'Oso toxikoa'
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Droga berri eta arriskutsu bat atzeman dute Bizkaian

Ertzaintzaren laborategietan PMMA drogaren lehenengo laginak aztertu dituzte. Droga berri horrek zenbait hildako eragin ditu dagoeneko Europan eta 'estasia' balitz bezala saltzen dute.
PMMA droga Supermanen sinboloarekin azaldu ohi da. Irudia: Segurtasun Saila
PMMA droga Supermanen sinboloarekin azaldu ohi da. Irudia: Segurtasun Saila

Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren laborategietan PMMA droga berri eta arriskutsua atzeman dute. Santurtziko Udaltzaingoak konfiskatu zituen pilulak eta Ertzaintzak baieztatu du azkenaldian Europan zenbait heriotza eragin dituen droga berria dela.

Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakinarazi duenez, Ertzaintzak droga sintetiko horren kontsumitzaileak ohartarazi nahi ditu, "oso toxikoa" delako eta "heriotza eragin" lezakeelako. Gainera, "estasia" balitz bezala aurkezten dute, pilula itxurarekin, eta Supermanen 'S' sinboloarekin.

Euskadin agertutako PMMA drogaren aurreneko laginak Santurtzin atzeman zituen Udaltzaingoak, aurreko martxoan.

PMMA pilula itxurarekin saldu eta zabaltzen dute, aipatutako sinboloarekin bi aldeetan ageri dela, arrosa edo laranja eta hiruki formarekin.

Kontsumitzaile gehienek 'estasia' edo MDMA zelakoan hartu zuten. Halere, PMMAren osagaiek gai are toxikoagoa egiten dute. Era berean, anfetaminarekin nahastuta ere ageri da, eta horrek "toxikoagoa" egiten du.

Ertzaintzak -oharraren arabera- ez zuen aurretik horren kasako inolako pilularik topatu EAEn, baina jakinean zegoen, Europoletik jasotako informazioari esker, Europako bestelako herrialdetan atzeman delako.

Segurtasun Sailak jakinaren gainean jarri du Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X