Zarauzko ezker abertzaleko kide batek emakume bati abusuak egin zizkiola salatu dute
Zarauzko ezker abertzaleko zinegotzi ohi batek sexu-abusuak egin omen zizkion 19 urteko emakume bati, Danba Gazte Asanblada gazteen taldeak jendaurrean salatu duenez. Biktimak herriko tabernan egiten zuen lan, zerbitzari.
Erasoa abenduan gertatu zen, eta talde horrek, biktimak berak, Arrano tabernako zenbait langile ohik, militante feminista batzuek eta biktimaren inguruko hainbat pertsonak eman dute horren berri. Hain zuzen ere, agiria helarazi diote Zarauzko Hitza komunikabideari, eta horren bidez, gaitzespen-elkarretaratzea deitu dute, ostegunerako. Udaletxe plazan egingo dute, 20:00etan.
Oharrean, sinatzaileek azaldu dute Sortuk eta Arranoko Batzordeak ez zutela erantzun egokirik eman gertaturikoaren aurrean, eta erasoa estali eta erasotzailea babestu izana egotzi diete, emakumearen ongizatearen aurretik, interes politikoei eta alderdikoei lehentasuna emateko.
Agiriaren hitzetan, erasoa 2019ko abenduan gertatu zen, aipatu tabernan. Ustez, gizonak biktima jazarri egiten zuen "gau askotan". Erasotzaileak 40 bat urte ditu, eta Zarauzko ezker abertzaleko erreferentea da, baita zinegotzi ohia ere.
Gau batean, azken orduan, gizona barraren beste aldera sartu zen, eta ustez sexu-ukituak egin zizkion emakumeari. Bertan zegoen beste pertsona batek eman zion amaiera egoerari.
Danba Gazte Asanbladaren testuaren arabera, Sortuko egitura nazionala arduratu zen kasua kudeatzeaz. Bitartekari bat izendatu zuten, protokolo bati ekiteko, eta, testuinguru horretan, mahai bat osatu zen; Arranoko Batzordea, Sortuko egitura nazionala eta Zarauzko Sortu zeuden bertan ordezkatuta.
Prozesua burututa, eta COVID-19aren pandemiak eragindako konfinamendua amaituta, asteartean, biktimak berak hala eskatuta, protokoloa bertan behera geratu zela esan omen zion bitartekariak emakumeari, nahiz eta emakumeak ez duen inoiz horrelakorik esan.
Herriko Tabernaren eta ezker abertzalearen izena ez zikintzeko asmoa nagusitu dela salatu dute, eta horretarako, erasoa estali eta erasotzailea babestu dute, testuaren arabera.
Zarauzko Sorturen prentsa-oharra
Zarauzko Sortuk oharra argitaratu du arratsaldeko azken orduan, horren harira. Bertan, alderdiak dio ustezko erasotzailea "behin-behinean kanporatu" zutela ezker abertzaleko guneetatik, eta neurri horrek "indarrean" jarraitzen duela.
Alderdiak adierazi duenez, barne-protokoloak abian jarraitzen du, erasoa gertatu baita, "eta horrek ondorioak ditu"; halaber, ziurtatu du edozein eraso matxista salatuko duela, Arranon zein beste inon gertatu, egilea ezker abertzaleko kide izan zein izan ez.
Ostegun honetako elkarretaratzearekin bat egin du Sortuk, baina, haren iritziz, elkarretaratzearen helburu nagusia da erasoa nola kudeatu den gaitzestea; Sorturen ustez, baina, batzuk Arrano Elkartearen eta ezker abertzalearen izenak zikintzeko baliatzen ari dira erasoa.
Eraso matxistei buruz ebazteko barne-protokoloak hamarkadak ditu, alderdiak azaldu duenez, baina iaz eguneratu dute, eta horren abiapuntua da gertaturikoaren aurrean ikuspegi zuzentzailea, biktima erdian kokatuta; izan ere, ezker abertzaleak, gizartea aldatzearen alde lan egiten duenez, pertsonak alda daitezkeela uste du.
Protokoloaren asmoa da prozeduran komunitatea tartean sartzea, eta horregatik hartu dute parte Zarauzko beste eragile batzuek ere, mugimendu feministak, bestek beste.
