Immigrazioa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Italiatik trenez heldutako 100 etorkin atxilotu ditu Frantziak

Erresuma Batuak, bestalde, paperik gabeko etorkinak kontratatzen dituzten enpresen kontrako neurriak zorroztuko dituela iragarri du gaur.
Etorkinak inmigrantes Francia Calais eurotunel. EFE
Etorkin bat Calaiseko (Frantzia) trenbidean, Eurotuneletik gertu. Argazkia: EFE

Frantziara Italiatik sartzen saiatu diren paperik gabeko 100 etorkin atxilotu dituzte herrialde horretako segurtasun indarrek. Migrazio krisi latzean murgilduta daude Europako herrialdeak, batez ere Frantzia bera, Italia eta Erresuma Batua.

Menton-Garavan tren geltokian (Italiako mugatik gertu) atzeman dituzte etorkinak, Frantziara 22:50ean heldu den TER trenaren barruan. Egiaztapen guztiak egin ostean, Italiako agintarien esku utzi dituzte etorkinok, Nice Matin egunkariak jakinarazi duenez.

Italiak Ventimiglian dagoen harrera zentrora eraman ditu. Azken asteetan, ehunka dira herri honetan pilatutako etorkinak, Frantziara igarotzeko aukeraren zain. Poliziak legez kanpoko etorkinen kanpalekuak hainbatetan hustu behar ditu ordudanik.

Erresuma Batuak legez kanpoko immigrazioaren aurkako neurriak gogortuko ditu

Bestalde, migrazioa krisiaren beste puntu beltzaren, Erresuma Batua-Frantzia arteko mugaren, harira neurriak iragarri ditu gaur David Cameroren gobernuak. Jakinarazi duenez, paperik gabeko etorkinei lana ematen dieten enpresa eta gizabanakoen kontrako neurriak gogortuko ditu.

"Legez kanpoko etorkinei lana ematen dieten enplegatzaile tranpati horiek britainiarrei eta modu legalean gurean dauden etorkinei kalte egiten diete, enplegua ukatuz eta soldatak jaitsiaraziz", esan du James Brokenshire Immigraziorako Estatu idazkariak.

Hala, udazkenetik hasita eraikuntza, garbiketa eta "legez kanpoko etorkinak enplegatzeko ohitura" izan ohi duten enpresetan ikuskaritzak areagotuko ditu Erresuma Batuko gobernuak.

Alderdi Laboristako buruzagiek legez kanpoko etorkinen kontra egindako adierazpenek hautsak harrotu dituzte azkenaldian. Philip Hammond Erresuma Batuko Atzerri ministroak Singapurren agertu zuenez, esaterako, "Afrikatik etorritako etorkinek Europako herrialdeen ongizatea eta gizarte azpiegitura arriskuan jartzen dute".

Frantziatik Erresuma Batura, Eurotunelaren bitartez, sartu nahian ibili diren ehunka etorkinen aferak, gainera, ez du giroa gozatu.

Zure interesekoa izan daiteke

Marcha antirracista



EUROPA PRESS

21/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X