Arrakastatsua izan da Unaxi Bostonen egindako ebakuntza
Boston Children's Hospitaleko medikuek adierazi dutenaren arabera, Unax Cañibano biriketako atresia duen 8 urteko umeari egin dioten ebakuntza "arrakastatsua" izan da. Ebakuntza 6 ordukoa izan da, eta Del Nido medikuaren taldeak egin du. Orain, Bostoneko ospitaleko zainketa intentsiboetako unitatean egon beharko du, 3 egunean.
Unaxek pairatzen duen gaixotasuna sendatzeko tratamendurik ez dago Espainian. Umearen biriketako batek ez zuen funtzionatzen eta besteari bihotzarekin komunikatzeko arteriak falta zitzaizkion. Hainbat diagnostiko negatibo entzun ostean, Unaxen gurasoak beste iritzi batzuen bila hasi ziren.
Enekok eta Martak, Unaxen gurasoek, eskerrak eman nahi dizkiete 150.000 eta 200.000 euro arteko kostua izango duen ebakuntza ordaintzen lagundu dieten guztiei.
Medikuek azaldu dutenez, "lehen 24 orduak dira garrantzitsuenak". Unaxen adineko ume bat osasuntsu egoteko, odoleko oxigeno maila % 90 eta 92 artekoa izan behar da, eta Leioako umeak % 75eko gaitasuna zuen. "Orain, % 100ekoa du".
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda