Alarma-egoeraren amaiera
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Revillak Euskadiko murrizketen inguruko "gaizki-ulertua" deitoratu du

Kantabriako presidenteak adierazi du gaizki ulertu zuela Euskadin alarma egoera amaitzen denean indarrean sartuko den dekretuaren inguruan lehendakariarekin egindako mezu trukea.
18:00 - 20:00
Iñigo Urkullu: ''Ez dut Kantabriako presidentearekin hitz egin''

Miguel Angel Revilla Kantabriako presidenteak argitu duenez, datorren igandean alarma egoera amaitzen denetik Euskadin egon daitezkeen murrizketen inguruan egindako adierazpenak Iñigo Urkullu lehendakariarekin mezuak trukatu ostean egin zituen, eta deitoratu du bere hitzek "gaizki-ulertua" eragin izana.

Revillak azaldu duenez, prentsaurreko batean eta kazetarien galderei erantzunez egindako adierazpenetan, Urkulluk baieztatu zion Euskadik bere itxiera perimetrala maiatzaren 9tik aurrera mantenduko zuela, alarma egoera amaitzen denean, eta lehendakariak berak egindako adierazpen publiko batzuk interpretatu besterik ez zituela egin, atzo goizeko lehen orduan Whatsapp bidez bidali baitzizkion.

Adierazpen horietan, Urkulluk esaten zuen aste honetan zehar dekretu bat onartuko duela eta alarma egoera amaitzen denean sartuko dela indarrean, "lau, bost edo sei asteko murrizketei eusteko asmoz".

Kantabriako Gobernuak ohar batean adierazi duenez, hitz horiek eta alarma egoera luzatzeko eskaerak eragin zuten Revillaren balorazioa, baina, zehaztu dutenez, elkarrizketa telefonia mugikorreko mezuen bidez egin zen, eta, beraz, ez du baztertzen lehendakariaren asmoa "gaizki ulertu" izana.

Gaur, Iñigo Urkullu lehendakariak ukatu egin du Miguel Angel Revillari maiatzaren 9tik aurrera Euskadi perimetralki ixteko asmoa duela esan izana, Kantabriako presidenteak atzo hori esan bazuen ere.

Lehendakariak esan du ez duela inolako elkarrizketarik izan Miguel Angel Revilla Kantabriako presidentearekin, Eusko Jaurlaritza maiatzaren 10erako prestatzen ari den dekretuak jaso ditzakeen neurrien inguruan.

Urkullu Revillarekin harremanetan jarri da haren hitzen berri izan ostean, eta "argitaratutako informazioarekin harrituta" agertu da.

Albistea atzo sortu zen Euskadi eta Kantabria arteko mugikortasunari buruz kazetariek Revillari egindako galderei erantzunez. Kantabriako presidenteak esan zuenez, lehendakariak baieztatu egin zion Euskadik itxiera perimetrala mantenduko zuela.

Halaber, Revillak berretsi zuen Kantabria "deskonfinatuta" geratuko dela, baina Urkulluk ohar bat bidali ziola azaldu zuen, Eusko Jaurlaritzak EAEko perimetroa itxiko zuela esanez.

Kantabriako presidenteak gaineratu zuenez, lehendakariak ohartarazi zion "arriskutsua" izan zitekeela erkidegoak irekitzea, "Euskadiren eta Kantabriaren artean egunero dauden pertsonen joan-etorriak direla eta".

Astelehenean, Eusko Jaurlaritzako buruak iragarri zuen, datorren ostiralean dekretu bat sinatuko duela, Espainiako Gobernuak alarma egoera ez luzatzeko erabakia berriro aztertu ezean, tresna juridiko hori bertan behera geratu ondoren koronabirusaren aurkako neurriak egoera berrira egokitzeko.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak errege-dekretu bat onartu zuen asteartean, alarma-egoera amaituta sor daitekeen ziurgabetasun juridikoari bide emateko. Hala, maiatzaren 10etik aurrera, erkidegoetako gobernuek Auzitegi Gorenera jo ahalko dute, tokiko auzitegiek pandemiaren aurkako murrizketaren bat bertan behera utziz gero. Horrenbestez, Gorenak izango du neurrien inguruko azken hitza.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X