Gabonetako Loteriak diru apur bat bakarrik utzi du EAEn eta Nafarroan
Asteartean egindako Gabonetako Loteriaren zozketak 1.266.000 euro banatu ditu Euskadin; izan ere, EAEn hirugarren saria, laugarrenetako bat eta bosgarrenetako lau irten dira. Nafarroan, sei dezimok utzi dituzte 64.000 euro, guztira; bi laugarren sari batekoak ziren, eta beste laurak, aldiz, bosgarren batzuetakoak.
Hala, zorteak diru apur bat besterik ez du utzi Euskal Herrian. EAEko herritarrek 75 eurona zuten jokoan, astearte honetako zozketan, eta nafarrek, aldiz, 55 eurona jokatzen zuten.
Portugaleten, hirugarren saria
EAEn, 5.163 zenbakia izan da nabarmenetakoa; izan ere, hirugarren saria jaso du (serieko 500.000 euro) eta 50.000 euro utzi ditu Portugaleten (Bizkaia). Zenbakia 13:11n atera da, bederatzigarren taulako zazpigarren alanbrean, eta udalerriko Gorbea Mendi plazako 1. zenbakiko administrazioan saldu dute.
Diru gehien banatu duena 71.119a izan da. Bi laugarren sarietako bat izan da, eta serieko 200.000 euro ekarri du. Guztira, Bilbok, Gasteizek, Donostiak, Errenteriak, Elorriok, Basaurik eta Zarautzek 580.000 euro jaso dituzte.
Elorrioko 1. Administrazioak (Urarka, 3) serie bat saldu du; horrenbestez, 200.000 euro banatu dira. Errenterian, Capitan Enea kaleko 15. zenbakian dagoen administrazioak 8 dezimo saldu ditu, hau da, 160.000 banatu ditu. Eta Gasteizen, Florida kaleko administrazioak 3 dezimo saldu ditu, 60.000 euro banatuz.
Bilbon, laugarren sari hori Ledesma kaleko 16. zenbakiko bulegoan saldu dute (41. administrazioan) eta Tutulu 2koan. Basaurin, Antonio de Trueba 2koan saldu da, eta Gasteizen 16.ean (Prado, 20).
Donostian, ondorengo administrazioetan saldu dute: 21.ean (San Frantzisko, 24), 8.ean (Narrika, 21) eta Gazteluko kaleko 2 zenbakikoan. Zarautzen, San Frantzisko kaleko kioskoan saldu dute. Administrazio hauek dezimo bana saldu dutenez, guztira 160.000 euro banatu dituzte.
Bilbok, Barakaldok, Irunek eta Gasteizek, halaber, 552.000 euro gehiago ere jaso dituzte; izan ere, bosgarren sarietako baten zati bat saldu da bertan, alegia, 943 zenbakiarena. Hain zuzen, zenbaki hori (serieko 60.000 euro jaso ditu) Bilbon saldu dute (4. administrazioan, Ribera 14an, 1.ean, Ormaechean, 8.ean, Azcarretan eta Diputazio kaleko 4. zenbakian).
Zati bat Barakaldon ere saldu dute (Megaparken), Gasteizen (Campo Los Palacios kaleko 4. zenbakian) eta Irunen, Pinar kalean, 7. zenbakian.
89.023 zenbakiak bosgarren sarietako bat jaso du, eta Bilbon 60.000 euro utzi ditu. Zenbakia 13:07an irten da, bederatzigarren taulako seigarren alanbrean, eta Corte Ingleseko administrazioan saldu dute.
Sestaon, beste bosgarren batek 12.000 euro banatu ditu, Carrefour merkataritza-gunean; eta Azpeitian ere horrenbeste laga du, Goiko kaleko administrazioan, 1. zenbakian.
Azkenik, beste bosgarren batek, alegia, 43.221ak, beste 12.000 euro gehiago utzi ditu Bilbon; hain zuzen ere, dezimo bat saldu dute Ormaechean. Pasaiako Azkuene kaleko 2 zenbakiko administrazioan ere beste dezimo bat saldu dute.
Nafarroan, solte saldutako dezimoak
Nafarroan, saria izan duten dezimo guztiak solte saldu dituzte, terminaletik erosiak Iruñean, Tuteran, Cascanten eta Cordovillan. Hala eman dio jakitera Eferi Cristina Garcia Echeverria Estatuko Loteria eta Apustuen Nafarroako ordezkariak.
Hain zuzen, Nafarroan laugarren sarietako baten bi dezimo saldu dituzte (71.119arenak), eta 20.000na euro utzi dituzte horiek; eta bosgarren sarietako lehenaren eta hirugarrenaren bina dezimo ere saldu dituzte (18.102 eta 43.221 zenbakietakoak). Azken lau horietako bakoitzak 6.000 mila euro utzi ditu.
Garciak adierazi du Gabonetako Loteriak zalaparta sortu duela Nafarroan, baina eragin txikia izan duela; izan ere, sari txikiek eta hurbiltzeek, seguraski, sari handia izan duten dezimoek utzitakoa baino gehiago bilduko dute.
Laugarren sariko bigarren zenbakiko dezimoetako bat Karpi tabernan saldu dute, Marcelo Celayeta etorbidean, Arrotxapean. Oraingoz, ez dakite bertan zeinek erosi zuen dezimo hori.
Tuterako Cuesta de la Estacion kaleko 8. zenbakian dagoen administrazioan, terminalen bidez saldu dute zenbaki hori bera. Maria Jose Garcia Lopez administrazio-jabeak Eferi esan dioenez, ixtear zeuden jakin duenean saria banatuta zuela.
