Gipuzkoa Frankfurteko Cider World 2026 azokara gonbidatu dute
Aurreko edizioetan erakusmahaia eraman izan dute euskal sagardogile batzuek, baina lehen aldiz joango dira lurralde gonbidatu gisa. Apirilaren 16tik 18ra izango da hitzordua.
Gipuzkoa izango da aurten, apirilaren 16tik 18ra Alemaniako Frankfurt hirian egingo den CiderWorld 2026 nazioarteko sagardo topaketako lurralde gonbidatua. Bertan izango dira Gipuzkoako Foru Aldundiko, Sagardoaren Lurraldeko eta Gurutzeta, Zapiain eta Petritegi sagardotegietako ordezkariak.
Astigarragan emandako prentsaurrekoan, Xabier Urdangarin alkateak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako diputatuak eta Zapiain sagardotegiko Ion Zapiainek nabarmendu dute CiderWorld "mundu osoko sagardotegien nazioarteko topagunea" dela, eta agertoki ezin hobea dela nazioartean Gipuzkoako turismo, gastronomia eta kultura ezagutzera emateko.
Ekitaldiak iraungo duen hiru egunetan, CiderWorld programaren barruan antolatutako jardueretan parte hartzeaz gain, Gipuzkoa inguru turistiko gisa sustatzeko hainbat ekimen garatuko dira, betiere sagardoaren kulturaren eskutik.
Foru diputatuak gogorarazi duenez, "Alemania da, Gipuzkoak jasotzen duen nazioarteko turismoa kontuan hartuta, laugarren herrialderik garrantzitsuena". 62.000 turista alemaniar etorri ziren 2025ean, eta 2,1 gau egin zituzten, batez beste. Gainera, Gipuzkoako turismo eredura "primeran" egokitzen den bisitaria dela nabarmendu du Dominguezek, "jasangarria, kalitatezkoa eta ingurunea errespetatzen" duelako.
Astigarragako alkatea oso pozik agertu da "Europako azokarik garrantzitsuenetako batera herriko sagardotegiak Gipuzkoako sagardo ekoizleen ordezkari gisa" joango direlako.
Hala ere, azpimarratu duenez, "ez da kontu berria", izan ere, sagardo ekoizle batzuek "denbora daramate nazioarteko azoketara joateko ahaleginetan", eta hori "garrantzitsua" da "sagardoaren gure kultura zer eta nolakoa den erakusteko eta mundu osoko sagardo ekoizleek zer egiten duten ikasteko".
Ildo horretan, Zapiainek azaldu duenez, urte asko daramatzate CiderWorldera erakusketari gisa joaten, eta horrek aukera eman die "beste sagardo-ekoizle batzuekin harremanak izateko, besteek zer egiten duten ikusteko eta hemen egiten dena erakusteko". "Aurten ardura handiagoa dugu, baina aspalditik joan nahi genuen gonbidatu gisa, eta, beraz, pozik gaude", aitortu du.
Programa
Ostegunean, apirilaren 16an, lan-bilera tekniko bat eta aurkezpen bat egingo dira, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo departamentuaak antolaturik, turismo sektoreko profesionalei zuzenduta (bidaia agentziei eta turoperadoreei, esate baterako).
Ondoren, aurkezpen instituzionala egingo da, turismoko profesionalei, gastronomian eta turismoan espezializatutako kazetariei eta sagardogintzaren sektoreko adituei zuzenduta. Bertan, Libe Otegui Turismo zuzendariak parte hartuko du, eta bideo bat proiektatuko da Gipuzkoa ezagutarazteko.
Ondoren, 100 lagunentzako txotx moduko afaria eskainiko da, Frankfurteko Bornheimer Ratskeller jatetxean.
Hurrengo egunean, apirilaren 17an, sagardoarekin zerikusia duten gaiei buruzko hitzaldiak emango dituzte, eta Sagardoaren Lurraldeak Gipuzkoako sagardotegiei buruz hitz egingo du. Egun horretan bertan, CiderWorld '26 Award lehiaketaren sari-banaketa egingo da. Aldundiko Turismo Sailak sari bat emango du eta zuzendariak Gipuzkoari buruzko aurkezpen bat egingo du.
Azkenik, Sagardoa Meets Apfelwein izenburupean, Astigarragako Zapiain, Petritegi eta Gurutzeta sagardotegiek sagardo lehiaketako epaileei, nazioarteko ekoizleei eta sagardozaleei zuzendutako dastaketa gidatua egingo dute. Dastaketa Apfelweinkontor sagardotegian egingo da, Frankfurteko eraikin zaharrenean.
Amaitzeko, apirilaren 18an, Gipuzkoak postu nagusia izango du CiderWorld '26 Expo nazioarteko sagardo azokan eta, arratsaldean, Euskal Sagardoaren klase magistrala emango dute azokan bertan.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera