16.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte hezkuntza publikoan ratioak murriztea eskatzeko
Hiru aste eskasean bildu dituzte sinadurok, eta gaur erregistratu dituzte Hezkuntza Publikoaren aldeko Plataformaren izenean. Asmoa da Nafarroako Parlamentua lehenbailehen hastea herri ekimen legegilea izapidetzen, legealdia amaitu baino lehen onar dadin.
Plataformako ordezkariak, Nafarroako Justizia Jauregiaren aurrean. Argazkia: Europa Press
Oso denbora gutxian, hiru astean, 16.000 sinadura baino gehiago bildu dituzte Nafarroan hezkuntza publikoan ikasleen ratioak murriztea eskatzeko. Sinadurok herri ekimen legegile bat babesten dute, Hezkuntza Publikoaren aldeko Plataformak sustatutakoa, hain justu.
16.000 sinadurak erregistratzeko ekitaldia egin du gaur plataformak Nafarroako Justizia Jauregiaren parean. Sinadurak Nafarroako herri, auzo eta ikastetxeetan batu dituzte, familien, irakasleen eta herritarren inplikazioari esker. Berez, sei hilabeteko epea dago herri ekimen legegileetarako sinadurak biltzeko, baina prozesua azkartu egin nahi izan dute plataformako kideek.
Nafarroako Parlamentuan egin beharreko izapideak azkartu nahi izan dituzte, ekimena legealdia amaitu baino lehen eztabaidatu eta onartu ahal izateko. Era berean, 2027ko aurrekontuetan partida sartzeko eskatu diete alderdiei ratioak murriztu ahal izateko.
Salatu dutenez, Nafarroako koalizio gobernuak eta EH Bilduk aurrekontuen inguruan lortutako akordioan ez dago horretarako partida zehatzik.
Azkenik, azpimarratu dute sinadurak hezkuntza publikoko ratioak murriztearen aldekoak direla: "Diru publikoa hezkuntza publikoarentzat da". Hala, "lege iruzurrik ez egiteko" eta ekimenaren izaera ez "desitxuratzeko" eskatu diete alderdiei. Izan ere, horien esanetan, maiatzean itunpekoetan ere aplikatu zuten ratioen murrizketa.