Genero-indarkeriaren aurkako aldarria Euskal Herri osoan
Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunaren harira, milaka lagun atera dira Euskal Herriko kaleetara genero-indarkeriari aurre egiteko eta biktima izan direnei elkartasun osoa adierazteko helburuz.
Euskal Herriko Koordinakunde Feministak deituta, 'Zure egia gurea eginez' lelopean manifestatu dira euskal hiriburuetan, indarkeria matxista jasan duten emakumeen kontakizuna zalantzan jartzen dutenen aurrean, biktimei sinesgarritasuna aitortzeko asmoz.
Bilbon izandako martxan argi-zuzik eraman dituzte, ibilibidea Kale Nagusian hasita, Bilboko Udaletxeraino. Milaka lagunek parte hartu dute, eta martxaren amaieran indarkeria matxistaren biktimen testigantzak irakurri dituzte.

Bilboko martxaren burua. Argazkia: EiTB
Gasteizko manifestazioa ere jendetsua izan da. Andra Mari Zuriko Plazan hasi da, eta manifestariek azpimarratu dute emakumezko biktimen testigantza beti zalantzan jartzen dela, eta haien salaketak aintzat hartu behar direla.

Donostian ehunka lagunek bat egin dute Asanblea Feministak egindako deialdiarekin. 19:00etan abiatu da martxa Donostiako Boulevardean, eta horren buruan izan dira azido-erasoak pairatu zuten Indiako hiru emakumezko (Indiako Stop Acid Attacks elkartearen laguntzarekin). 'Zure egia gurea eginez' izan da ere leloa, Iruñeko sanferminetan iaz bortxatutako neskari aipamena eginda, eta horri babes osoa helarazita.

Iruñeko manifestazioari dagokionez, lelo berdinarekin egin dute elkarretaratzea ehunka heritarrek, Indarkeria Sexistaren Aurkako Emakumezkoen Plataformak deituta, Gaztelu Plazatik abiatuta.
Plataforma horretako bozeramaile den Teresa Zabaleguik azpimarratu du genero-indarkeria salatzeko prozesu judiziala "oso latza" dela biktimarentzat, "jazotakoa berriro bizi behar duelako, eta behar beste babesten ez duen sistema judizial baten segurtasun eza pairatu behar duelako". "Indarkeria eta biktimak aitortzea aurreneko urratsa da", gaineratu du.
Goizeko hitzorduak
Arratsaldeko mobiliazioez gain, goizean ere elkarretaratzeak izan dira, esaterako, Ezkerraldeko talde feministek egindakoa dago. Bizkaiko Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Emakumeen Taldeek antolatuta, Barakaldotik eta Santurtzitik abiatu dira, eta Sestaon elkartu dira, Txabarri kalean, hain zuzen ere, han bizi baitzen genero-indarkeriaren azken biktima. Emakumeek "aske" izan nahi dutela, "ez ausartak" aldarrikatu dute.
Baionako mobilizazioa 11:00etan izan da, herriko etxearen parean hasi dute martxa, eta gero hiriguneko karrikak zeharkatu dituzte. Baionako eta inguruko herrietako zenbait hautetsik hartu dute parte.
'DenokZu' Donostian
Bestalde, Euskadiko instituzio publikoek, hala nola, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Batzar Nagusiek eta Donostiako Udalak, elkarretaratzea egin dute Donostiako Gipuzkoa plazan,12:00etan, emakumeenganako indarkeriaren aurkako aldarrikapenarekin bat eginda, eta 'DenokZu' lelopean.
Hainbat ordezkari politiko izan dira bertan, Markel Olano ahaldun nagusia, Arantxa Tapia Garapen Ekonomikorako sailburua eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste. Genero-indarkeria pairatu duten emakumezkoei elkartasun mezua helarazi diete eta, horien omenez, bost minutuko isilunea egin dute.
Geroago, Aldundiak sustatutako 'DenokZu' kanpainaren gainean mintzatu da Olano. Horren esanetan, "herritar guztiok barneratu behar dugu indarkeria matxistaren aurkako konpromisoa, eta biktima diren emakumezkoek jakin behar dute guztion babesa dutela".
Iñigo Urkullu lehendakariak ere genero-indarkeriaren aurkako konpromisoa berretsi du Twiterren:
Ekitaldiak
Bestalde, zenbait udalerritan genero-indarkeria errefusatzeko ekitaldiak prestatu dituzte. Hala gertatu da Gasteizen, hiriburuko hainbat kaletan indarkeria matxistaren kontrako horma-margo artistikoak egin baitituzte lau kale-artistek.
Astigarragan, berriz, koloreak aukeratu dituzte salaketa diferentea egiteko. Kolore askotako mataza luzeak zintzilikatu dituzte udaletxean eta kioskoan. 'Harituz' elkarteak bultzatutako ekimena izan da eta, guztira, 4 kilometrotik gorako bufanda erraldoia egitea lortu dute.
Matazak mundu osoko 40 herritatik etorritako emakumeek ehundu dituzte, helburua izanda elkarlanean genero indarkeriari ezetz esatea.

--------------------------------------------------------------
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.
Zure interesekoa izan daiteke
Athleticek gaitzetsi egin ditu Jon Uriartek jasotako mehatxuak eta bere “babes osoa” adierazi dio
Erakundeak adierazi duenez, "errespetua irmo aldarrikatuz baino ez dugu gizarte eta Athletic hobea eraikiko".
Martxoaren 23an irekiko dute Osakidetzako EPErako izen-ematea
Probak ekainaren 19an, 20an eta 21ean egingo dira, eta horietan LEP eredu berri bat ekarriko du: test motako azterketak egingo dituzte eta nota hurrengo deialdietarako erreserbatuko da.
Euskal Herrian Euskarazek CCOO sindikatuaren mehatxua salatu eta mobilizatzeko deia egin du
Euskal Herrian Euskarazen agerraldia. Argazkia: EITB Media
Ramadanaren amaiera jendetsua Euskal Herrian
Ehunka musulman bildu dira Gasteizen eta Zumarragan islamaren hilabeterik sakratuenari agurra emateko. 2026ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra arte, musulmanek abstinentzia egin dute egunez. Argia egon den orduetan, ez dute jan, ez dute edan (ezta urik ere), ez dute erre eta ez dute sexu-harremanik izan.
Athleticeko presidenteak jazarpena eta mehatxuak salatu ditu
Jon Uriartek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez, futbolarekin lotutako gazte erradikalak bere etxeko atarian sartu dira eta mezu iraingarriak utzi dizkiote.
Luzaiden dantzan, Korrikaren lekukoa eskuan!
Arnegitik Luzaiderako bidean, Luzaideko Bolantak taldeak dantzan hartu du Korrikaren lekukoa. 126. kilometroan izan da, 04:00ak aldera. Azken urteotako tradizioari eutsiz, dantzan jarri dira lekukoa hartu dutenean.
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.