ERREFUXIATUAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Greziako pertsona errefuxiatuentzako arropa bilduko du Zaporeak GKEak larunbatean

EAEko eta Nafarroako 35 udalerritan bilduko dute arropa. Errefuxiatuen beharrak asetzen dituzten arropa biltegiak minimoen azpitik daude Grezian, antolatzaileen esanetan.
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundea. EiTBko bideo batetik ateratako argazkia.
Zaporeak gobernuz kanpoko erakundea. EiTBko bideo batetik ateratako argazkia.

Grezian negua pasatuko duten errefuxiatuentzako arropa bilketa bat prestatuko du Zaporeak proiektu solidarioak azaroaren 17an EAEko eta Nafarroako 35 udalerritan; Bilbon, Gasteizen, Iruñean, Beasainen, Zarautzen, Lizarran, Tafallan, Laudion, Arabar Errioxan, Markinan eta Etxebarrian, besteak beste.

Donostian egindako prentsaurreko batean proiektuaren ordezkariek azaldu dutenaren arabera, errefuxiatuen nahiak asetzen dituzten arropa biltegiak minimoen azpitik daudela antzeman zuten Lesbos Greziako uhartera egindako bidaian.

Bidaia horretan, Zorba zikloiak greziar uharteak astindu eta gero, errefuxiatuen egoerak okerrera egin zuela azaldu dute. Testuinguru horretan, Zaporeak gobernuz kanpoko erakundeak arropa bilketa bat prestatzea erabaki du.

Herritarren parte-hartzea

Hainbat eskolak, unibertsitatek, elkartek eta enpresak hartuko dute parte ekimenean, arropa bilketa propioak eginez, baina, hala ere, gobernuz kanpoko erakundeak laguntza eskatu die herritarrei, Greziara palet bat bidaltzeak 150 euro balio baitu.

Umeentzako zein helduentzako arropa behar dute; berokiak, jakak, txanoak eta bufandak, esaterako.

Gainera, banku-kontu bat ireki dute garraiorako dirua biltzeko.

Bilketan jasotako jantziak erakunde horren biltegietara bidaliko dituzte, sailkatzeko. Azaroaren 26an edo 27an bidali nahi dituzte Greziara.

Grezian erregistratu dute

Grezian lan egiten jarraitu ahal izateko, gobernuz kanpoko erakundeen erregistroan izena eman behar izan dute.

Bestetik, Zaporeakek sukalde bat eraikiko du errefuxiatu kanpamenduan dauzkaten 200 metro karratuetan, Morian dauden 750 errefuxiatuei jaten ematen jarraitzeko.

Sukalderako materiala eramatea eta hori eraikitzea, lokala hobetzeko lanak egitea eta janaria prestatzeko zein banatzeko baimenak lortzea dira gobernuz kanpoko erakunde honen helburu nagusiak.

 

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

Gehiago ikusi
Publizitatea
X