Zaldibarren gertatukoa argitzeko eskatu dute milaka pertsonak
'Zaldibar argitu orain' lelopean, 5.000 pertsonak hartu dute parte Zaldibarko zabortegian gertatutako luizia salatzeko eta arduradun politikoei ardurak eskatzeko deitutako manifestazioa zaratatsuan. Ezer baino lehen, lur-jausia izan zenetik desagertuta dauden bi langileen bilaketa lehenesteko eskatu dute herritarrek, gertatua argitzeko eta erantzukizunak zehazteko.
Hiru zutabe izan ditu mobilizazioak: 17:00etan abiatu dira manifestariak Ermutik eta Eibartik, eta 16:30ean Elgetatik. 18:00ak aldera bat egin dute guztiek Ermun, San Lorenzo auzoan, eta handik Zaldibarko Eitzaga auzora, Verter Recycling 2002 enpresak hondakindegia duen tokira, jo dute manifestariek.
Hiru herri horietako biztanleei, inguruko zein Bizkaiko eta Gipuzkoako beste hainbat herritar elkartu zaizkie protestan. Sirena eta txistu hots ugari entzun da ibilbidean zehar, baita "Arriola dimisión" gisako leloak, maiz-maiz. Manifestari askok maskarilak jantzita egin dute ibilbidea.
Kezkatuta eta haserre daude Eusko Jaurlaritzaren kudeaketarekin, eta atzo Osasun arduradunek zabaldutako gomendioak are gehiago haserretu ditu hondakindegiaren inguruko bizilagunak. "Dena itxita daukagu etxean. Hondakindegitik 300 metrora bizi gara, eta oso kezkatuta gaude. Begietan hazkura dugu, eta sudurra itxita", esan du manifestazioan parte hartu duen Ermuko gizonezko batek.
"Aurrena, zabortegian ez zegoela gai toxikorik esan ziguten eta gero amiantoa zegoela jakinarazi zuten. Ondoren, etxeak ez aireztatzeko eta baratzeko barazkirik ez jateko esan ziguten. Zer izango da hurrengoa?" galdetu du beste bizilagun batek.
Zabortegiaren parean, Ermuko San Lorenzo Lehen Hezkuntzako eskola dago eta gurasoak kezkatuta daude: "Bi aldiz etorri da Ermuko alkatea gu lasaitzen saiatzea, baina beldurra hor daukagu" Guraso Elkarteko kide diren Mikelek eta Irantzuk.
Manifestazioaren amaieran izan dira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran desagertutako langileen senideak. Lehentasuna "euren senideak lur azpitik ateratzea" izan behar duela esan dute, eta hori bera eskatu dute manifestazioaren antolatzaileek azken agirian, gertatua "erabat argitzea" eskatzearekin batera.
Antolatzaileek salatu dutenez, "langileak hortik ateratzeari ez zaio lehentasunik eman. Horren ordez, arduradun politikoei aurpegia garbitzen saiatzen ari dira. Gainera, airearen kalitatea ona zela esaten aritu dira eta dioxinak daudela jakin da orain. Gertatu denaren eta izan ditzakeen ondorioen berri zeharra jakin nahi dugu".
Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak (ELA, LAB, Steilas eta beste sindikatu batzuek eta hainbat gizarte eragilek osatutakoa) ere bat egin du deialdiarekin.
Gorpuak aurkitu eta suteak itzali
Otsailaren 6an izan zen luizian bi langile desagertu ziren eta oraindik ere itzali ez diren suteak piztu ziren. Zaldibarko luiziaren ondorioak aztertzeko eta bideratzeko abian jarri duten jarraipen eta koordinazio mahai-teknikoa bildu da hirugarrenez, gaur goizean, Zaldibarko Udalean, eta desagertutako langileak aurkitzea "lehentasuna" dela esan dute bertan parte hartu duten teknikariek.
Bilaketa eremua zehaztu dute eta zonalde horretara joateko bidea irekitzen hasi dira.
Bestalde, suak piztuta jarraitzen du zabortegiaren goialdean, eta makinak hasi dira jada suaren gainera lurra botatzen. Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak zehaztu duenez, "sutearen ingurua nahiko mugatua da" baina "itzali beharreko 4-5 foku daude". 20 metroko mendoitz gunean daude suteak eta hango lurra erabiliko dute suteak itzaltzen saiatzeko. Aurreko astean helikopteroz botatako urarekin saiatu ziren, baina porrot egin ondoren, lurrarekin probatuko dute orain.
BIDEOA: Sua itzaltzeko lanak, lurra botata
Sute horiek kalte handia eragin dute inguruko airean. Zabortegiaren inguruko airea ez da kalitate onekoa, Osasun Sailaren arabera. Azken azterketek dioxina eta furano ezohiko maila altuak neurtu dituzte. Erretako plastikoek eragiten dituzten substantziak dira eta bi gomendio eman dizkiete Zaldibarko, Ermuko eta Eibarreko bizilagunei: aire librean ariketa fisikorik ez egitea eta etxeak ez aireztatzea.
