ADINGABEEN AURKAKO SEXU ERASOAK

Gorde
Kendu nire zerrendatik

La Sallek publikoki eta modu kolektiboan eskatu die barkamena Patxi Ezkiagaren biktimei

Biktimak omentzeko plaka bat jarri dute Donostiako La Salle ikastetxeko sarreran. Emakumeok bi urtez izan dira kongregazioari aitortza publiko eta kolektibo hori eskatzen. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Gaurtik aurrera, plaka batek oroituko ditu Patxi Ezkiaga erlijioso eta idazlearen biktimak. 30 emakumek —biktima gehiago daudela uste dute—salatu dute Ezkiaga, haur eta nerabe zirela jasandako sexu erasoak tarteko. Donostiako La Salle ikastetxearen atarian paratu dute plaka, eta hura bistaratzeko ekitaldia biktimei omenaldi eta erreparazio publikoa egiteko baliatu dute. Ezkiagaren biktimek bi urte zeramatzaten aitortza eskatuz. 

"Ikastetxe honetan sexu-abusuak jasan zituzten biktimen oroitzapenak balio dezala hezkuntza-espazio hau segurua izango dela bermatzeko, ikasleek inolako indarkeriarik gabeko haurtzaro bat izan dezaten. Patxi Ezkiagaren biktimei", irakur daiteke plakan. 

Ekitaldian honakoak izan dira: Ezkiagaren biktimak, La Salleko ordezkariak, Pello Salaburu EHUko errektore ohia (ekitaldiaren moderatzailea), Donostiako Udaleko ordezkariak eta Mikel Mancisidor arartekoa. Hain zuzen ere, erakundea aritu da biktimen eta ikastetxearen arteko zubi lanak egiten, eta omenaldi ekitaldia negoziatzen. Izan ere, hasiera batean ekitaldi publiko bat egiteari uko egin zioten La Salletarrek. 

"Lapurtu zigun duintasunaren zati bat berreskuratu dugu"

Marisol Zamora mintzatu da biktima guztien izenean; bera izan zen idazle ohia publikoki salatu zuen lehen emakumea. Zamora biktimen minaz eta pairatutako ondorioez aritu da, eta nabarmendu du "urte luzez" jasan zituztela, hala nola, beste inorengan konfiantza izateko zailtasunak eta beldurra. 

"Aitorpen publiko horrek ez du iragana aldatuko, baina lagunduko du egiak inoiz galdu behar ez zuen tokia berriro har dezan", adierazi du. Horren hitzetan, Ezkiagak biktimei kendutako "duintasunaren zati bat berreskuratu" dute andreok. 

Zamorak uste du erreparazioa ez dela bakarrik barkamena eskatzea, "entzutea ere bada, egia onartzea, erantzukizuna bere egitea eta halako zerbait berriro gerta ez dadin lan egitea", azaldu du. Horrekin lotuta, nahiko luke du gaurko ekitaldia prozesuaren amaiera ez izatea: "Haurrak babesteko eta biktimak errespetatzeko konpromisoari betiko eusteko abiapuntu beharko luke". 

La Sallek barkamen publikoa eskatu die biktimei

Aurrez, Esteban de la Vega La Sallek Espainiarako eta Portugalerako duen bisitatzaile nagusia zuzendu zaie biktimei. Horiei eta euren familiei barkamena eskatu die, batetik Patxi Ezkiagak egindako sexu abusu larriengatik, eta bestetik, horiek saihesteagatik. "Inpunitate giroa sortu zen, eta hori esker, erasotzaileak urteak eman zituen biktimen eskubide eta duintasuna urratzen". 

Hori horrela, La Sallek "eragindako min neurrigabea aitortu" du, gertatutakoa gogoan hartu eta biktima guztiei barkamena eskatu die, "historiaren orrialde hori sendatzen lagunduko" duelakoan. 

Iragarkia
18:00 - 20:00

Arartekoa: "Sufrimendua ezin da eremu pribatura zokoratu"

Estefania Ocariz Arartekoaren albokoak azaldu duenez, erakundeak egindako bitartekaritza lanak erakutsi die sufrimendua ezin dela "eremu pribatura zokoratu", ezin dela "izapide indibidual hutsean geratu". Gertakariok posible egin zituen testuinguruak zuzenean egiten dio dei erantzukizun kolektibo eta komunitario bati". 

Hala, bi aldeei eskerrak eman dizkie: biktimei, "bidea zabaltzearren eta erakutsitako determinazioagatik", eta La Salleri, "bide zail horretan aurrerapausoak emateko borondatea erakusteagatik"

30 bat emakumek salatu dute Patxi Ezkiaga La Salleko anaia, eta Donostiako ikastetxeko irakasle eta zuzendari izandakoa. Marisol Zamora izan zen lehena, komunikabide bati eskainitako lekukotasunarekin. Haren testigantzaren ostean etorri ziren gainerako salaketak. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X