Volkswagenek soldatak izozteko asmoa du 2030era arte
Neurriak fabrika guztiei eragingo lieke, langileen diru-sarreretan benetako %10eko eraginaz. Taldeak 5.000 langile ditu Iruñean.
Volkswagen Taldeak 2030era arte soldatak izoztuko ditu, egunkari alemaniar baten arabera, eta horrek langileen diru-sarrerak benetan % 10 inguru galtzea ekarriko luke.
Europako ibilgailu fabrikatzaile handienak (VW, Audi, Porsche, Skoda, Seat eta Cupra, besteak beste) kostuak aurreztu nahi ditu neurri horrekin. Beste hainbat doikuntzekin batera hartu asmo duen neurria da, besteak beste, milaka langileren kaleratzea, Süddeutsche Zeitung egunkariak astelehenean jakinarazi duenez.
Neurriak bere fabrika guztiei eragingo lieke; izan ere, Volkswagen Taldeko kide guztiek "zentzuz" lagundu beharko lukete, egunkari alemaniarrak jasotako dokumentuen arabera. Alemaniako automobil-partzuergoak albistea espekulaziotzat jo du. Seateko iturriek, berriz, uko egin diote informazio horiei buruzko iruzkinik egiteari, eta taldearen eskumena dela besterik ez dute adierazi.
Volskwagen taldeak 600.000 langile inguru ditu mundu osoan. IG Metallek, sektoreko sindikatu nagusiak, ohar baten bidez ohartarazi du "erresistentzia handia" aurreikusten duela, planak "benetako soldatan galera nabarmena" ekarriko lukeelako.
Soldatak izoztea gastuak murrizteko hainbat neurrirekin batera hartutako erabakia izango litzateke. Plan horiek, besteak beste, datozen urteetan 100.000 enplegu murriztea ekarriko lukete. Volkswagen Taldea 680.000 langile izatera iritsi zen 2023an. Beste neurri batzuen artean, bere modeloen eskaintza erdira murriztea ere badago.