Laginak sutetik gertu hartu zituzten otsailaren 9an, baina atzo arratsaldera arte ez zuten emaitzen berri eman, "laborategi gutxi batzuk azterketa konplexuak egiteko kapaz direlako" gaur azaldu dutenez. Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak esan duenez, "dioxinekiko esposizio arrisku baxua da. Arrisku larria izateko esposizio denbora asko beharrezkoa da". "Herritarrek kiratsa antzeman dute, baina horrek ez du arriskurik, eragozpena baino ez. Neurtutako mailekin ez dugu sintomatologia edo gaixotasun zehatzik espero. Epe luzera arrisku faktorea da, baina sutea hor dago eta ez dute oraindik itzali, horregatik gomendioa", errepikatu du.
Aire librean ariketa fisikorik ez egiteko gomendioak Eibar-Reala lehen mailako partida bertan behera utzi du.
Zure interesekoa izan daiteke
Barakaldoko 54 urteko emakumearen heriotza hilketa matxista izan dela baieztatu dute
27 urteko gizon bat atxilotu dute ustezko hiltzaile gisa. Agintariek hilketa gaitzetsi eta elkarretaratzea deitu dute biharko: 12:00etan, Barakaldoko Herriko Plazan. Argitan talde feministak, bestalde, beste bilkura bat deitu du astearterako, 19:00etan Bide Onera plazan.
Emakume batek sexu erasoa egin diotela salatu du Eibarren
Erasoa igandean gertatu zen, eta Ertzaintzak ikerketa zabaldu du. Oraingoz ez dute atxiloketarik egin.
Auto baten gidaria hil da GI-636 errepidean, Lezon, kamioi batekin aurrez aurre talka eginda
Errepidea itxita egon da bi noranzkoetan larrialdi zerbitzuak lanean aritu direnean eta errepidea garbitzeko lanek iraun duten bitartean. 17:45ak aldera zabaldu dute eta egoera normaltasunera itzuli da.
Olentzerok eta Mari Domingik ilusioz beteko dituzte Bilboko kaleak astearte honetan
Kalejira 17:30ean hasiko da Moyua plazatik eta Kale Nagusia zeharkatuko du Arriaga Antzokiraino. Bertan, ikuskizuna, tailerrak eta Euskal Herriko Gabonetako pertsonaiarik maitatuenen bisita izango dira.
2026ko txertaketa egutegia eguneratu du Osasun Sailak, helduentzat arnas birus sintzitialaren aurkako txertoa sartuz
34,5 milioi euro bideratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak txertoetara 2026an, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordearen gomendioak aintzat hartu, eta txerto berriak sartuz heldu zein haurren egutegietan, herritarren immunitatea indartzen jarraitzeko.
Abadiñoko bizilagunak, hunkituta, sari nagusiko dezimoak kultur elkarte bati esker eskuratu dituzte eta
79432 zenbakiari egokitu zaio Gabonetako Loteriaren zozketa bereziaren sari nagusia, seriko lau milioi euroko saria dakar (dezimo bakoitzeko 400.000 euro).
Bimba y Lola saltokiko langileei bigarren saria egokitu zaie
Bigarren sariak (70.048) zoriona banatu du Bilboko eta Donostiako Bimba y Lola moda kateko saltzaileen artean, zenbaki horrekin jokatzen baitzuen enpresak. 125.000 euro jasoko dituzte dezimo bakoitzeko.
Lau bosgarren sarik (23112, 60649, 77715 eta 41716) 400.000 eurotik gora utzi dituzte Euskal Herrian
Lehenak, 23112ak, 180.000 euro banatu ditu Usurbilgo Urbil merkataritza-gunean eta Bilbon. 60649aren serie bat Gasteizen, Leclerc saltokian, jausi da, eta 41716ren beste bat, Donostian . 77715 zenbakia oso banatua egon da eta Iruñean, Bilbon eta Leioan jausi da.
Igorreko errugbi taldeak 14 milioi banatu ditu hirugarren sariarekin (90693)
Hirugarren saria (90.693) oso txoko askotan banatu da. Zenbakia toki askotan saldu da. Igorren, adibidez, 14 milioi euro baino gehiago utzi ditu. Arratiko Zekorrak errugbi taldeak eskuratu zituen saritutako hirugarren zenbaki horretako serie guztiak.
Honela ospatu dute Leioan Gabonetako Loteriaren laugarren eta bosgarren sariak
Leioako Artea merkataritza-gunean 2025eko Gabonetako Loteriaren zozketa bereziko bi sari banatu dituzte, zehazki, laugarren sari bat (78477) eta bosgarren bat (77715).