Emakumeen aurkako indarkeria
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gizon bat atxilotu dute Santurtzin, emakume bati eraso egitea leporatuta

Karmengo jaietan izandako eraso horren aurkako elkarretaratze isila egin dute igande arratsaldean, Santurtziko Udalak deituta, udaletxe parean.

Santurtziko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu du goizalde honetan udalerrian, 19 urteko neska baten aurkako sexu-abusu delitua leporatuta. Santurtziko Udalak ohar batean azaldu duenez, eraso fisikoaz gain, gizonak ukituak egin dizkio emakumeari, Karmengo jaietako txosnagunean.

Emakumeak jarritako salaketaren arabera, erasoa 05:45 aldera izan da, bere lagunekin batera zegoenean. 19 urteko gizonak elkarrekin dantzatzea eskatu dio, baina neskak proposamen hori baztertu du. Une horretan, gizonak gerritik heldu dio, bere borondatearen kontra dantza egitera behartuz. Gainera, lagunak inguruan zituela, oldartu egin zaio eta ukituak egin dizkio.

Bere lagunen laguntzarekin ihes egitea lortu duenean, erasotzaileak tokitik ihes egin du, Portugaletera bidean. Orduan, Santurtziko udaltzainek biktima artatu duten bitartean, kalez jantzitako patruila bat haren bila joan da. Hala, emakumeak egindako deskribapenari esker, portuan aurkitu dute gizonezkoa, eta bertan atxilotu dute. Udalak baieztatu duenez, epailearen esku utzi dute jada, sexu askatasunaren aurkako delitua leporatuta.

Bestalde, Karmengo jaietan izandako eraso matxista gaitzesteko asmoz, ehunka lagunek bat egin dute igande arratsalderako Udalak deitutako elkarretaratze isilarekin.

_________________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Lehenak arrastoa uzten du fakturan eta telefonoan; bigarrenak, telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Jendetza bildu du Korrikak Maulen

Arratsaldeko 17:00ak baino minutu batzuk lehenago iritsi da Korrika Euskal Herriko lehen hiriburura, Maulera. Gazte zein heldu, jende andana aritu da lasterka lekukoaren atzetik eta une dibertigarri eta politak bizi izan dira Zuberoako hiriburuan.  Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X