Donostiako Topo berria martxan da dagoeneko, bederatzi urteko obren ostean lehen bidaiariak hartuta
Azaroaren 21ean amaitu dute berritze- eta handitze-lan garrantzitsua. Horiei esker, trenak 7,5 minutuan behin ibiliko dira hamaika geltokiko ibilbidean, Donostiako Añorga auzotik Pasaiako udalerriraino.
Donostialdeko Topo berria errealitate bihurtu da larunbat goizean. Herritarrak Donostiako erdigunea zeharkatzen duen 4,2 kilometroko lurpeko pasabidetik bidaiatzen hasi dira, eta hiru geltoki berriak erabiltzen ari dira jada, bederatzi urteko itxaronaldiaren eta lan konplexuen ostean. Eusko Jaurlaritzak 292 milioi euro inguru inbertitu ditu azpiegitura berrian.
Lehen erabiltzaileen ikusmina eta harridura izan dira goizeko protagonista nagusiak. Hiru geltoki berriek ere arreta bereganatu dute: Amarak, Kontxa-Zentroak eta Benta Berrik. Lurpeko azpiegitura berriak zabalak, argitsuak eta modernoak dira, eta lehen bidaiariek argazkiak eta bideoak egiteko aprobetxatu dituzte.
Lehen trena 06:45ean igaro da tunel berritik, bidaiari gutxirekin. Gau osoan zerbitzua etenda egon da, trazadura berria lehendik zegoen trenbide-sarearekin lotzeko lanak egin baitituzte. Horretarako, trenbideetako bat 40 metro mugitu behar izan dute, bestearekin lotzeko.
Azken orduko beste aldaketa bat izan da trenek zirkulatzeko noranzkoa alderantzikatzea eta seinaleztapena egokitzea. Horrek nahasmena eragin du goiztiarren artean, bereziki Pasaia eta Anoeta arteko tartean. Aurrerantzean, trenak ezkerreko bidetik ibiliko dira linea osoan, Lasarte-Oriatik Hendaia bitartean.
Azaroaren 21ean amaitu da berritze- eta handitze-lan garrantzitsu hau. Horiei esker, trenak 7,5 minutuan behin ibiliko dira hamaika geltokiko ibilbidean, Donostiako Añorga auzotik Pasaiaraino. Hiriburuko auzoak eta erdigunea lotzeaz gain, konexioak hobetuko ditu, eta Antigua auzoari geltoki berri bat emango dio, unibertsitate-campuserako sarbidea errazteko.
AURRERAPENA
Informazioa osatzeko lanean ari gara...