Sua itzaltzen laguntzeko makinak iritsi dira suteen zonaldera
Zaldibarko luiziaren ondorioak aztertzeko eta bideratzeko abian jarri duten jarraipen eta koordinazio mahai-teknikoa 09:30ean bildu da gaur goizean Zaldibarko Udalean. Bi orduz bilduta egon dira, egoera aztertzen. Zabortegitik behera etorritako lurrak egonkortzeko lanak hasiko dituzte asteburu honetan, otsailaren 6tik desagertuta dauden bi langileen bilaketari berrekiteko. Hurrengo orduetan, luizia izan zen egunetik piztuta dagoen sutea itzaltzeko urratsak ere ematea espero dute.
Iñigo Urkullu lehendakaria batzarrera joan da, eta ordu erdi inguru egon da bertan. Hedabideen aurrean adierazpenik egin gabe, 10:00ak inguruan, Zaldibartik alde egin du. Mahaiko kideek agertu dutenez, "konfiantza eta babesa" helarazi die lehendakariak, eta "kanpoko zaratak eta eztabaida politikoak" bilaketa lana ez baldintzatzea eskatu die. Hainbat herritarrek lehendakariaren aurrean protesta egin dute.
Desagertutako langileak bilatzea "lehentasuna" dela esan dute koordinazio mahaian parte hartzen ari diren teknikoek. Bilaketa eremua zehaztu dute, eta, horretarako, luizia izan zenean bi beharginak non egon zitezkeen hartu dute kontuan. 'Gune gorria' deitu diote eremu horri eta zonalde horretara joateko bidea irekitzen hasi dira.
Badaezpada ere, 'gune laranja' deituriko beste inguru batean ere egingo dute bilaketa, zabortegiaren ezkerraldean, baserri gunetik gertu.
Suteen ingurura hurbildu dira jada makinak
Bestalde, suak piztuta jarraitzen du zabortegiaren goialdean, eta bertara iristeko bidea asteburuan zehar amaitzea espero dute. Txus Peña mahai teknikoaren koordinatzaileak azaldu duenez, sua itzaltzen erabiliko dituzten makinak prest daude luizia izan den lekuan, eta arratsaldean hasiko dira suaren gainera lurra botatzen.
Elena Moreno Ingurumen sailburuordeak zehaztu duenez, "sutearen ingurua nahiko mugatua da", baina "itzali beharreko 4-5 foku daude". 20 metroko mendoitz gunean daude suteak eta hango lurra erabiliko dute suteak itzaltzen saiatzeko. Aurreko astean helikopteroz botatako urarekin saiatu ziren, baina porrot egin ondoren, lurrarekin probatuko dute orain.
Oso zaila izan omen da orain arte bertara hurbiltzea, baina behin bidea irekita, hainbat hondeamakina eta 23 metroko beso bat bertaratu dituzte, "kontu handiarekin, hori bai, ingurua ez baita egonkorra eta langileak lotuta doaz". Hurrengo egunetarako itzaltzea espero dutela ere esan du.
Dioxinak eta furanoak
Hain zuzen ere, sute horiek dioxina eta furano kutsadura larria sortu dute airean. Suteen ondorioz, metro kubikoko 700 zentigramo dioxina eta furano antzeman zituzten otsailaren 9an, hirigune batean normala litzatekeena baino 40-50 aldiz gehiago. Atzo, aire librean ariketa fisikorik ez egiteko eta etxeak ez aireztatzeko gomendatu zieten Zaldibarko, Ermuko eta Eibarreko bizilagunei. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako gomendioaren ondoren, inguruko herritarren haserrea eta kezka areagotu egin da, lehenaz gaina.
Txus Peña mahaiko koordinatzaileak azaldu duenez, "dioxinak topatu dituen analisiek bost egun behar izan dute -hilaren 9an bidali ziren laginak eta 14ean jakin ziren emaitzak- lau egun behar dituen metodo batekin aztertu direlako Madrilgo laborategi batean eta horregatik tardatu dugu emaitzak jasotzen". Horrez gainera, zehaztu du hurrengo egunetako laginak laborategi berberera bidali zituztela eta emaitzak ostegunean iritsiko direla.
"Dioxina maila hau aurkituko genuela pentsatu izan bagenu, lehenago hartuko genituen neurriak, noski", gaineratu du.
Ildo beretik, Iñaki Berraondo Osasun sailburuordeak esan du maskarila erabiltzea ez dela beharrezkoa. "Han dabiltzan langileek bakarrik behar dute maskarila. Gure gomendioak etxeak ez aireztatzea eta aire librean kirolik ez egitea dira", zehaztu du.
Zer egin Zaldibarko zabortegian pilatutakoarekin eta lehen hara eramaten ziren hondakinekin?
Elena Moreno sailburuordeak azaldu duenez, "mugimendu handiko" zabortegia zen Verter Recycling enpresarena eta hara joaten ziren EAEko paper-fabrika, burdingintza eta fundizio askoren hondakinak.
Luizian mugitutako lurra EAEtik kanpoko zabortegietara eramango da, eta orain zabortegian dagoena "ahalik eta gutxien mugitzen" saiatuko dira. Zabortegia eta mendia egonkortzea da helburua, eta aditu geoteknikoak egonkortasun hori nola lortu erabakitzen ari dira, ahal den hondakin gutxien aterata, lur-jauzi gehiago egon ez daitezen.
Bestalde, Bizkaiko hondakindegiak lehen Zaldibarrera eramaten ziren hondakinak jasotzeko guneak prestatzen ari direla ere jakinarazi dute, eta astelehen arratsaldean bilera egingo dutela bai zabortegiko arduradunekin bai sektore horietako enpresekin, hondakinekin epe motz eta ertainera zer egin erabakitzeko.
Datozen egunetan kaltetutako hiru udaletan informazio-hitzaldiak egitea erabaki dute, Eusko Jaurlaritzako hiru sailetako teknikariek azalpen teknikoak eman ditzaten eta herritarrek neurketen eta emaitzen inguruan dituzten zalantzak argi ditzaten.
Ligak jakinarazi duenez, Eibarren eta Realaren arteko euskal derbia ez da igande honetan jokatuko. Zaldibarko zabortegiko sutearen ondorioz, dioxinak eta furanoak daude airean eta horrek zale zein jokalarien osasunean eragina izan dezake.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia, blusa eta nesken kalejira berriarekin, teknikarien grebak baldintzatuta
Goizean, blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatu dute, eta arratsaldean kalejira egin dute, ibilbide berria estreinatuta. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du.