia: Europa Press.
SpaceX, Elon Musk handikiak sortu eta zuzentzen duen enpresa aeroespaziala, Adimen Artifizialarekin lotura estua duena, burtsara inoiz izan den irteerarik handienaren protagonista izango da gaur, ostirala. Nasdaq indizean debuta egingo du, SPCX etiketarekin eta titulu bakoitzeko 135 dolarreko prezioarekin.
Hasierako eskaintza publikoa 555,6 milioi akziokoa da, titulu bakoitzeko 135 dolarreko prezio finkoan, eta, horrenbestez, 75.000 milioi dolar erakartzea ahalbidetuko dio SpaceX konpainiari, Saudi Arabiako Aramco petrolio enpresak 2019an ezarritako errekorra (25.600 milioikoa) aise gaindituta.
Operazio horrekin, enpresaren merkatu-balioa 1,77 bilioi dolarren inguruan kokatuko da, eta horrek munduko 10 konpainia kotizatuenen artean kokatuko du.
Wall Street Journal egunkariaren arabera, inbertitzaileek 70.000 milioi dolarretik gorako balioa duten akzioak eskatu dituzte dagoeneko. Egunkari horrek berak aurreratu duenez, BlackRock inbertsio funtsak, esaterako, munduko aktiboen kudeatzailerik handienak, horren akzioetan 5.000 milioi euro inbertitzeko asmoa iragarri du jada.
SpaceX izango da AAko enpresa sorta baten artetik burtsara ateratzen lehena. Talde horren buru Anthropic (965.000 milioi dolarreko balorazio pribatua du) eta OpenAI (850.000 milioi) daude. Aurten aterako omen dituzte burtsara horiek biak, eta Perplexity (20.000 milioi), berriz, 2028an.
SpaceX konpainiak negozio aeroespaziala du ardatz, baina Adimen Artifizialari oso lotuta dago. Grok txatbota sortu zuen xAI enpresa xurgatu zuen otsailean, eta horrek 2023an, X sare soziala.
2002an sortu zuen Muskek SpaceX konpainia, eta NASAren orbitaratze-zerbitzuen hornitzaile liderra bihurtu da ordutik. Gainera, orbitan 9.000 satelite baino gehiago dituen Starlinken jabe ere bada.
Musk da horren kontseilari delegatua, zuzendari teknikoa eta batzarreko presidentea; kotizatutako enpresaren boto-ahalmenaren % 82,4 izango du, eta horrek kontrola bermatzen dio gainerako inbertitzaileen aurrean.
Munduko gizonik aberatsenak bilioi bat dolar dituen lehen pertsona izango da, SpaceX akziodun nagusi izateari esker.