Bosgarren sariko hirugarren zenbakiko dezimo bat, alegia, 43.221ekoa, Iruñeko 13. Administrazioan saldu dute. Vínculo plazan kokatzen da administrazio hori. Maria Pilar Calongek duela 36 urte ireki zuen, eta adierazi du bigarren sariko ehunekoaren dezimoak ere saldu dituela (12.775 zenbakia izan da bigarren saria); hortaz, euroko bost euro eman ditu horrekin.
Zenbaki horretako beste dezimo bat Cascanteko 1. Administrazioan saldu dute, Romero kaleko 19an, terminalen bidez.
Iruñeko 11. administrazioak eta Cordovillakoak, gainera, bosgarren sarietako baten dezimoak saldu dituzte (18.102koak). Jose Mari Ilarregui Iruñeko administrazioko arduradunak (Hiper Eroskin dago) Eferi azaldu dio saria terminaletik atera zutela, azken orduan, zeren eta leihatilan dezimo guztiak saldu baitzituzten.
Zenbaki horretako beste dezimoa Leclerc hipermerkatuan dagoen administrazioan saldu dute, Morean, Cordovillan. Olaia Rus arduradunak esan du bakarrik terminalez saldu dutela loteria, haiek ez dutelako esleitutako dezimorik.
Gabonetako Loteriaren historian zehar, sari nagusia bost aldiz bakarrik irten da Nafarroan: hiru aldiz Iruñean (1829an, 1853an eta 1974an), behin Altsasun (1963an) eta beste behin Tuteran (2012an). Iaztik, aukera dago sariak abenduaren 22ko arratsalde-gauean ere kobratzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Lau urteko haur bat oso larri Oionen, bigarren solairutik erorita
13:30 aldera gertatu da istripua, eta helikopteroz eraman dute Gurutzetako ospitalera.
Osasun Sailak zehaztu du iraungitako txerto hexabalenteak Iztietako (Errenteria) eta Ondarretako (Donostia) osasun-zentroetan jarri zituztela
Osakidetza hasi da kaltetutako 30 pertsonak (25 haurtxo eta 5 heldu) berriro txertatzen. Iraungitako txerto tetrabalentea edo hirukoitz birikoa jaso zutenek (75 bat lagun) asteon jasoko dute gertakin zuzena.
Matrikulazioa % 5 jaitsiko dela uste du Hezkuntza Sailak, baina ikasturtean zehar heldutako ikasleekin orekatu daitekeela erantsi du
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, matrikula kopuruak % 5 inguru egin du behera, datu demografikoak kontuan hartuta egindako estimazioen arabera. Dena dela, iragarri du beherakada "matrikulazio biziak" konpentsatuko duela; izan ere, irailetik 5.400 ikaslek eman dute izena EAEko hezkuntza sisteman.
Gidari bat ikertzen ari dira istripu batetik ihes egin eta alkoholemia proba egiteari uko egiteagatik
Ertzaintzak ikertu gisa inputatu du bart Trapagaranen beste ibilgailu baten kontra istripua izan eta ihes egiten saiatu zen gidari bat, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbatean, 21:00ak aldera, bi ibilgailuk talka egin zuten Bizkaiko udalerri horretan, eta gidarietako bat bertan artatu behar izan zuten. Beste gidaria, onik atera zena, ihes egiten saiatu zen, baina agenteek geldiarazi egin zuten. Gizonak uko egin zion alkoholemia proba egiteari.
Hiru pertsona artatu dituzte Usurbilen, sute batean kea arnasteagatik, eta beste bat Errenterian
Usurbile, hiru pertsonak tokian bertan artatu dituzte, baina Errenterian, Donostia Ospitalera eraman behar izan dute emakume bat. Barañaingo supermerkatu batean ere sutea izan da larunbat honetan baina ez da inor zauritu.
Manteroen kontrako "poliziaren esku-hartze bortitza" salatu dute dozenaka lagunek Bilbon
Mbolo Moye Doole eta Manteroekin bat! plataformek deituta, ostegunean Ertzaintza eta Udaltzaingoa manteroen aurka indarkeriaz aritu zirela salatu dute. Horien esanetan, "ez da gertaera isolatua izan", hilero jazotzen baitira halakoak.
Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta EHEko lau ekintzaileren aurkako epaiketa salatu dute dozenaka lagunek Baionan
Euria eta hotza egin badu ere, 200 euskaltzale batu dira protestara datorren ostegunean epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko lau kideei babesa emateko.
Adingabe bat atxilotu dute Getxon, beste gazte bati lepoan labankadak eman eta larri zauritzeagatik
Ertzaintzak jasotako testigantzen arabera, 01:00ak aldera, hiru gazte Areeta auzoko parke batean zeuden banku batean eserita, erasotzailea eurengana joan eta oldartu zitzaienean. Higu gazteek korrika alde egin zuten baina bat harrapatu eta zauritu egin zuen.
Kamioi batek A63 autobian izandako istripuak auto-ilara luzeak eragin ditu Donibane Lohizune parean
Ibilgailua irauli egin da, eta ondorioz zama galdu du. Errepidea erabat itxi dute eta 6 kilometrora arteko ilarak sortu dira, baina 19:15ean errei bat ireki dute bertan hiru orduz geldirik egon diren ibilgailuak pasatzeko. Ondoren, berriro itxi dute bidea, kamioia bertatik kendu ahal izateko.
Gizon bat atxilotu dute Errenterian beste gizon bat labanaz hiltzen saiatzea egotzita
Ertzaintzak atzo atxilotu zuen 36 urteko gizasemea, baina gertakariak hilaren 12an jazo ziren, Gipuzkoako udalerri horretako lokal batean. Biktima, 21 urtekoa, ospitaleratu egin behar izan zuten, zauri larriak baitzituen.