EUSKARALDIA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Illaro: "Euskaraldiak gizartera ilusioa zabaltzeko balio behar du"

Gaur amaituko da "arigune" gisa Euskaraldian izena emateko epea. Euskal Herri osoko milaka elkarte eta erakunde publiko batu dira, jada, ekimenera.
Arrate Illaro, Euskaraldia
Arrate Illaro, Euskaraldia ekimeneko koordinatzailea.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean talde egiturek duten garrantzian begirada jarrita egingo da aurten Euskaraldia, azaroaren 20tik abenduaren 4ra.  Helburua, ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea, eta, horretarako, orain bi urte bezala, ariketaren oinarrian herritarrak egongo dira, "ahobizi" edo "belarriprest" rolean. Aurten baina, "ariguneak" izeneko gune kolektiboek ardaztuko dute dinamika.

COVID-19aren pandemiak hizkuntzaren gaia ere bete betean astindu duen honetan, milaka elkarte, enpresa eta erakunde publiko batu dira ekimenera, eta antolatzaileak baikor agertu dira, "euskaratik ilusioa zabaldu" nahi dutelako gizartera. "2018an irekitako bideari jarraipena" ematea dute xede,  eta Euskal Herri osoko elkarteek eta erakundeek agertu dute, jada, horretarako konpromisoa. Herri batzordeak ere martxan dira, eta, lehen edizioak utzitako eskarmentutik tiraka,  guztien lana koordinatzen eta saretzen Arrate Illaro (Getxo, 1989) ari da, lan-talde zabal batekin batera.

"Orain bi urte abiatutako hizkuntza ohituren aldaketaren dinamikak jarraipena behar zuen. "Ahobizi" eta "belarriprest" rolei gizartean eutsi nahi diegu, eta kide berriengana heldu. Pandemiak guztion egoera goitik behera aldatu badu ere, hizkuntzaren gaiak balio behar digu ohituren inguruko gogoeta egiteko ez ezik, jendearengan ilusioa piztu eta aurrera egiteko", esan du Illarok.

Gune kolektiboak

Bigarren edizio honetan, Euskaraldian parte hartzeko bi modu egongo dira;  batetik, "ariguneak" sortuko dira, eta herritarrek "ahobizi" eta "belarriprest" moduan parte hartuko badute ere, modu kolektiboan egingo dute ariketa. "Arigune" horietan egon ezin dutenek, berriz, norbanako moduan har dezakete parte.

Talde bateko arduradunak ez badu parte hartzen eta erraztasunik ez badu ematen, ez da posible ariketa ondo egitea.

Hizkuntza ohituretan "taldearen dinamikak" duen garrantzia "oso esanguratsua" dela nabarmendu du Euskaraldiko koordinatzaileak. Aurreko edizioan  identifikatutako  "zailtasunen" artean, besteak beste, egituratutako taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzea jaso zuten. Hortik, euskaraz aritzeko espazio kolektiboak aktibatzeko premia.

"Arigune" kontzeptua "oso malgua" dela nabarmendu du Illarok. Bi dira bete beharreko baldintzak: "batetik, entitateko edo taldeko arduradunak ekimenean parte hartzeko konpromisoa agertu behar du. Azken batean, talde bateko arduradunak ez badu parte hartzen eta erraztasunik ez badu ematen, ez da posible ariketa ondo egitea. Horregatik, arduradunek erabaki behar dute Euskaraldian parte hartzea eta "arigunea" osatzeko bidea irekitzea.  Bestetik, ariguneak osatuko dituzten kideek prest egon behar dute hizkuntza ohiturak aldatu, eta "ahobizi" edo "belarriprest" rolak hartzeko. Arduradunen egitekoa da ariketan parte hartu nahi dutenen bidea errazteko baliabideak jartzea",  gaineratu du.

Bi eratarako guneak eratuko dira:  "barne ariguneak", kolektibo bateko kide direnen arteko "harreman espazioak", eta "kanpo ariguneak", entitate batek kanpoko herritarrekin eraikita duen "sarea": "Azken talde horretan leudeke, adibidez, erakunde publiko bateko harrera-gunea edota saltoki bateko ordainlekua".  

Gaur, irailak 27,amaituko da "arigune" gisa Euskaraldian izena emateko epea, eta, aste honen erdian egindako zenbaketaren arabera, 13.000 erakunde eta elkarte baino gehiagok eman dute izena, jada. Halakoetan ohi denez, azken egunotan izen-emate zaparrada espero dute.   

Eusko Jaurlaritzaren eta Aldundien menpe dauden erakundeetan eta udaletan ere ehunka "arigune" aktibatuko dituzte.

"Ahobizi" eta "belarriprest" gisa, norbanako gisa, izena emateko epea, berriz, ostegunetik dago zabalik, eta orain bi urteko datuetara iristea dute helburu. 225.000 herritarrek eman zuten izena lehendabiziko Euskaraldian.

Pandemiaren erdian, "ilusioa"

Bizimodua goitik behera aldatu duen COVID-19 birusak euskarari ere eragin dio, ertz askotatik. Euskaraldiaren ekimenari dagokionez, esaterako,  pandemiak "zailtasun handiak" eragin ditu taldeen aktibazioan. "Erakunde askok zailtasun handiak dituzte, orain, gaiari heltzeko. Tokian tokiko herri batzordeek ere, zailtasunak dituzte taldeetara iristeko", esan du.  

Halere,  Illaron esanetan, "benetan txalogarria da hainbat erakundek eta enpresek pandemia garai betean euskararen aldeko ekimen honetara batzeko egin duten ikaragarrizko ahalegina".

Herritarren "ilusioak eta lanerako gogoak" argi erakusten du  badagoela euskara erdigunean jartzea nahi duen "oinarri sendo bat", eta "horri helduta egingo dugu aurrera".

Pandemiak  "euskaraz bizitzeko urratsak ematen jarraitzeko premia areagotu" duela ere adierazi du Illarok. Sortu den egoera berri hau "hizkuntza ohituren inguruko aurrera begirako gogoeta egiteko" aprobetxatu nahi dute Euskaraldiko arduradunek, "ilusioa pizteko aitzakia" izan daitekeela uste baitute.

BIDEOA: Euskaraldiaren bigarren edizioaren bideoklipa:

18:00 - 20:00

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz

Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.

Ekain Perrino, elkarrizketa EiTBn
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"

Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X