Lau pertsona atxilotu eta 10.000 botox-dosi atzeman dituzte Bizkaian, legez kanpoko klinika estetikoen aurkako operazio batean
Miaketak egin dituzte Bilbon, Basaurin, Galdakaon eta Barakaldon. Ikerketa Forondan hasi zen, baimendu gabeko osasun-produktuak eta sendagaiak atzeman zituztenean, eta polizia-operazioa Bartzelona, Asturias eta Las Palmas aldera ere zabaldu da.
Lau pertsona atxilotu dituzte Bizkaian, eta bi ikertzen ari dira, Guardia Zibilak medikuntza estetikoko produktuak legez kanpo banatzen eta erabiltzen zituen sare baten aurka egindako polizia-operazio batean. Guztira, bederatzi pertsona atxilotu dituzte Espainiako Estatuan, eta toxina botulinikoaren (botoxa) 10.000 dosi eta azido hialuronikoaren 200 dosi baino gehiago konfiskatu dituzte, baimendutako osasun-saretik kanpo.
Forondako aireportuan, Gasteizen, abiatu zuten ikerketa, Hego Koreatik eta Vietnamdik zetozen hainbat pakete susmagarri aurkitu ondoren. Sendagaiak eta osasun-produktuak zeramatzaten, baimenik gabe. Botox-dosiak, azido hialuronikoa eta diabetesa tratatzeko botikak zeuden horien artean, eta, ikertzaileen arabera, modu irregularrean merkaturatzen zituzten gaizkileek. Antza, pisua galtzen laguntzeko saltzen zuten azken hori.
2025eko martxoa eta 2026ko maiatza bitartean egindako ikerketari esker, horiek Espainian sartzen zituen talde bat atxilotu dute. Gaizkile horiek ez zituzten osasun-eskakizunak eta kontserbazio-baldintzak betetzen, produktu horien segurtasuna eta eraginkortasuna bermatzeko beharrezkoa den hotz-katea, besteak beste.
Miaketak egin dituzte Bilbon, Basaurin, Galdakaon eta Barakaldon, eta polizia-operazioa Bartzelona, Asturias eta Las Palmas aldera ere zabaldu da.
Osasun-prestakuntzarik gabeko pertsonak eta ile-apaindegietan, baimendu gabeko estetika-zentroetan eta etxebizitza partikularretan legez kanpoko produktuak erabiliz tratamendu estetikoak egiten omen zituzten profesionalak daude inplikatuen artean.
Erabiltzeko prest zeuden 10.000 botox-dosi eta azido hialuronikoko 200 dositik gora atzemateaz gain, 115.000 euro baino gehiago konfiskatu dizkiete, legez kanpoko tratemendu horien bidez lortutako etekinetatik eratorritakoak, antza.
Osasun publikoaren aurkako delituak egotzi dizkiete atxilotu eta ikertuei, eta baita intrusismo profesionala ere horietako batzuei.
Osasun-agintariek ohartarazi dutenez, arriskutsua da kualifikaziorik gabeko langileek edo legezko osasun-sareetatik kanpo erositako produktuekin tratamendu estetikoak egitea. Izan ere, osasun-bermerik gabe toxina botulinikoa erabiltzeak infekzio larriak, erreakzio alergiko larriak, aurpegiko paralisia eta ondorio iraunkorrak eragin ditzake.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera