Hainbat lagun atera dituzte Iruñeko Aranzadiko komentu zaharretik, birgaitze lanak hasi behar dituzte eta
Udalak aldi baterako bizitoki aukerak eskaini dizkie agustindarren komentu zaharrean lo egiten zuten (75 ziren) lagun gehienei. Bertan, sendatze neurologikorako osasun-zentro bat egongo da.
Iruñeko Udaltzaingoak Aranzadi parkeko agustindar mojen komentu zaharrean modu prekarioan bizi ziren dozenaka lagun atera ditu gaur goizaldean, eraikina birgaitzeko lanei ekiteko.
06:30 inguruan, Gizarte Ekintza arloko udal langileak, Foruzaingoa eta Udaltzaingoa komentu zaharrera sartu dira, eta gaua bertan igarotzen ari zirenei jakinarazi diete obrak hastear zirela, eta bertatik alde egin behar zutela.
Udalak jakinarazi duenez, beren gauzak jasotzen lagundu diete eta Karmengo kaleko On Egin izeneko udal jantokira joateko aukera eman zaie. Bertan gosaria eta hamaiketakoa eskaini zaizkie. Gainera, Iruñeko Udalak hainbat motatako bizitegi alternatibak eskaini dizkie, beren egoerari aldi baterako irtenbidea emateko.
09:00ak aldera itxi dute orubea, eta ordubete geroago, 10:00 aldera, birgaitze-lanak egingo dituen enpresa esleipenduna lanean hasi da. Obrak gaur goizean bertan hasi dira, jarduketa-perimetroa mugatuta eta esparruan hondeamakinak sartuta.
Mojek 2011n utzi ondoren, 2015ean eskuratu zuen Iruñeko Udalak eraikinaren jabetza. Ordutik eta gaur egun arte, eraikinak ez du erabilera jakinik izan, eta utzita egon da.
Lanak amaituta, zentro soziosanitario bat hartuko du eraikinak, errehabilitazio neurologiko eta funtzionalean eta egoitza-zainketa jarraituetan eta aringarrietan espezializatua.
Bizitoki-baliabideetara bideratuak
Udalak jakinarazi duenez, gaur goizean eraikinean zeuden 75 lagunetatik 51 aldi baterako baliabideetara bideratu dituzte: 8, udal-aterpetxera, hiru eguneko egonaldia egiteko; 10, beste udalerri batzuetako aterpetxeetara; eta 33, hotel eta pentsioetara, Udalak ordaindutako hiru eguneko egonaldiarekin.
Gainerako 24 lagunetatik, bost beste herri batzuetan erroldatuta daude, eta tokian tokiko zerbitzuetara bideratu dituzte; hiruk gutxieneko errenta jasotzen dute, eta ostatu hartzeko gelen zerrenda bat jarri zaie eskura. Zortzik bazuten bizitegi-alternatibarik eta bostek uko egin diote Iruñeko Udalaren laguntzari. Gainerako hirurei ukatu egin zaie laguntzarik jasotzea, aurrez beren esku jarritako baliabideak bidegabe erabiltzeagatik edo indarkeriazko jokabideagatik zigortuta baitzeuden Udalaren gizarte-zerbitzuen partetik.
Udalak jakinarazi duenez, etxerik gabeko lagunentzako pisuen Etxe Bat programaren itxarote-zerrenda 50 pertsonatik gorakoa da; itxarote-zerrenda are handiagoa da bizitoki-larrialdiko pisuen kasuan, 300 pertsonatik gorakoa. Hori dela eta, Iruñeko Udalak beste udalerri batzuen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza eskatu du, ahal den neurrian, bizitegi-alternatiba osagarriak bilatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera