GASTRONOMIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gipuzkoa lurralde gonbidatua izango da Frankfurteko Cider World 2026 azokan

Aurreko edizioetan erakusmahaia eraman izan dute euskal sagardogile batzuk baina lehen aldia izango da lurralde gonbidatu gisa joango direna. Apirilaren 16tik 18ra izango da hitzordua.

leire-alkorta-sagardoaren-lurraldea
18:00 - 20:00

Gipuzkoa izango da aurten, apirilaren 16tik 18ra Alemaniako Frankfurt hirian egingo den CiderWorld 2026 nazioarteko sagardo topaketako lurralde gonbidatua. Bertan izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, Sagardoaren Lurraldeko eta Gurutzeta, Zapiain eta Petritegi sagardotegietako ordezkariak.

Astigarragan emandako prentsaurrekoan, Xabier Urdangarin alkateak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Zapiain sagardotegiko Ion Zapiainek nabarmendu dute CiderWorld "mundu osoko sagardotegientzako nazioarteko topagunea" dela, eta agertoki ezin hobea dela nazioartean Gipuzkoako turismo, gastronomia eta kultura ezagutzera emateko.

Ekitaldiak iraungo duen hiru egunetan, CiderWorld programaren barruan antolatutako jardueretan parte hartzeaz gain, Gipuzkoa inguru turistiko gisa sustatzeko hainbat ekimen garatuko dira, betiere sagardoaren kulturaren eskutik betiere.

Foru diputatuak gogorarazi duenez, "Alemania da Gipuzkoak jasotzen duen nazioarteko turismoa kontuan hartuta, laugarren garrantzitsuena". 62.000 turista alemaniar etorri ziren 2025ean, eta 2,1 gau egin zituzten batez beste. Gainera, Gipuzkoako turismo ereduari "primeran" egokitzen zaion bisitaria dela nabarmendu du Dominguezek, "profil jasangarria, kalitatezkoa eta ingurunea errespetatzen duena" delako.

Astigarragako alkatea oso pozik agertu da "Europako azokarik garrantzitsuenetako batera herriko sagardotegiak Gipuzkoako sagardo ekoizleen ordezkari gisa joatea".

Hala ere, azpimarratu duenez, "hau ez da gauza berria", izan ere, sagardo ekoizle batzuek "denbora daramate nazioarteko azoketara joateko ahaleginetan", eta hori "garrantzitsua" da "sagardoaren gure kultura zer eta nolakoa den erakusteko eta mundu osoko sagardo ekoizleek zer egiten duten ikasteko".

Ildo horretan, Zapiainek azaldu duenez, urte asko daramatzate CiderWorldera erakusketari gisa joaten, eta horrek aukera eman die "beste sagardo-ekoizle batzuekin harremanak izateko, besteek zer egiten duten ikusteko eta hemen egiten dena erakusteko".  "Aurten ardura handiagoa dugu, baina aspalditik joan nahi genuen gonbidatu gisa, eta, beraz, pozik gaude", aitortu du.

Sagardoa. Txotx. Sagardotegi. EFE

Programa

Ostegunean, apirilaren 16an, lan bilera tekniko bat eta aurkezpen bat egingo dira Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo departamentuaren eskutik, turismo sektoreko profesionalei zuzenduta, bidaia agentziei eta turoperadoreei, esate baterako.

Ondoren, aurkezpen instituzional bat egingo zaie turismoko profesionalei, gastronomian eta turismoan espezializatutako kazetariei eta sagardogintzaren sektoreko adituei. Bertan Libe Otegui Turismo zuzendariak parte hartuko du eta bideo bat proiektatuko da Gipuzkoa ezagutarazteko.

Ondoren, 100 lagunentzako 'txotx' moduko afaria eskainiko da Frankfurteko Bornheimer Ratskeller jatetxean.

Hurrengo egunean, apirilaren 17an, sagardoarekin zerikusia duten gaiei buruzko hitzaldiak emango dituzte, eta Sagardoaren Lurraldeak Gipuzkoako sagardotegiei buruz hitz egingo du. Egun horretan bertan, CiderWorld '26 Award lehiaketaren sari-banaketa egingo da. Aldundiko Turismo Sailak sari bat emango du eta zuzendariak Gipuzkoari buruzko aurkezpen bat egingo du.

Azkenik, 'Sagardoa Meets Apfelwein' izenburupean, Astigarragako Zapiain, Petritegi eta Gurutzeta sagardotegiek sagardo lehiaketako epaileei, nazioarteko ekoizleei eta edari honen zaleei zuzendutako dastaketa gidatua egingo dute. Dastaketa Apfelweinkontor sagardotegian egingo da, Frankfurteko eraikin zaharrenean.

Amaitzeko, apirilaren 18an , Gipuzkoak postu nagusia izango du CiderWorld '26 Expo nazioarteko sagardo azokan eta, arratsaldean, Euskal Sagardoaren klase magistrala emango dute azokan bertan.

Zure interesekoa izan daiteke

TREBIÑU EUSKARA AGURNE GAUBEKA BEHATOKIA
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Trebiñun euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko berme eta neurriak eskatu dituzte herritarrek

Argantzonen egindako agerraldian, gogoratu dute Espainiako Gobernuak sinatua eta berretsia duela Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta, beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete behar lituzketela. Espainiako Gobernuari eta eratze bidean dagoen Gaztela eta Leongo Gobernuari igorriko dizkiete gaur egindako eskariak. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X