Zarauzko EH Bilduren oharra
Zarauzko EH Bilduk ere argitaratu du oharra, sare sozialen bidez. Testuan, Sortu, EA eta Alternatiba biltzen dituen koalizioak eraso sexista salatu du, babesa eta elkartasuna agertu dizkio biktimari, eta iragarri du lanean jarraituko duela, orain arte bezala, herrian erasorik egon ez dadin. Horrez gain, osteguneko elkarretaratzearekin bat egingo du Zarauzko EH Bilduk.
Zarauzko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, aho batez, erasoa salatzeko, eta protokoloa abiatu du, biktimari laguntza psikologikoa, juridikoa eta ekonomikoa eskaintzeko, behar baditu.
EAJk eta PSE-EEk zuzentzen duten udalaren esanetan, herritar guztiek dituzte eskubide berdinak, eta, horregatik, emakumeen aurkako edozein indarkeria desagerrarazteko lanean ari da, bai eta errespetua eta elkarbizitza udalerrian bermatzeko ere.
Udalak ere bat egin du osteguneko elkarretaratzearekin.
Zure interesekoa izan daiteke
Tolosako inauterietan bigantxak izango dira azkenean
Gipuzkoako Aldundiak behin behinean baimendu ditu inauterietan bigantxekin egiten diren ekitaldiak eta sokamuturra. Abenduan, Frantzian kasuek gora egin ostean erabaki zuten Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak abelburuen mugikortasuna mugatzea eta behi erakusketak, idi probak eta sokamuturra bezalakoak debekatzen zituen agindua.
Iaz 80 pertsonak jaso zuten eutanasia EAEn, aurreko urtean baino % 62k gehiagok
Eutanasia eskaerak 120 izan ziren, eta aurreko urtean, 74.
EAEko ikastetxeetan aurrematrikula egiteko gida
Gaurtik otsailaren 13ra arte egin ahal izango da aurrematrikula online zein aurrez aurre, eta hemen jaso dugu jakin beharreko informazio guztia.
EH Bilduk iraungitako txertoen inguruan egindako ohartarazpena "sobera" zegoen, Osasun Sailaren ustez
Lore Bilbao Osakidetzaren zuzendari nagusiak ETB1eko "Egun On" saioan azaldu duenez, familiei "mezu argi bat" helarazi nahi zieten, eta, horretarako, txostenak eskatu zituzten. Horien zain zeudenean egin zuen EH Bilduk eman zuen auziaren berri. "10 egun lehenagotik baldin bazekiten, zergatik ez zuten ezer egin? Kasu honetan guk bagenekien, baina zer gertatuko litzateke jakin izan ez bagenu?", galdetu du.
Jaiotza kopurua % 0,1 jaitsi da berriro Euskadin, bi hiruhilekotan gora egin ondoren
Lurraldeka, urtebetean % 3,2ko hazkundea izan zen Araban, 547 jaiotzarekin; Bizkaian % 4,7 jaitsi ziren, 1.616 jaiotzarekin; eta Gipuzkoan % 5,5 igo ziren, 1.129 jaiotzarekin.
Bikotekidea hiltzea egotzita atxilotutako emakumea espetxera bidaltzeko agindu du epaileak
55 urteko emakumeak Basurtuko Ospitalean jarraitzen du eta sendagiria jasotzen duenean eramango dute espetxera.
Osakidetzak gaur amaituko du iraungitako hexabalente-dosia jaso zuten 30 pertsonak berriz txertatzen
Gainera, Euskal Osasun Zerbitzuak aste honetan deituko die tetrabalentearen eta hirukoitz birikoaren iraungitako txertoak jaso dituztela uste den 78 pertsonei.
Santurtzi eta Barakaldo arteko aldirietako tren-zerbitzua eten dute, matxura baten ondorioz
Santurtzitik Barakaldorako joan-etorrian dabiltzan tren guztiek Desertu-Barakaldo geltokitik hasi eta amaituko dute ibilbidea, eta erabiltzaileek autobus zerbitzua izango dute helmugara iristeko.
Ostalaritza Eskola izango da Gipuzkoan, 2027tik aurrera
Euskadiko laugarren ostalaritza-eskola izango litzateke, Leioa, Galdakao eta Gamarrako eskolekin batera. Hezkuntza Saila Donostiako Udalarekin lanean ari non kokatu ebazteko.
Gutxienez bi kilometroko auto-ilarak N-1 errepidean, Andoainen, kamioi bat matxuratu baita
Kamioi bat matxuratu da, eta eragina izan du N-1eko trafikoan, Gasteizerako noranzkoan, eta, ondorioz, zirkulazioa motela izaten ari da lehen orduan.